Orain dela gutxi arte kultur eta heziketa erakundeek egiaztatzen zutenari buruzko zalantza gutxi zegoen. Gaur egun, ordea, informazioaren eta formazioaren abala Internetek ematen du. Unibertsitateko ikasleen artean gero eta sarriago entzuten da«Interneten jartzen du» esaldia egiaren froga moduan.
Hala ere, zalantza eta iturrien egiaztapena egin beharreko ariketa dela adierazten digute hainbat gertaerak, adibidez, museoetan gordeta dauden artelan batzuen gaineko zalantza. Ikerlarien artean ohikoa da museo batek jasotako artelanaren inguruko ziurtasuna, erakunde profesionaletan konfiantza jartzen dugulako eta, beraz, ez dago mesfidati izateko arrazoirik. Normalean hala izaten bada ere, zalantza ariketa intelektual ona da, eta gero eta gehiago azken boladan mundu birtualak (gaur egun ia dagoen bakarra) hartu duen garrantzia kontuan izanda.
Oso jende gutxik plazaratzen ditu artelan faltsuen gaineko kezkak. Lehen esan dudan bezala, ziurtzat ematen ditugu hainbat informazio, eta horregatik, tokiz kanpo edo arrisku handiko iritziak ematea ez da politikoki oso zuzena edo polemika zaleena dirudi. Baina, Galizian sorginei buruz esaten den bezala, egon badaude. Horietako batzuk erakusketa handietara eramaten dira, nahiz adituen eztabaida piztea komeniko litzatekeen.
Ez dut politikoki ez zuzena izan nahi eta ez dut tarte hau susmoak zabaltzeko erabiliko, horregatik gaiarekin lotuta dagoen azken garaiko beste fenomeno bati buruz idazten jarraituko dut. Gai ezberdinen gaineko sekulako aurkikuntzak egin izanaren ustea oso zabalduta dago ikerlari gazteen (eta ez hain gazteen) artean. Haientzat ezezagunak diren iturriak alde batera laga ondoren, dena berria da, inork inoiz aipatu gabeko aurkikuntzak egiten dituzte, nahiz eta gaia edo gaiaren inguruko ñabardurak aspalditik liburuetan edo artikuluetan jasota egon. Bekatu handia da, Interneten edo hedapen handiko bideetan sartuta ez egotea.
Bi kasutan zalantza da ariketarik osasungarriena. Egiatzat ematen zaizkigunak zalantzan jarri eta egiten ditugun aurkikuntzen gaineko zalantza, hau da, gure buruaren gaineko zalantza, dira arte munduko literatura eta sentsazionalismoaren aurkako antidotorik eraginkorrena.
Artea. Begiz
Zalantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu