Ez da erakusketako piezarik deigarriena; arreta bereganatzeko ahalmen handiagoa dute esekitako praka eta gonen segizioak, zutik dagoen obalo zulatu mardulak eta aretoko ataritik lehen kolpean ikusten den aluminiozko piezak. Baina, bere txikian, Ana Laura Alaez artista bilbotarraren lan ildoak eta moduak biltzen ditu Piel de naranja lanak: crochet-ez egindako laranja azalak dira, kiribilduta, fruituaren osotasuna iradoki baina barneko hutsunea ere agerian uzten dutenak. «Nire lan egiteko modua islatzen du: umiletik, txikitik, inperfektutik, azaletik. Paul Valeryk zioen bezala: ‘azala da sakona’». Irizpide horiek zeharkatzen dute, halaber, Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik erakusketa. Artistaren 30 urteko lanak bildu dituzte Bilboko Azkuna zentroko erakusketa aretoan, eta irailaren 26ra bitarte ikusi ahal izango da.
Azkuna zentroak Madrilgo Centro de Arte Dos de Mayo espazioarekin batera antolatutako erakusketa da, eta Espainiako hiriburuan ikusgai egon zen 2019an. Izenburua eta oinarria berberak diren arren, ordea, itxura ez da bere horretan mantendu, areto bakoitzaren ezaugarri eta desberdintasunek piezen kokapena baldintzatu dutelako, batetik, eta, bestetik, Bilbon erakutsiko diren 47 piezetatik hamalau berriak direlako, Alaezen aurretiko lan batzuen berrinterpretazioak, Azkuna zentrorako propio onduak. Piel de naranja da pieza horietako bat: 1995ean sortu zuen jatorrizkoa, eta 2021ean, aldiz, erakusketa aretoan kokatua dagoena.
Bilduma «eskultura manifestu» bat dela azpimarratu du Bea Espejo komisarioak. Alaezen eskulturak tradiziotik urruntzen dira, piezen biguntasuna eta malgutasuna bilatzen duelako artistak, eta ez zurruntasuna. «Mudakorrarekiko etengabeko negoziazioa» da Alaezen lana, komisarioak azaldu duenez. «Errepikapenean oinarritutako elkarrizketa porotsu batean daude piezak. Egituren amaigabetasuna eta erresonantzien boterea azpimarratzen ditu erakusketak». Ildo horretatik, «ondorio itxirik gabeko» lana aldarrikatzen du artistak, inoiz biribiltzen ez diren piezak: «30 urtetako materialarekin aritzeak ahalbidetzen du malguagoa izatea, eskultorikoagoa».
Kronologiatik aldentzea
Bildumak 30 urteko lanak biltzen ditu, baina pieza guztiak elkarrekin nahasi, eta elkarri eragiten diote, eta hori izan da artistaren xedea. Dioenez, ez du izan kronologia bat eratzeko intentziorik, «elkarrizketa berri bat» egitekoa baizik «zalantza» eragiten zioten piezen artean. Hala, 1990. hamarkadan ondutako bi eskultura, Pantalón preservativo eta Culito, hiesaren pandemiari erreferentzia egiten diotenak, egungo koronabirusaren pandemiara ere aplika daitezke, komisarioaren iritziz. Lehena latexarekin egindako praka bat da, eta bigarrena, harrizko ipurdi bat, zuloan kortxo bat sartua duena. «Tapatzea, birusa sartu ez dadin»: hala interpretatzen ditu Espejok piezok.
Halaber, gai atenporala da emakumearena, eta hura hizpide duten hainbat lan ere batu dituzte Azkuna zentroko bilduman. Aretoko ataritik lehen begi kolpean ikus daitekeen obrak, Trayectoria piezak, andreez dihardu, besteak beste. Estruktura horizontal bat da, zintzilik dauden aluminiozko zati plegatuez osatutakoa. «Gorpuzdun elementuak dira, baina gorputz absente bat da. Inplizituki du genitalitate femeninoaren ideia: ikusezina, plegua, ezkutukoa», dio Alaezek. Halaber, ispiluak eta gillotina izan daitezkeela dio artistak.
Bestalde, kontrako indarrak islatzen dituzte Cortina eta El conflicto es otro eskulturek. Alaezen artea blaitu duen ideietako beste bat, artistak dioenez. Zaurgarritasuna eta indarra, handia eta txikia... «pultsu batean» dauden elementuak direla dio. Cortina 1990. hamarkadan ondutako pieza da, eta El conflicto es otro, 2018an; biak elkarrekin daude zintzilik, mardul, bata bestearen ifrentzua balitz bezala. «Gainjarritako bi pieza dira, denboran ere bai. Errepikapenaz hitz egiten dute, baita perforazioaz ere; denbora tunela da», dio Alaezek.
Gaua lehengai
Erakusketaren titulua piezetako baten izenburutik hartu du artistak. Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío instalazioak aluminiozko habe batzuk ditu erdialdean, eta, horien inguruan, kamiseta beltz sorta bat, lurrean zabalduta. Izenak pluraltasuna iradokitzen du aurrena, Espejoren arabera, «guztiak» horren aipamenarekin. Kontzertuei dagokienez, horiek bukatutakoan geratzen denari erreparatu dio komisarioak: «Zalapartaren ideia: zer gertatzen da musika hori guztia bukatzen denean?». Eta, azkenik, gaua. «Gaueko munduak festa gogorarazten du», dio Alaezek: «Baina, niretzat, gaua beste material mota bat da: bizipenaren inpaktua, eskultura batean formalizatua». Artistaren sorkuntza prozesura orokortu du azalpena Espejok: «Emozioetan, gauza immaterialetan bilatzen du lan egiteko materiala».
Erakusketa dokumentazio gune batekin biribildu dute: aretoaren sarreran kokatu dute, eta Alaezen erakusketa batzuen maketak eta eskultura batzuen bozetoak eta moldeak bildu dituzte, besteak beste. Era berean, argazkiak eta pieza txikiago batzuk ere jarri dituzte ikusgai espazio horretan, artistaren erreferenteen erakusgarri, hein batean. «Alaezen unibertsoa oso erreferentziala da. Kutsatuta dago modaz, musikaz eta kultura popularraz», dio komisarioak.