Errusiar leinu garrantzitsua izan du Bernardo de Quirosek bere musika ikasketetan, oso nabaria gainera. Lan zorrotz eta amaigabe baten emaitza da ostegunean eskainitako kontzertu paregabea. Teknikoki ezer gutxi hobe dezake, garbitasun, adierazpen eta interpretazio mailak ondo ulertzen baititu. Hurrengo urteetarako hobetzeke lukeena bere sentiberatasuna izan liteke, alderdi honek osotasun itzela emango bailioke.
Hasierako Beethovenen lehen isilune denborak ez zuten ikusmina sortu, nahiz eta esaldi oro txukun eta ederto aditzera eman. Sonata honetan isilune eta umore kutsuek duten garrantzia izugarria da, gavota musika erritmoa eta scherzando azentuak azpimarratuz. Lehen ataleko amaierako cadenza imajinaziorik gabe jorratu zuen, baina aurretik erakutsitakoa paregabetzat defini genezake.
Akorde guztiek beren goi perfila mantendu zuten Adagio mamitsuan, nahiz eta hasierako galdera segidak ez ziren zintzilik utzi adierazpenean. Bach handiari egiten zaion omenaldia, bere baxu eta lelo hedatuekin, paregabe ulertu eta zabaldu zituen piano jotzaileak. Haydnen estiloa duen scherzo pasartea bikain interpretatu zuen, sinkopa eta ahaire zitala landuz.
Amaierako Allegro assai, maiz gertatzen den bezala, piano jotzaile askok azkarregi hartzen dute, bigarren esaldiko eskaletan bat-batean seko mantsotuz. Hala eta guztiz ere, doitasun handiko Beethoven bizi bat garatu zuen, aretoa bete ez zuen entzuleriarentzat.
Brahmsen sekulako hirugarren sonata handiaren interpretazioari ekin aurretik, Liszt piano jotzaile eta musikagile ero eta deabrutsuaren Hungariar Rapsodia mamitu zuen bakarlariak. Ez mamitu bakarrik, teklatuan barrena abilezia harrigarriz gainditu zituen oztopo guztiak, emanaldiko altxorrik preziatuena bilakatuz. Jauzi oso zailak benetan garbi eta indartsu bentzututa, hatzen abiadurei etekin handia atera zien.
Brahmsen hirugarren sonata pianoaren historian azaldu den gailurretako bat da. Lau mugimendu eduki beharrean, bost azaltzen ditu, azkar bat eta lasai bat tartekatuz. Madrilen bizi den piano jotzaile honek betiere interes handiko uneak gozatu zituen. Indartu beharko lukeen sentiberatasun geruza begi bistakoa izan zen Andante espressivo atalean, dinamikoki kontrasteren bat edo beste baztertuz. Aurtengo Hamabostaldiko «ez hain gaztetxo» izan diren musikarien maila oparoa izan da.
Egitaraua: L. van Beethoven, J. Brahms eta F. Liszten lanak. Lekua: Donostiako Miramar jauregia. Eguna: Abuztuak 30.
DONOSTIAKO 68. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Aparteko heldutasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu