Zinema. Estreinaldiak

Animazioa gaztetxoentzat zein helduentzat

Pixarren 'Brave' filmaz gain, 'stop motion' teknikarekin egindako hainbat film estreinatuko dira

Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gazteenak oporretan direnez, animazio filmek garai oparoa izaten dute udan. Abuztuan ere, teknika diferenteak erabiltzen dituzten film garrantzitsuak estreinatuko dira.

Horien artean, Pixar ekoiztetxearen azken lanak sortu du ikusminik handiena. Mark Andrewsek eta Brenda Chapmanek Brave egin dute, Erdi Aroan gertatzen den abenturazko fantasiazko filma. Merida printze gaztea da protagonista nagusia, Elinor eta Fergusen errege-erreginen alaba. Suharra da Merida, eta erresuman dauden ohitura zaharkituak bertan behera utzi nahiko ditu. Film hau hiru dimentsiotan ikusten ahalko da.

Pixarren oihartzun mediatikoa ez badu ere, Aardman estudio britainiarrak urteak daramatza lehen mailako animazio lanak egiten. Oraingoan, The Pirates! Band of Mistifs! estreinatuko dute, beste behin ere stop motion teknika erabilita. Izenburuan argi uzten duen moduan, itsaso zabalean gertatzen diren abenturak dira filmaren ardatz nagusia, piratak protagonista direla.

Stop motion teknika erabiltzen du abuztuan aretoetan estreinatuko den beste filmetako batek ere, ParaNorman'-ek. Chris Butlerrek eta Sam Fellek zuzendu duten lan horrek zonbien mundu beldurgarrira eramanen du ikuslea. Zonbiak herrixka baten egunerokoa aztoratzen ari dira, eta herritarrek Normanegana joko dute. Hildakoekin hitz egiten dakien gazte baztertua da Norman.

Hurrengo hilabetean estreinatuko diren animazio lanen zerrenda ez da hor amaitzen. Adibidez, Tadeo Jones heroi espainiarra ezaguna da, orain arte egin diren bideo joko eta film laburrei esker. Orain, haren lehen film luzea estreinatuko da, Las aventuras de Tadeo Jones. Txinatik, berriz, panda hartzak protagonista dituen film bat iritsiko da, Little Big Panda.

Azkenik, animazio eta irudi erreala uztartzen dituen film bat oso arrakastatsua gertatu da AEBetan: Ted du izena, eta Seth MacFarlanek zuzendu du. Mark Wahlberg da protagonista, eta, harekin batera, ordenagailuz sortutako Ted hartz jostagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.