Artea. Begiz

Erreferentziak

Ismael Manterola
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Korrika Kulturalaren barruan Sekula bai antzerki lana ikusten ari nintzela, euskaldunen gizarte eta kultura erreferentziei buruz pentsatzen jardun nuen. Belen Estebanen izena saihestezina bada, pentsatu nuen, gutxienez umore kritikoago batekin aurkeztea eskatuko nuke euskaldun ikus-entzule edo euskal kulturaren produktu kontsumitzaile gisa.

Antzeko burutazioak izan ditut aste honetan Arco Madrilgo Arte Garaikideko Azoka dela eta. Euskal komunikabideek Arcori buruz hitz egin behar al dute? Hala bada, zein tarte eskaini behar diote? Nola hitz egin behar dugu Hego Euskal Herriko arte galerientzat hain inportantea den arte gertaerari buruz?

Arte garaikidearekin lan egiten duten Hego Euskal Herriko galerientzat Madrilera joatea ezinbestekoa da, gure artean merkatua ahula delako eta herrialde benetan autonomo moduan ezin dugulako bizi. Beraz, Arcok Euskal Herriko arte merkatuarentzat garrantzia badu, erreferentzia da eta azokari buruz hitz egin beharko dugu.

Herri txikia garen heinean zaila da aldamenean, edo gainean hobeto esanda, tokatu zaizkigun bi estatuek sortzen dituzten erreferentzia kulturalei aurre egitea, nahiz eta sarritan kultura lanak eskasak edo txarrak izan.

Agian inork pentsa dezake azken 30 urteetan sortutako kultura politikak eta azpiegiturak Euskal Herrian egiten den kultura sortzeko eta esportatzeko baliagarria izan daitezkeela. Adibide moduan gure artean daukagun arte garaikideko museo handiena eta garestiena jarri daiteke.

Guggenheim Museoak 2009an bildumako katalogo mardula argitaratu zuen. Artelan bakoitzaren argazkiaren ondoan aditu baten testua dago, baina aditu horietako bat bera ere ez da Euskal Herriko unibertsitate bateko arte irakaslea, Euskal Herrian lan egiten duen arte kritikoa edo artista (bat izan ezik). Ez da bertakoa izan behar Rothko, Basquiat, Kiefer edo Tapiesi buruz idazteko; ezta Ibon Aranberri, Txomin Badiola, Maider Lopez edo Abi Lazkozi buruz idazteko ere; polita izango litzateke kanpokoek hemengo artistei buruz idaztea eta hemengoek kanpoko artistei buruz, baina bertan lan egiten dutenek aukerarik ez izatea landu dituzten artistei buruz idazteko, penagarria iruditzen zait. Azkenean Bilboko Guggenheimen aukera izen handien aldekoa izan da, batez ere Madrilgo adituen aldekoa. Bestela ezin da ulertu sarrera Francisco Calvo Serrallerrek idaztea eta Juan Luis Morazaren fitxa Estrella de Diegok sinatzea edo Sergio Prego eta Juan Perez Agirregoikoarenak Rosa Martinezek idatzita egotea, Pregori, Perezi eta Morazari buruz hemen inork inoiz idatzi ez balu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.