Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

HerritarraZero

2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Citizenfour dokumentala ikusten ari naiz, Oscar sariaren irabazlea. Suspensezko thriller indartsu hori Edward Snowdenek historiako zapalketa-aparaturik handienaren kontra abiatutako borrokaren istorioa da. Snowden ausartak AEBen gobernua, herritarren pribatutasuna urratuz, eskubide zibilak bortxatzen ari dela filtratu zien hedabideei, bere burua nabarmenduz

Pelikula interesgarria da; berba asko egiten dute. Dokumentu baliotsua dirudi, baina—nahiz eta kontrol faxisten sistemak gorrotatu— dokumentala ez zait asaldatzen ari. Nola egingo du, bada, aspaldiko kontua da-eta. Denok dakigu nola errespetatzen diren eskubide zibilak Euskal Herrian. Kasurako, Euskaldunon Egunkaria. Gainera, laster, Espainiako Kongresuak isilarazteko legea deritzoguna onartuko du.

Citizenfour ni hunkitu nahian dabil, baina nekez lortuko du. Batetik, ezinezkoa delako gobernuek denok zelatatzea; eta, bestetik, gure tontakeriak bost axola zaizkielako. Lasai nago: ez naiz—momentuz— talde terrorista bateko kidea, nire sexu perbertsioak legezkoak omen dira, eta nire bizioak zeharo arruntak. Espioiak asperduraz hilko nituzke.

Ez-dakit-nolako pribatutasuna galdegiten ari garen bitartean, Andreas Lubitzen sintoma klinikoak jakin nahi ditugu. Gure artean bizi diren jihadistak desestali, Rajoy eta Barcenasen arteko SMS-ak irakurri, eta ostutako argazkietan Scarlett Johanssonen popa filtrorik gabe ikusi.

Garai exhibizionista honetan, ziur gehiago amorratuko ginatekeela erakuskeria eskubidea mugatuko baligute. Sare sozialetan urrats guztiak zabaltzen ditugu: norekin gauden, non, noiz, zertan, zelan... Argazki eta bideoak jartzen ditugu, Facebookek eskubideak bere egingo dituela jakinda.

Hara, telefono dei batek eten dit Citizenfour-en ikusketa. Norbaitek nire azken bideoklipa filtratu omen die MTVkoei, singlea esklusiban estreinatzeko astebete falta denean. Diskoetxekoek niri leporatu didate. Bai zera. Une honetan telefonoz ari naiz MTVkoekin. Badirudi AEBetako zerbitzari batek hedabideei automatikoki filtratu diela. Auskalo. Orain beranduegi da, kaltea egina dago.

Gauza bakarra dut argi: George Orwell oker zegoen. Big Brother gu zelatatzen ari da, baina kamerak, kamerak guk erosi ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.