Aurtengo Pirineos Sur Nazioarteko Jaialdiak ametsezko hegoalde sozial batera joateko bidaia proposatuko du gaur bertan hasita Lanuzan, Huescan (Espainia). Hala, jaialdiaren leloa En busca del sur (Hegoaldearen bila) izango da.
Juan Perrok eta Zarabandak emango hasiko dute jaialdia. Musika emanaldiak hilaren 28ra arte izango dira, eta, artisten artean, Julieta Venegas, Manu Chao, Bebe eta Muchachito Bombo Infierno izango dira, besteak beste. Kontzertuak Lanuza urtegiko ur gainean egongo den agertokian izango dira.
Juan Perrok, hispaniar kulturarekin lotura estuak dituzten afroamerikar doinuak eskainiko ditu, eta, horrekin batera, bere talde berria aurkeztuko du: Zarabanda.
Lehenengo asteburua Julieta Venegas mexikarrak eta Bonba Estereo kolonbiarrak osatuko dute, aurrekoekin batera. Mexikarrak Otra cosa diskoa aurkeztuko du larunbatean, ezagunagoak diren beste abesti batzuekin lagunduta.
Uztailaren 25ean, Manu Chaok bere musika globala eta konprometitua eskainiko du. Aste horretan, Bebe ere arituko da, eta bere azken lana aurkeztuko du, Un pokito de rocanrol izenekoa. Gaua Souad Mass aljeriarrarekin partekatuko du, Mujeres del sur (Hegoaldeko emakumeak) izeneko jardunaldian.
Azkenik, hilaren 28an, Muchachito Bombo Infiernok Pirineos Sur jaialdia amaitzeko ardura izango du, runba doinuez lagunduta.
Egitarau zabala
Horiekin guztiekin batera, publiko zabalarentzat hain ezagunak ez diren beste hainbat talde arituko dira:L. E. Flaco (Espainia); H-Kayne (Maroko); C15 (Kolonbia): Aragonian (Aragoi); Garotas Suecas (Brasil); eta Etiopiatik etorritako Ethiocolor o Munit eta Jörg.
Horrekin batera, bigarren agertoki bat egongo da Sallent de Gallego herrian jarritako karpa batean. Horretan, Los Hermanos Cubero, RaspaDeGato, Feten Feten eta Eyele arituko dira.
Ametsezko hegoalde sozialera egingo du salto Pirineos Sur jaialdiak
Juan Perro, Julieta Venegas, Manu Chao, Bebe, eta Muchachito Bombo Infierno arituko dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu