DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA

Amodioari eta ahanzturari buruzko filmak itxi du sail ofizialeko lehia

'Addicted to Love' aurkeztu du Liu Haok, gaztetan maitale izandako bi adinekoren maitasunari eta ahanzturari buruzkoa da. Urrezko Maskorra irabazteko faborito dira 'Misterios de Lisboa' eta 'Pa negre'

Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Bizitzaren bi muturrek, umezaroak eta zahartzaroak, badute antzekotasunik. Eta ahanzturak tartean sartzea erabakitzen duenean, onena adimena lantzea izaten da. «Autoak eskuinera egiten duenean, zein da birarik egiten ez duen gurpil bakarra?», galdetzen du Pop aitonak. Segundo batzuetako zalantza zantzuen ostean, zerbait bururatu zaio Li Ying amonari. «Ordezko gurpila», erantzun du. «Oso azkarra zara, Li».

Liu Haoren Addicted to Love filmak itxi du Zinemaldiko sail ofizialeko lehiaketa, maila apaleko izan dena, kritikarien ustez. Gaur banatuko den Urrezko Maskorra irabazteko hautagai nagusiak Misterios de Lisboa eta Pa negre dira, baina Liuren filmak ere harrera ona izan du.

Ezohiko maitasun istorio bat kontatzen du zuzendari txinatarrak. Pop erosketak egitetik etxera bidean doala, gaztetan maitale izandako Li Ying ikusiko du, alabarekin autoan sartzen. Hasierako enkontru hotza gorabehera, berriro ere elkartzen hasiko dira, eta horrela jakingo du Popek Li Yingek alzehimerra duela. Gaitzari aurre egiteko, ariketa batzuk egingo dituzte elkarrekin.

Filmeko sinopsiak lotura du zuzendariaren bizitzarekin. Izan ere, Liuk harreman handia izan du adineko pertsonekin. «Amonarekin bizi izan naiz 7 urte nituenetik, eta horrek asko eragin dit». Adineko gehienak «geldirik eta bazter batera begira» egoten direla iruditzen zitzaion, baina pentsatu zuen «denek ez dutela zertan berdinak izan». Horrela sortu ziren filmeko pertsonaiak.

Familia mintzagai

Familia baten egoera kontatu nahi izan du, beste ezer baino gehiago. «Familia da gauzarik garrantzitsuena, gizartearen unitate txikiena. Gizartea etengabe aldatzen da, eta horrek, noski, familian ere eragiten du. Nik, aldaketak gorabehera, familia nola dagoen islatu nahi izan dut». Horretarako, aktore ez-profesionalak erabili ditu, Chen Mo and Meiting bere lehen film luzean bezala. «Pop pertsonaiaren rola jokatzen duen gizona (Niu En Pu) militar ohia da, erretiratu ondoren gauzak saltzen zituena. Kultura du zaletasun nagusi. Li Yingena egiten duen emakumeak (Jiang Mei Hua), berriz, Tokioko eremu mugatu batean egiten zuen lan, argazki dendako saltzaile gisa. Esan daiteke ia beren benetako bizitza ari direla antzezten».

Izenburuaz galdetuta, txantxetan erantzun du Haok. «Izenburua, berez, nire hurrengo filmarena da. Izan ere, film honen txinerazko izena Lao Na da, adineko bati era maitakorrean deitzeko modua. Ingelesezko titulua jartzerakoan sortu zitzaigun auzia, eta Addicted to Love jarri genion, azken batean maitasun istorio bat kontatzen duelako. Orain, hurrengo filmarekin izango dut arazoa».

Ez izenburuagatik bakarrik, ordea, Txinako zinemagintza independentearen egoera «oso txarra» baita. «Film hau osatzeko hiru urte behar izan ditut, eta hurrengorako lau. Gizartea izugarri aldatzen ari da, eta zinema industriak zenbakiei bakarrik begiratzen die, ez filmaren kalitateari eta istorioari. Film komertzialak soilik ekoizten dira». Hala ere, «pozik» da Hao, Txinan banatzailea bilatu dutelako eta oraingoz behintzat lan berria beren herrialdean zabaltzeko aukera dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.