Aurreko egunetan irribarrtsu azaldu da Los Angelesen Gonzalez Iñarritu. Ez alferrik, faboritoetako bat zen. Rio Grande ibaiko hegoaldekoei zorrotz neurtzen zaizkie merituak, ordea, Hollywooden. Ondotxo ikasi du aurten Iñarrituk. Hark bazekien -beste askok bezala- Scorseseren gala izango zela, akademiak zorrak zituela harekin. Eta jakin bazekien,halaber, haiek kitatzeko garaian heldu dela Babel. Baina zuzendari onenaren Oscar saria ez bazen, film onenarena espero zuen -beste askok bezala-. Edo alderantziz, berdin dio. Aitortza zen kontua, saminaren trilogia-k ondo merezita izango baitzuen.
Baina ez. Ukatzen hasita, bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria ere ukatu diote Babel-i, hautagai bi izanagatik. Hollywoodeko akademiak kanpotarrekin zeken jokatzeko joera dauka. «Scorsese gutarra da», otuko zitzaion nonbait, eta zuzendari onenaren sariarekin batera film onenarena ere eman diote pakete berean; zorrak kitatzen hasita...
Besteak ez ziren oztopo The Departed-entzat. Eastwooden Japoniako abenturak nahikoa zuen izendapenarekin, eta berak ere nahikoa aurreko bi Oscarrekin. Bururatu egin behar zaio ba gizonari Iwo Jimako bandera ezbaian jartzen hastea!
Little Miss Sunshine-k, izenburuak adierazten duen bezain txikia izanagatik, bi Oscar eraman ditu. Akademiaren gauzak. Eta Europako bazkide txintxoen The Queen-i ez dio ihes egin denek zekiten saria, Helen Mirrena.
Borja Kobeagari bai, donostiarrari ihes egin dio film labur onenaren Oscarra. Baina ez dezala seriohartu; Oscarrak dira, besterik ez...
ANALISIA. Zorrak kitatzeko garaian heldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu