XABIER LETEREN HERIOTZEAN. IRITZIA

Negu atarian izan zen

Jose Angel Irigaray
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Berriz ere abenduan, gure bazterrak xuri, elurra Bianditz mendiaren hegal-gailurretan, berriz ere negu atarian, poetaren eskuak izoztuxe, Heriok, gibeleko atetik sartuz, umezurtzago gaitu utzi. Sentipenak, poz eta minak, urrats desbideratuak, galderak... poesia bilakatzen zituena mutuaraziz, isilaraziz kantu mamitsu, indartsu, sinesgarriaren ahotsa. Baina poetaren taupada eraman badu ere, haren hats oparoa gugan eta orotan zabal, emankor, bihotz altxagarri da bizi.

Duela bost urteko abenduan ere, bazterrak elur xuriz, Lurdes bizikidea joan zenez geroztik, bizitza eta heriotza ikuspegi eta sentimendu osatuagoz janzten direneko eros eta thanatos-en arteko muga horretan zen, antzaldatua. Hark hil zorian esandakoa akuilu -«bizi zaitez, saia gauza ederrak egiten, maitatu jendea...»-, urraduraren lurraldean egunsentiaren eskuak eta bihotza izozturik izanagatik ere, zorrak kitatzeko eta barnea lasaitzeko heineko maitasun bidaia eginez, galeraren eta minaren inguruko arnasa handiko poemategi sentitu eta ederra zuen ondu. Izari ezinago bereziko muga horretan ibilki, sentimendu eta gauzen balio osoa bere eta gure zuen egin, du egiten.

Aspaldi honetan ingurukoekin bezainbat joan direnekiko babes eta kontsolamenduan zen, atalase horretan laketuxe, halabeharrez. Orain, gugan izateaz gain, denekin da engoitik, traba guztiez jareginik, egun batean bizigai bilakatu zen izarren hauts emankor horretarat itzulirik; gu, berriz, Euskalherri nerea ezin zaitut maite, non biziko nintzateke zugandik aparte horretan gara, ametsa egiaren antziduri bilakatu nahiz, herri zahar batek bide berritik ekingo diolakoan urduri...

Hargatik, ibaiertz honetan, bizitzaren poz eta minean jarraituko dugu, besteak beste, hark zinezkotasunez eta dohaiez jantzi eta garatu poesia bidelagun eta makulu dugularik. Guri ere izotz-ondoko eguzkiak goxaturiko lore gorrien baladak barne eta kanpo errealitatea ezagutzen, existentzia ulertzen eta bertan kokatzen, geure baitako eginez, bizitzen lagunduko digutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.