Sarritan mesfidantza handiz begiratzen diogu Interneti. Sare birtualak gure urratsak jarraitzeko aukera ematen die zelatatu nahi gaituztenei, eta, iragarkien bidez, Internet edozein merkataritza gune baino denda handiagoa bihurtu da.
Azken urteetan Internetek zabaldutako aukeren artean, gizarte foroak daude. Izugarrizko arrakasta lortu dute urte gutxitan, eta erabilpen zehatza baino gehiago moda kontua bihurtu den tresna dela esango genuke.
Hala ere, nerabeen tresna moduan ikusten ditugun elkartzeko «plaza» birtual horiek botere alternatibo moduan ere erabil daitezkeela konturatzen gara. Belgikan, adibidez, manifestazioak antolatzeko erabiltzen ari dira. Kalera baino gehiago pantailara begira bizi den lurraldearen seinale.
Aurreko hilean, Sotheby's enkante etxea artelan batzuk saltzeko asmotan zebilen, tartean Beningo erresuman egindako objektu erritual batzuk. Mozorro berezi batek piztu zuen komunikabideen arreta. Bolizko aurpegi ederrak Beningo herriaren ama zeneko erreginaren irudia da, eta gaur egungo Nigerian dagoen lurralde hartan sortutako artelan garrantzitsuenetakoa.
Mozorroa Lionel Galway soldadu britainiarrak harrapatu zuen XIX. mendean Afrikan egindako sarraskietako batean. Ordutik, militarraren familiaren esku egon da, eta, orain, oinordekoek enkantean saltzeko erabakia hartu dute, beste hainbat objekturekin batera.
Gaur egungo Nigeria eta Beningo errepublika artean dagoen lurraldea britainiarren esku geratu zen konkistaren bidez, eta bertako herrien artelanak bitxikerien adibide moduan eraman zituzten metropolira. Konkistan parte hartutako goi mandatariek partila jaso bazuten ere, harrapakin handiena estatuarentzat izan zen, gaur egun British Museumen ikus dezakeguna hain zuzen.
Baina Sotheby'seko salmentak oztopo handia aurkitu du Interneteko sare sozialen bidez antolatutako protestan. Itxuraz Ingalaterran bizi den nigeriar talde batek mozorroaren jatorria azaldu eta lapurtutako objektuak saltzearen kontrako iritzia plazaratu du. Tresna informatikoaren bat-batekotasunari esker berria azkar zabaldu da, eta Nigeriako Gobernuak berak enkantearen kontrako jarrera azaldu du.
Zarata egiteak arrakasta izan du, Sotheby'sek enkantea behin-behingoz atzeratu egin baitu. Bilatuko dute saltzeko beste modurik, baina garbi dago gaur egun ez dela hain erraza edo ezin dela hain era lotsagarrian lapurtutako edo «hartutako» artelanak saldu. Hurrengo txanda British Museumena da, ea noiz egiten duen lehen urratsa.
Artea. Begiz
Mozorroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu