Iraultza izan ote da aurten Hollywood kontserbadorean? Outsider batzuen lan basatiaren garaipena ikusita barrez ari ote da Sam Peckinpah handia bere hilobian? Batek daki.
Zaila da Oscarrak banatzen dituztenek zein irizpide erabiltzen dituzten jakitea. Aurten eremu ofizialetatik urrun, zinema independentean trebatutako egileen benetako filma saritu dute, indarkeria, sakontasuna, leialtasun zinematografikoa. Iaz, aldiz, segurura jo zuten Scorseseren The Departed inpostatua goratuz. Zein dira irizpideak? Batek daki.
Ethan eta Joel Coenen garaipena berri ona da zinemarentzat, zinema onarentzat, baita Hollywood Europara begira jarri izana. Hala ote dago? Lau aktore sarituak europarrak direlako hori esaten ari dira. Hollywoodek bere zilborrari begiratzeari utzi ote dio, hortaz? Batek daki.
Baina ez du esperantza handirik ematen Oscar sarietarako hautagaien artean Europako zinemaldi handietako irabazleak ez ikustea. Cristian Mungiuren 4 luni, 3 saptamini si 2 zile ez dute aipatu, ezta Ang Leeren Lust, Caution ere -urteko film onena, seguru asko-. Horientzat Los Angelesko zirkuan ez agertzea da sari handiena, Stanley Kubricken Paths of Glory eta Orson Wellesen Touch of Evil maisulanentzat izan zen bezala. Baina batek daki.
Urtero bezala beste lan interesgarri asko ahantzi dituzte zinemaren Mecan. Esaterako, Paul Haggisen In The Valley Of Elah apartak Tommy Lee Jonesen izendapena besterik ez du lortu, eta saria ondo merezita bazuen ere, ukatu egin diote. Baina bere azken mezua barren eta izarren bandera buruz behera jarrita ematen duen filmak ez du besterik merezi, ezta? Batek daki.
Eta Alberto Iglesiasek ez duela lortu. Bigarrenean ere ez. Hamaseigarrenean izango ote da? Batek daki. Baina kontuan har dezala Kevin O'Connell izeneko morroi bat 20 aldiz izendatu dutela, eta zain dagoela oraindik...
ANALISIA. Peckinpah barrez ari ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu