ANALISIA. ANALISIA

DONOSTIAKO NAZIOARTEKO 54. ZINEMALDIA. SARI BANAKETA. Adostasunaren inkultura

Gontzal Agote.
2006ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Senitarteko bazkarietan berdintsu gertatzen da. Lasaitasun eta giro onaren izenean, kontu «egokiak» izaten dira mintzagai: Alavesen gorabeherak, ospetsuen gaitzak, Felisa amonaren aspaldiko xelebrekeriak... Eztabaida sortzen ahal duen edozer --erlijioa, sexua eta politika, bereziki--, tabua da mahai inguruan eta soilik bazkalostekoetan talde txikiagoetan komentatuko da Iñaki osabak Kubara egindako azken bidaia.

Telebistako big brother guztien aitzindari, epaimahai batek jatorri, adin eta pentsaera oso diferenteko pertsonak elkartzen ditu hamar egunez. Horien esku dago epaitzearen lan konplikatua, haien erabakiaren arabera batek saria jasoko du, besteari lapurtuko diote. Imajinatu bilera horiek nolakoak izanen diren, luzeak, nekosoak, aspergarriak. Baina hemen ez dago nominatzerik, denen artean elkar ulertu behar.

Film onek normalean muturreko joerak eragin ohi dituzte, aldekotasun handia baita aurkari amorratuak ere. Betidanik, pelikula on bat pasio eta eztabaidaren sin­onimoa izan da. Eta, adibide bat jartzearren, nork egin behar dio kontra Nobel saria duen 85 urteko jaun bati? Azkenean, senitarteko bazkarietan bezala, adostasunaren kultura nagusitu ohi da zinemaldietako palmaresetan. Eta hori pasio berezirik eragin ez duten film horien mesederako izaten da. Sendabide zaila duen gaitza.

Iaz baino askoz maila hobea eman duen aurtengo sail ofizialean ez zegoen faborito argirik, pelikula talde bat nahiko paretsu zegoen. Tropel horretan, baina atzeko aldean zegoen Bahman Gobadiren Niwemang. Eta hortik kanpo zegoen, kritikari gehienen gustukoa izan ez zelako, Martial Fougeronen film luzea, Mon fils à moi. Baina kontsentsuaren izenean bi film horiek eskuratu dute aurtengo Maskorra, bigarren mailako zinemaldi bateko palmares tristea osatuz.

Gainerakoan sorpresa gutxi. DiCillori esan diote zuzendari onena izan dela eta gidoi onena idatzi duela, baina dirudienez bere pelikula ez da «adostasunezkoa» izan, ziurrenik ez zaielako sobera intelektuala iruditu. Nathalie Bayerentzat izan da saririk argiena; Juan Diegok jasotakoa, berriz, Donostiak zinema espainiarrarekiko duen morrontzaren barruan ulertu behar da. Horretan ere, sorpresarik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.