Begiz. Ismael Manterola Ispizua

Kirolaren presa

2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ez nago ni Urdaibain Guggenheim Museo berria eraikitzearen alde, horretan behintzat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin ados nago. Baina aurreko astean BERRIAn argitaratu zen kirol azpiegiturei buruzko erreportajea irakurri nuenean, harrituta geratu nintzen zenbat diru gastatzen ari garen premia handirik ez duten kirol instalakuntza erraldoietan —bide batez, zorionak argitaratzen ari diren bi orriko ikerketa artikuluak direla eta—.

Badirudi krisi garaietan kultura azpiegitura luxuzko inbertsio moduan ikusten dela, nahiz eta beste lan publiko erraldoien aldean neurri bereko lupa ez erabili —adibidez, tren azkarraren proiektuan—. Hezkuntzan «inbertitze» hitza erabiltzen da enpresa batek langile kualifikatuak behar dituen momentutik aurrera; baina gizarte laguntzetan bezala, kulturan gastatu egiten da. Kultura denbora-pasa edo luxuzko gehigarri moduan ikusten dugu, ez gizakiaren garapen oso baterako beharrezko ezagupen moduan.

Hain zuzen, kulturak askatasuna eta izaera kritikoa emateko duen gaitasunean dago arriskua, eta, horregatik, politikariek denbora-pasa huts eta alienatzaileen alde egiten dute, batez ere telebista eta futbolaren alde.

Ez daukat ezer kirolaren kontra, ezta telebistaren kontra ere. Agian kirol munduan eta kultura munduan gertatzen direnak ez dira hain ezberdinak. Kirolean, kulturan bezala, azpiegitura handietan diru gehiago gastatzen da, oinarrizko kirolean edo kirol hezkuntzan baino.

Langabezia laguntzak kendu diren momentu latz honetan, Donostiako eta Bilboko futbol zelai handiak eraikitzeko dirutza gastatzea izugarrikeria iruditzen zait. San Mames Barriak 157 milioi euroko aurrekontua du, eta Anoeta berriak, 80 milioikoa. Tren azkarraren lanekin batera, ezin al dute 10 urte itxaron? Hain premiazkoa al da gaur egun dauden —eta nire ustez ondo dauden— futbol zelaiak hobetzea, zabaltzea edo berriak egitea? Baina kontuz! Garai batean Kixotek elizarekin topatu zuen moduan, gaur egun futbolarekin topatzen dugu. Hor dago milaka botoren kutxa.

Eraikuntza enpresei milioiak eman beharrean, lan xumea eta isila egitea izan beharko luke agintarien lana, baina gure arteko politikariak ez dira politika modu ezberdinak egitera ausartzen. Lan handiek ikusgarritasuna ematen dute, eta, ondorioz, autopropaganda egiteko aukera. Oinarrizko kirol edo arte heziketak ez du errentagarritasun politikorik ematen, batez ere komunikabide handien gatibu bizi diren alderdi politikoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.