XABIER LETEREN HERIOTZEAN. IRITZIA

Kantatzea estrainoa zitzaion kantaria

Pako Aristi
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hitz horiekin deskribatu zidan bere egoera Ez Dok Amairuren baitan, poeta eta letragile bezala sartu eta lehen aldiz, Seguran, 1966an eszenario batera igo zenean. «Oso gauza estrainoa izan zen niretzat kantuan hastea».

Garai hartan Pasaiako Bianchi Ibarrondo enpresan egiten zuen lan, eta inongo prestakuntza musikalik ez izateaz at, trauma latza zeukan musikarekin. 10 urterekin, familiak Xabier txikia tiple izatea nahi zuen eta korura eraman zuen, baina Oiartzungo organista zenak, Don Pablo Irigoienek bidali egin zuen. «Zure semeak ahots lakarra dauka eta ez du balio», esan zion amari. Halere, Letek lana utziko zuen kantagintzara dedikatzeko. Askotan norberaren konbentzimenduak gehiago balio du diploma batek baino.

Halere, badira oso ahots onak ile apaindegietako musika egiteko baino balio ez dutenak, eta ahots txarrak barruraino heltzen zaizkizunak, emozionatuz, zirrara eraginez, bizitzaren samin handiak komunikatuz. Horietakoa zen Leteren ahotsa: bere kantarik ospetsuenen bertsio ugari eginagatik ere, sarritan bere kantak asko hobetu dituztenak, hunkidura berezi bat sentitzen da kantuok Leteren ahotsean entzunda. Hor ez dago eztabaidarik: Lete beti hobea da Leteren kantak entzuteko garaian.

Burrunbatsua zen hasieran Leteren tinbrea, garaiaren ekaitz politikoari primeran lotzen zitzaiona. Gero pauso garrantzitsu bat eman zuen bere kantagintzan, Bertso zaharrak eta Txirritaren bertsoak deituriko diskoekin. Gabezia musikalak estaltzen jakin zuen, eta bere kantagintzari bertso librea baino metrika lotua hobeto zetorkiola deskubritu zuen. Hortik aurrera bertso doinuetatik oso hurbil dagoen kantagintza egin zuen. Horren froga da bertsolariek bere doinuez egin duten erabilera, abusatzerainokoa askotan. Elizetan ere, jaunartze giroan, erabiltzen dira bere melodia batzuk, letra kristauak jarrita.

Urteekin, beste kantari askoren alderantziz, ahotsa mehetu egin zitzaion, kolorea galduz; pare bat tonu jaitsi zituen. Gaixotasunaren ondorioz gorputzean falta zuen energia ez zitzaion eztarriko sokak tenplatzera iristen. Halere, sufrimendua adierazten zuten kantak transmititzera primeran ailegatzen zen.

Mundutik erretiratu egin zen, eta uste nuen kantagintza utzi egingo zuela, poesiara dedikatzeko. Baina ez. Jarraitu zuen diskoak grabatzen, eta ondare izugarria utzi zuen 200 urtez bertsotan egitasmoko diskoetan.

Bazuen kantak egiteko adur gogoangarri bat. Ez nuen ezagutu bere sortze prozesua, baina seguru nago loa galdutako gau batzuetan aztitxo batek bisitatzen zuela, bere gogor itxurako aurpegi horren atzean oso sentimentala baitzen, gozoa, maitasun behar handiko pertsona; eta horixe da, sentiberatasuna, aztiek bilatzen dutena martxan jartzen direnean.

Orain, isildu denean, ez duzue sumatzen murmurio moduko bat zuen belarrietan, egun osoan Leteren ahotsa entzungo bazenute bezala? Baina lehen kanpotik zetorkiguna, orain barruan sortzen zaigu; horixe baita kantari batek lor dezakeen garaipenik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.