Altzuzako Oteiza Fundazioak Pablo Palazuelo artista espainiarrari buruzko erakusketa zabaldu du. 1948tik 1968ra Parisen egindako urtetako garaiari buruzko erakusketa da, hain zuzen.
2007an, Palazuelo hil zenean, prestigio handiko artista zen arte mundukoentzat. Hala ere, kosta zitzaion Espainian onarpena izatea, eta, Tapies, Txillida eta antzeko artistekin alderatzen badugu, ez zen arte mundutik kanpo hain ezaguna. Kontuan izan behar da ez zuela bakarkako erakusketarik egin Espainian 1973ra arte.
Espainiako gerra zibila bukatu ondorengo artistarik interesgarriena izan zen, akademiak eta jarrera kontserbatzaileak nagusitu ziren garaietan abangoardiako asmoak gorde zituelako. Seguru asko, horregatik jaso zuen Parisera joateko diru-laguntza 1948an, eta, bertan, garaiko arte sare garrantzitsuan sartzeko aukera izan zuen: Maeght galerian.
Palazuelok arte ibilbide koherentea izan zuen bizitza guztian; haren pintura lanak eta gero eskulturak, geometriaren eta forma ezaren arteko tentsioak bateratu nahi ditu. Zorroztasun handiko lana egiteak ez zion gehiegi lagundu modaren arabera gustua aldatzen zuen arte sistemaren zurrunbiloan, baina bai abangoardia analitikoagoak gustuko zituen merkatu kontserbatzaileago batean; adibidez, Oteizaren babesle handia izan zen Juan Huarte eta antzeko mezenasen artean.
Hain zuzen, horixe da, Oteiza eta Palazuelo lotzeko aitzakia, bi artistek huartetarren etxeetan laga zituztelako artelan ugari, Iruñeko 72ko Topaketei buruz Madrilen antolatutako erakusketan Huarten etxeko argazkian ikus zitekeen Palazuelok egindako sabai harrigarrian, adibidez.
Huartetarrekin izandako harremanak bi artisten arteko lotura erakusten badu ere, ezin dut burutik kendu zer pentsatuko zuen Oteiza marmartiak berak lagatako fundazioan Palazueloren Parisko garaiko lanak eskegita ikustean, jakinda sarritan kontatzen zuela Palazuelorekin Parisen gertatutakoa. Itxuraz, Parisen zeuden errepublikazaleen artean amorrua piztu zen, 1949ko Espainiako pabiloian Francoren bandera jarri zutelako. Ausartago zen norbaitek kentzeko ahalegina egin zuenean, Palazuelo eta Txillida alkandora urdinak ostikoka hasi ziren, hura lurrera bota arte. Basterretxeak kontatutako pasarte hori Xavier Valls pintore katalanaren memorietan ere azaltzen da, eta Agustin Ibarrolak ere kontatu izan du, seguru asko Basterretxea berari entzunda.
Artea. Begiz
Palazuelo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu