Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Etengabeko itzulera

2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Alexander Klugeren zikloa antolatu dute Zinematekako arduradunek. Alemaniarra zinema modernoaren ordezkari garrantzitsua da, baina ez da Wenders eta Herzog bezain ezaguna.

David Bordwell eta Kristin Thompson senar-emazteen arabera, zinema klasikoa eta modernoa kronologikoki bereiz daitezke; zinemaren historia kausa-ondorio logikaren bitartez azaldu ohi da. Arte zinematografikoa testuliburu ospetsuaren egileen aburuz, zinema klasikoa 1930etik 60ko hamarkadara arte ia aldaketarik gabe iraun zuen corpusa litzateke. Berrikuntzek ez zuten paradigma klasikoa zalantzan jartzen, indartu egiten zuten. Benjaminen ustez, historia ez da lineala, hasiera edo tradizioarekiko haustura itzulera gisa uler baitaiteke; hau da, iragana etengabe berreskuratu eta berrinterpretatzeko joera nagusitzen da aro guztietan. Malenkoniaren eraginez, denboran atzera egiten da galdutako zera horren bila, eta tradizioaren hondakinen gainean eraikitzen da mundu berria. Etengabeko itzulera historiaren funtsezko ezaugarria litzateke. Carlos Losilla La invención de la modernidad saiakeraren egilearen esanetan, zinema klasiko eta modernoaren arteko bereizketa ez litzateke guztiz egokia izango. Zinemaren historia tradizionala lineala da, eta klasizismoaren ondoren modernitatea dator. Baina Losilla ez dator bat Bordwell eta Thompsonen tesiarekin. Bien arteko elkarreragina kontuan hartu beharko litzateke. Joera eta mugimendu ezberdinak gurutzatu eta eraldatu egiten dira etengabe, beraz, ezinezkoa litzateke klasizismoa eta modernitatea hain erraz bereizi ahal izatea. Zinema modernoa tradizioarekiko haustura bat kontsideratu izan da, baina, Losillaren arabera, haustura hori ez da existitzen. Hollywoodeko maisu handien zinemaren jarraipen gisa uler daiteke zinema modernoa. Ray, Fuller eta Aldrich gisako egileek paradigma klasikoa barnetik suntsitu gura zuten, eta gazteek iraultza horri jarraipena eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.