Gaztelaniaz maitasuna adierazten du amar aditzak. Hindiz, berriz, betikotasuna, hilezkortasuna. Izenburu hori du Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) azken lanak, Ámár animazioko film laburrak. Indian pasatzen dituen denboraldi luzeetan ondu ditu filmeko marrazkiak, postprodukzioa Euskal Herrian landu badu ere. Kimuak-en aurtengo katalogoko lanetako bat da Ámár, eta, horri esker, 800 jaialditan baino gehiagotan emango da -Madrilgoan, asteon, Espainiako animazioko film laburrik onena izendatu dute-. Donostiako Arteko galerian dago hilaren 31ra arte, Indian artistak azken bost urteetan bidaia koadernoetan eginiko ehunka marrazkirekin batera.
Hiru urte eman ditu Herguerak filma ontzen, sorkuntzarakodenbora Lleidako Animac jaialdiko zuzendari lanarekin eta mundu osoan eskaintzen dituen tailerrekin partekatuz. Indiara berriro abiatu aurreko egunetan, Madrildik, telefonoz erantzun die BERRIAren galderei.
Arte Ederrak amaitzean, zerk erakarri zintuen animazioaren mundura?
Lehen inpresioa izan zen mahai txiki samar batean unibertso oso bat landu nezakeela. Neurri txikiko animaziorako truko-mahai bat zen, eta instalazio eta bideo tresneria astunetara ohitua nengoenez, oso soila iruditu zitzaidan. Gauza gehiago irudikatzeko eta produkzioan soiltasun handiagoz aritzeko aukera ematen zidan.
Askotariko teknikak baliatzen dituzu zure lanetan: collagea, akuarela, tinta... Nola erabakitzen duzu lan bakoitzean zein teknika aukeratu?
Kontatu nahi dudan istorioaren, forma aldetik egin nahi dudan esperimentuaren, lan hori finantzatzeko dudan aukeraren eta teknika bat edo beste lantzeko dudan gogoaren arabera hautatzen dut estilo bat edo beste. Egia esan, inoiz ez dut aldez aurretik pentsatzen, proiektua aurrera doan heinean sortzen den zerbait da.
Ámár azken lanean, buruko osasun arazoren bat duen pertsonaia baten inguruan osatu duzu istorioa. Zer kontatu nahi izan duzu?
Kontakizun bat da, zeinean protagonistak gogora ekartzen duen buruko gaitz baten ondorioz erietxean dagoen pertsona batekin izan zuen harremana, eta hori bidaia koadernoan dauden marrazkien bidez ekartzen du gogora.
Irudi guztiak eskuz eginak dira, ala bestelako teknikak baliatu dituzu?
Egun jada ez dago animazioko truko-mahaian egiten den filmik, orain arte ulertu izan den bezala. Film hau oso-osorik eskuz egina, marraztua eta margotua izan da, eta ondoren, ordenagailuan osatua. Egun, hala egiten da animazioa; une batera iritsita, infografiazko sistema oso batean sartzen da irudia. Erraza da, baina aintzat hartu behar da zinema segundoko 24 irudi direla, eta animazioan ez direla zineman bezala, kameraren botoia sakatu eta aireak berezko bizitza duela; animatzaileak ez badio aireari bizitza ematen, ez da halakorik egongo.
Beraz, zenbat marrazki egin behar izan dituzu, gutxi gorabehera, bederatzi minutu luze den filmerako?
Bufa... asko, ez dakit... Oso zaila da esatea. Milaka izan dira.
Filmean honako esaldia aipatzen da une batean: «Gogoko dut koaderno zaharretan marraztea, denborak ezabatu ezin izan dituen orbanen gainean». Hori al da zure kasua?
Bai noski, izugarri gogoko dut.
Indian bertako irudiak erretratatzeko beharra sentitu duzu, beraz? Beti daramazu koaderno bat aldean?
Bai, marrazteko koadernoa eramaten dut, eta agian kantoi batean esertzen naiz marraztera...
Denboraldi luzeak pasatu izan dituzu Indian. Artista gisa, zure lanari begira, zer topatu duzu han?
Batetik, sustagarri bat da, etengabe motibatzen nauen leku bat, kultur aberastasun handia duelako, eta, bestetik, etengabeko kontraesana delako, leku berean Erdi Aroan eta XXI. mendean bizi zarelako aldi berean. Denborarekiko etengabeko aurrez aurreko hori, eta kultur aberastasun hori, oso gogo-pizgarria zaizkit niri.
Alde horretatik, filma autobiografikoa da zentzuren batean?
Denak bezala. Autobiografikotik badu apur bat, kontatu dizutenetik beste apur bat; besteek edo zeuk bizi izandakoetatik deigarri gertatu zaizkizun gauzak dira.
Irudi gehienetan Indiako herritarren egunerokoa islatu duzu; azokak, geltokiak... Zerk deitzen du zure arreta irudiotan koadernora eramateko?
Batetik, egin nahi duzun film hori duzu, eta, bestetik, etengabe egitea gustuko duzun ariketa hori, kontakizunetik kanpo geratzen dena, baina aldi berean kontakizunaren parte ere badena. Ipuin bat idaztea bezalakoa da: denbora eta espazio jakin batean kokatuta dago, baina bertan agertzen diren pertsonaia guztiek dute bizitza bat aurretik eta ondoren; halakoak dira koaderno eta marrazki horiek, filmean egon ezin dena dago, baina aldi berean lehenago, geroago eta bitartean gertatzen dena, beharrezkoa den guztia filmean agertzen denak sinesgarritasuna izan dezan, niretzat besterik ez bada ere.
Galerian jarri duzun horma irudiaren parte dira Xabier Erkiziak ondutako doinuak, eta filmeko musika ere harena da. Nolakoa izan da elkarlana?
Harekin lan egina nintzen La gallina ciega-n, eta oso ongi ulertu genuen elkar. Ámár-ekin, zirriborro bat baino ez nuen Xabirekin hitz egin nuenean, eta nik filmean ikusten nituen zatiak konposatu zizkidan. Soinuzko zirriborro horren gainean lan egin nuen nik. Bukaeran, berriz, hasieran eman zidan hura egokitu, osatu eta are gehiago landu zuen. Hortaz, nik bere musika animatu dut eta oso presente izan dut hasieratik; paraleloan eginiko lan bat izan da, niretzat funtsezkoa.
Animac Lleidako jaialdiko zuzendari gisa, urtero ikusiko dituzu joera berriak. Norantz esango zenuke doala egun animazioaren mundua?
Teknologia gero eta eskuragarriago dago, eta, hortaz, errazagoa da jendeak bere kabuz animazioko lanak egitea. Horrek esan nahi du dena askoz ere demokratikoago, freskoago eta berritzaileagoa dela eta istorio askoz ere gehiago ditugula. Bestalde, horrek dakar batzuetan ahaztu egiten zaigula hau ofizio bat dela eta bere arauak eta hizkuntza errespetatu eta zaindu behar direla.
Eta hori ahazten ari dela uste duzu?
Ez dakit nola zen duela 20 urte. Ikusten dituzu oso ondo dauden gauza batzuk, eta beste batzuk, berriz, ahalegin handia egin dela dakizun arren, pena handia ematen dizute, ez dutelako istorio bat, ideia bat lantzen.
Teknologia berriak hedatzearen harira, eskulana galtzen ari da agian?
Ez da eskulana galtzen ari dena, kontakizunaren egituraren oinarriak baizik, eta zehazki animazioan mugimendua dena. Ahaztu egiten da animazioa ez dela soilik gauzak mugitzea, baizik eta gauzei izaera bat ematea, eta hartarako oso kontuan hartu behar dira naturaren legeak, fisika, abiadura, pisua... horiek denek osatzen dute ekintza. Emozioa emateko gauzak modu jakin batean mugitu behar dira, hori da animazioaren ezagutza. Horregatik diot batzuetan ofizioa ahazten dela.
«Animazioa ez da soilik gauzak mugitzea, haiei izaera bat ematea baizik»
Kimuak-en aurtengo katalogorako aukeratu dute Hergueraren azken obra, 'Ámár' animazioko lan laburra. Filma eta haren giroa osatzen duten marrazkiak ikusgai jarri dituzte Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu