begona del teso
Eppur si muove

Ezin txarragoak ikustearen delirio delizios hori

2024ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun

Latinoamerikako hainbat herrialdetako mintzo gaztelaniazkoan «gozamena» «gozadera» esaten da. Ez esan hitz polita ez denik. Indar handikoa, «gozamena» bera nola: «go-za-de-ra». Badu ezkutuan (agerian ere, ez duzue uste?) zerbait debekuarena, bekatutik… «go-za-de-ra». Izan ere, herrialde horietan, txortan egiteari «jodedera» esaten zaio… Ez al diezue ikusten hitz biei (hirurei…) antz kasik totala? «Gozadera-gozamena-jodedera».

Hego/Andrazko Haizea bezain arriskutsua den eldarnioak jotzen gaituenean, sukar-ametsak biltzen gaituenean, gure burua hain goi mailakotzat hartzen dugun zinemazale/amateur/miresle/adoratzaile/zerbitzari leialonok bulimia atake batek jotako zinemajale/autofagoak bilakatzen gara. Derrepentean. Inolako abisurik edo aurre-sintomarik gabe. Boteprontoan ahazten zaigu zeinen gustuko ditugun suedieraz hitz egindako film suediarrak, zeinetan azala hotz-hotza izan arren, erraiak dauden suak harturik, zeinetan ezin baitzara inorekin (are gutxiago egilearekin ere) fio.

Zinema-bulimia atakearen eraginpean, ezin bereizi zaborra altxorretik. Eta, oraindik, txiripaz edo, desberdintzeko gauza bagara ere, sindromeak jota, zaborraren aldeko hautua egiten dugu kontent asko, momentuz sano eta salbu daudenen harridurarako.

Zeluloide bulimia, bai. Zinema irensteko desira kontrolik gabea. Zinema litxarreroaz ari natzaizue, jakina asko eta ez Donostiako Zinemaldian, Bilboko Zinebin edo Miarritzeko jaialdi latinoamerikarrean ikusgai izan ohi diren inork, zuk izan ezik, balioesten dakizkien harribitxi horiez, Industanetik edo Azerbaijandik iritsiez.

Ez. Osasunaren Mundu Erakundeak oraino behar den moduan aztertu ez duen gaitz honek ez du eragiten zinema onaz asetzeko grina menderaezina. Ez. Kontrakoa, hain zuzen ere. Zinemazale/amateur/miresle/maitale/ adoratzaile/esklaboa, Lars von Trierren zinemagintza osoa buruz eta begiez dakienak, Hong Sang-sooren pelikula guztien aurrean belauniko jarri ohi zen berak, zonbi parekorik ematen du. Zeluloidezko mokadurik gozoenak, fotogramaz kozinaturiko Haute Cuisine-ko jaki guztiek nazka ematen diotela esango luke begiak zabal-zabalik berari so egongo litzatekeen inork.

Zonbia esan dugu, bai. Orokorrean, denok onartzen dugu banpiroak azpimunduko izakirik elegante-eleganteenak direla. Gustu onekoak izanik, urtaldirik onenetako odola baino ez dute edaten. Aitzitik, zonbiek ez dute erakusten gizartean modu onean aritzeko ez jarrera, ez joera, ez janzkera ez ibilerarik. Are, jan gauzetan sartzen bagara, edozer tragatzen dute. Esan, esaten da burmuinak (gozoak dira gero!) dituztela gutizia, baina tripak jaten ikusi ohi ditugu, gordinean, gatzez eta piperrez ondu barik…

Maiz, film txar bat baino hoberik ez da zinemari egin zenion maitasun eternaleko botoa zaharberritu ahal izateko. Zinez diotsuet. Benetan esaten dizuet zertaz ari naizen ederki dakidala. Ikusi berri baitut hamarkada honetako filmik txarrena izan daitekeena. (...) Borderlands filmaz ari naiz

Ba kontu bera oraindik izenik ere ez duen Gaitzak (maiuskulaz) zinema maite-maite duen hori harrapatzen duenean, dotorezia osoa galtzen du biktimak. Boli Kostako zinema eztabaidatzen zenbat ordu eman zituen behin ez da akordatzen. Aretoan sartzerakoan destainaz begiratzen dio jatorrizko bertsioa iragartzen duen afixari eta korrika doa krispetak eta freskagarriak saltzen diren lekura. Kilo erdiko kartoizko ontzia eta litro erdiko botila erosten ditu eta inolako erru sentimendurik gabe, denon begi bistan, denon aurrean, gaixo ez balitz sekula santan sartuko ez zen areto batean murgiltzen da, non krispeten usainak aire-gozagarriarena estaltzen duen, non gazte kuadrillen algarak pelikularen soinua baino altuagoak diren.

Esan, baten batek zainketa aringarriak beharko lituzkeela esango luke serio eta zorrotz, erremediorik ez bide du eta.

Ez naiz iritzi berekoa. Ez dut ukatzen zinema osasun egoera terminalean ez denik, ez dut ukatzen zinema litxarrerorantz bultzatzen zaituen sindrome hori beldurgarri ez denik (korona baino izugarriagoa), baina utz dezagun orain arte kalitate goreneko zinemaren esklabo fidela zen hori bere gozamen-gozadera-jodedera une horretan! Maiz, film txar bat baino hoberik ez da zinemari egin zenion maitasun eternaleko botoa zaharberritu ahal izateko. Zinez diotsuet. Benetan esaten dizuet zertaz ari naizen ederki dakidala. Ikusi berri baitut hamarkada honetako filmik txarrena izan daitekeena. Txarrena, bai, nahiz eta 115 milioi dolar kostatu, nahiz eta bi zuzendari eduki, nahiz eta Cate Blanchett bera, Jamie Lee Curtis bera eta Jack Black bera izan bertan.

Borderlands filmaz ari naiz. Hasiera-hasieratik hain da traketsa, ezen nahita ez ote duten egin galdetzen diozun zeure buruari. Segituan konturatzen zara ezetz. Serio aritu dira. Konturatu gabe aurtengo filmik trauskilena egiten ari zirenik…

Baina ez dio inporta. Baldarkeriaz baldarkeria jarraitu zuten hondoa (eta pisu bat beherago) jo arte. Zelako gozamen-gozadera-jodedera ikusle harrituarena!

Ez, ez zen egoera terminalean. Bizirik baizik, poz kulpante-sano batez blai. Zonbi zoriontsu halakoa!

'BORDERLANDS'
'Borderlands' filmeko aktoreak, ezkerretik eskuinera: Kevin Hart, Cate Blanchett, Jamie Lee Curtis, Ariana Greenblatt eta Florian Munteanu. KATALIN VERMES / EFE / COURTESY OF LIONSGATE / DIAMOND FILMS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.