Ander Lizarraldek saio freskoa eta umoretsua eginda irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azkenaurreko final-laurdena, Ormaiztegin. Saio parekatua izan da, eta, ondorioz, oso puntu gutxiren barruan sailkatu dira lehen bostak. Lizarralderen (501 puntu) atzetik Felix Zubia (499 pt.), Iñaki Apalategi (498,5 pt.), Arkaitz Oiartzabal Xamoa (490 pt.), Unai Gaztelumendi (485 pt.) eta Maider Arregi (444 pt.) sailkatu dira. 460 bertsozale inguru elkartu dira Zubipe pilotalekuan.
Zubiak zuzentasuna falta izan du betelanean, azken puntuetan behin baino gehiagotan asmatu badu ere. Apalategik ofiziotan goraldirik izan duen arren, gehienek bezala, kartzelan erakutsi du beste zenbaitetan erakutsi izan duen maila. Xamoa-k maila altua erakutsi du hainbat ofiziotan, eta mailari erori gabe eutsi dio lanez lan. Poto batek eragotzi dio saioa irabaztea. Gaztelumendi, ohi duen gisan, fresko aritu da, eta kartzelan bere egindako lanengatik aldarrikapena artez ekarri du. Arregi fase honetako gazteenen artekoa da, eta igarri zaio berritasuna. Dena den, kartzelan jo du goia bakarkako itzela eginda, nahiz eta poto bat egin duen lehen bertsoan. Ofizioetan ondo hasi da zortziko handian, baina estu ibili da gainontzekoetan.
Zortziko handian lehenak Zubia eta Arregi izan dira. Agirreren ofiziorik onena izan da lehenengoa. Zubiak, ofizioetan zehar hainbatetan bezala, betelanean zuzentasuna izan du faltan. Apalategi eta Gaztelumendi jaietan drogen informazioa ematen jardun dira. Lehen bertsoetan hobeto moldatu dira, azkenean baino, eta Gaztelumendi erosoago ibili da Apalategi baino. "Gure puestoa jasotzen dugu / baina hauen puestoia ez”, kantatu du lehen bertsoaren azkenean Apalategik. “Begira ezazu Apalategi / orain hemen Ormaiztegin / susmoa daukat kaso handirik / ez ote diguten egin”, jarraitu du Gaztelumendik ostean. Bigarren bertsoan Gaztelumendik asmatu du Apalategik baino gehiago: “Berdin du hemen zer esaten dan / haiek guztia aitzakia / guk aholkatu egiten degu / eta haiek erabaki”.
Ariketa berean lanik osoenena Xamoa eta Lizarralderena izan da. Sega apustu baten bost mila euro jokatu dute Xamoa-k eta Lizarraldek, eta hasi orduko nabaritu dute euren segalaria nahiko “pattal” dabilela. “Ez dakit ziur zergatik neukan / hontara heldu beharra / gure lepoa izango al da / moztuko duen bakarra?”, ekin dio Xamoa-k. Burua segalariari moztuko diotela kantatu du Lizarraldek. Bigarren bertsoetan egin dute umorera. “Bere itxura eskelektiko / bi begi beltz eta sega / ez dakit zer den segalaria / edota herio bera”, kantatu du Xamoa-k. Ez dakiela segan ala goldean ari den bota du ondoren Lizarraldek. Umoreari eutsita, apustu eginez bukatu du Xamoa-k: “5.000 euro ezetz utzi”.
Umorea eta freskura, aldika
Gaztelumendik eta Xamoa-k egin dute zortziko txikirik garbiena eta umoretsuena. Gainontzekoetan ideia umoretsurik izan da, baina ez nahasi samar joan dira. Gaztelumendi taberna bateko jabea izan da, eta Xamoa beharra duenean tabernako komunera sartuta ezer hartu gabe alde egiten duena. “Komuneko papera / garestitzen doa / kasik ateraidazu / serbilleteroa”, bota dio bere aurrenekoan Xamoa-k. “Gainera, pasatzen du / hainbeste denbora / barra komun barruan / jarri beharko da”, segitu du Gaztelumendik. “Komunean jartzeko / desiatzen nago / ez zenuke izango / askoz zikinago”, bota dio erantzunaz Xamoa-k. Gaztelumendi tabernaria usaiaz kexu agertu ondoren, honela bota dio Xamoa-k: “Nere usaia dezu / bezero onena / hemen sartzen dena / irteten ez dena”.
Sei puntuko motzeko ariketa ez da sei bertsolarien lanik emankorrena izan. Hala ere, eginbehar horretan kantatu du Xamoa-k bere saioko onenetako bat. 40 urterekin langabezian geratu diren bi pertsona izan dira Xamoa eta Arregi. Egoera horretan, lan bila zebilen Arregi eta Xamoa ikasten. Lehen bertsoa goitik beherakoa egin du Xamoa-k, Arregik ikastea apeta zela egotzi ondoren: “Kapritxorik ez dut jada / lehen, bai, hamalau paga / lana betiko zela uste / ta fabrika itxi hara. Krisi bat ta pikutara / kalean geratu gara / Maider, zer o zer baldin badegu / zer ikasia da”.
Zenbait unetan freskuraz jantzi da saioa hamarreko txikian. Rola emanda aritu dira fase honetan ohi duten legez. Apaiza izan da Lizarralde eta konfesatzera joan dena Zubia. Nahiz gero ez dioten hariari eutsi eta bertsoaldiak galdu egin duen, hasi umoretsu hasi dute. “Neskazalea nauzu / oso purrukatu: / ehun aldiz eskatu / ehunetan ukatu. / Intentziyua soilik / noiztik da pekatu?”, galdetu dio Zubiak bere aurrenekoan, eta hau izan da Lizarralderen erantzuna: “Intentziyua izan / eta ez egina / hori da neretzako / pekatoik haundina”.
Emankorrena, kartzela
Kartzelan izan da ariketa guztien artean emaitzarik onenak. “Azkenean dirua eskatuko diozula erabaki duzu”, eman die gaia Iker Iriarte aurkezleak. Drogen adikziotik sendatzeko amari dirua eskatu dio Zubiak, bularrak handitzeko ebakuntza egiteko eskatu du dirua Arregik, erreskatea eskatu duen agintariaren ahotik jardun du Apalategik, Gaztelumendik egiten dituen lanengatik errekonozimendua aldarrikatu du, bikotekide ohiari alabarentzako eskatu dio Xamoa-k, eta langabezian delako amari dirua eskatu dio Lizarraldek.
Honela osatu du bikain bigarren bertsoa bularrak handitzeko dirua eskatu duen Arregik: “Guztiok bihurtu gara / kanon jakin baten maizter / edertasuna hortik dator / ta ederatsunetik zer? / Inertziaz neskak pija / ta mutilak hipster / tripaldea argal-argal / eta argalak bi izter / ta izan behar dugunez / neskok miss mutilok mister / gaur arte e’ naiz hori izan / baina izango naiz laster”. Gaztelumendik hala azaldu du bere egoera: “Behin tartea hartu nuen / bertso kantari hasteko / ta gogoa izaten det / sarri askotan marrazteko / bi lanik txarrenak dira / dirua irabazteko”.