Literatura, zinema, argazkilaritza, street art eta musikaz oinarri da aurten lehen aldiz egingo duten Black & Basque jaialdia, irailaren 9an, 10ean eta 11n Baionan. Christian Borde Jules Edouard Moustic artistaren burutik jalgia da jaialdiaren ideia. Canal + kateko Groland saioko taldekoa, amaren aldetik dituen euskal sustraietatik anitz edan, eta kultura afroamerikarrari lotu da aspaldian. Bietatik arras interesatzen duena: «Beren kulturen alde daramaten borroka». Baditu zenbait anekdota ere. New Orleanseko Congo plazan 1820an ikusi omen ziren dantza propioak zituzten afroamerikarrak fandangoa dantzatzen. Probokazio doi bat ezpain bazterretan, hauxe dio: «70eko hamarkadan Black Panters taldekoek bonetak bazituzten». Eta ororen buru, gehiegi justifikazio luzatu gabe, «zergatik ez», hark dioen bezala. Egitaraua berez mintzo da.
Izen ezagunen artean, jaialdiaren gazama den Angelique Kidjo artista dago. Mundu osoan ezaguna den diva gogo handiz dator, gainera. Beningoa du ama, eta horrek Luis Marianoren Fandango du Pays Basque (Euskal Herriko fandangoa) kantatzen omen zion txikitan. Beste artisten artean, Laurent Garnier DJa dago, soul, funk eta gisa bereko musikak ekarriko dituena. I Love New York diskoa aurkeztuko dute Akhenaton I Am taldeko kideek eta Faf La Ragek. Sandra Nkake soul kantariaz gain, Sadar Bahar soul musikako DJ enblematikoak Soul Train Party bat eskainiko du. Eddy L. Harris idazleak eta Mathieu Abonnenc argazkilariak osatzen dute atzerriko gomiten zerrenda.
Euskal Herritik, funk, soul, eta groove estiloko Old School Funky Family taldea dago, Oreka TX, eta Afrika Bibang. Johnny Freelance Experience bere talde berriarekin etorriko da Bibang. Zee margolari azkaindarrak, berriz, bere karrikako margolanak eskainiko ditu. Gaztelupeko Hotsak etxeak ere leku berezia izanen du.
Jaialdiaren oinarrian JFB Lagunak elkartea dago, luzaz eskatu ostean Baionako Herriko etxearen laguntza lortu baitu; batez ere, hainbat boluntariorena, bizkarrezurra zutik atxikitzen laguntzen diotena. Sostengu gisa hor daude EHZ jaialdia, EHLG, Iparraldeko Konpilazioa, Bizi, Integrazio Batzordea, Atalante zinema gela eta Elkar denda, besteak beste. Azkeneko biak jaialdiko gune izanen dira. Baiona ttipiko murruak ere adierazpide gisa erabiliko dira; gune nagusia La Poterne baratze publikoa da. Sarrerak 5 eta 20 euro artean izanen dira.
Angelique Kidjo kantari benindarra ariko da lehen Black & Basque jaialdian
Irailaren 9an, 10ean eta 11n Baionan izanen den jaialdiak euskal kultura eta afroamerikarrak nahastea du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu