Artea. Begiz

Bi eskultura

Ismael Manterola
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoan dagoen Kaosa eta klasizismoa: artea Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian 1918-1936 erakusketan Georg Kolbe eskultore alemanaren bi artelan ikus daitezke.

Biak giza irudiak dira, eta tamaina handikoak. Hala ere, biak testuinguru oso desberdinean sailkatuta daude erakusketaren ibilbidearen barruan. Lehendabizikoa nazismoak arte klasikoaren erabilpen interesatua erakusteko dago, eta bigarrena Weimarko errepublikaren aginduz Mies van der Rohe arkitektoak Bartzelonan eraiki zuen pabiloiaren testuinguruan.

Harrigarria iruditu zitzaidan artista beraren bi lan hain testuinguru ideologiko desberdinetan ikustea. 1929an Bartzelonan nazioarteko erakusketa bat antolatu zen, eta Espainiako pabiloi ofizial neobarrokoekin alderatuta, Alemaniako Weimarko errepublikak nazioarteko estilo abangoardistako eraikuntza aurkeztu zuen, modernitatearen eta aurrerazaletasunaren ikur moduan.

Bauhauseko eskolari lotuta zegoen Mies van der Rohe arkitektoak eraikuntza garbia eta arrazionalista diseinatu zuen, eta berak diseinatutako aulkiz eta besaulkiz gainera, Kolberen eskultura beste apaingarririk ez zegoen. Kolberen eskulturak Der Morgen izena zuen, hau da Goiza, eta esnatzeko keinua edo nagiak kentzera doan emakume baten igeltsuzko eskultura zen. Erakusketa bukatu zenean eskultura suntsitu zuten, eta gaur egun ikusten ditugunak kopia modernoak dira.

Erakusketako beste eskulturak, berriz, Borrokalari gaztea edo Soldadu gaztea izenburua darama, eta 1935. urtean egindakoa da. Mutil gazte baten gorputz biluziak ondo irudikatzen ditu Hitlerrek Alemanian ezarritako balore edo ideal berriak. Naziek gorputzaren perfekzioari eta borrokari egiten zioten gurtza Kolberen gazte arioaren eskultura erraldoian ondo adierazita dago. Guggenheimeko erakusketan parean duen Lenni Riffenstalek Municheko olinpiadei eskainitako filmetik irtendako kirolaria izan zitekeen.

Artistak berak egindako bi eskultura forma aldetik aztertuta ez dira oso ezberdinak. Emakumearena bat, gizasemearena bestea, garai hartako ideal baten eta giza gorputzaren gaineko interesaren adierazle dira. Baina bien arteko denbora distantzia txikia izan arren, ondo uler daiteke sei urte horietan Europan zabaltzen ari zen lubakia. 20ko hamarkadan ideologikoki neutral samarrak ziren hainbat jarrera intelektual, artearena barne, edukiz bete ziren 30eko hamarkadan. Giza gorputzak forma adierazteko zuen ahalmen analitikoari, supergizonaren ideal totalitarioa eta erasokorra gehitu zitzaizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.