Kultura

Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoak, erronkak ardatz

Bat-bateko hamalau taldek eta idatzizko hamahiruk egingo dute Argantzunerako bidea; bertan izango da azken festa, martxoaren 12an.

Erredakzioa
2016ko urtarrilaren 16a
12:40
Entzun

Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa aurkeztu du gaur eguerdian, Trebiñun. Laugarren aldia du ekinbideak, eta 2010eko jatorrizko helburuei eusten die: bertsogintza eta bertsozaletasuna astintzea probintziako zortzi kuadrilletan.

Aurtengo aldian bat-bateko saioetan arituko diren taldeek erronkak izango dituzte ardatz. Sei topaketa egingo dituzte urtarrilaren 23tik martxoaren 5era arte. Topaketa horietan taldeak elkarren artean neurtuko dira, haiek antolatutako erronken bitartez: bertso pilota, oholtza gaineko saioak, bazkal ostekoak…

Bat-bateko saioetan hamalau taldek parte hartuko dute. Talde bakoitzean, bertsolariez gain, beste kide batzuk izango dira: gai jartzailea, epailea, audio eta bideo grabatzaileak, musikariak, kronista, sukaldaria… Bestetik, idatzizko erronketan hamahiru taldek parte hartuko dute.

Martxoaren 12an Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoaren azken festa egingo dute Argantzunen. Aurreko sei erronketan aurrera egiten duten taldeak elkartuko dira, azken topaketan kantatzeko.  

Bertso-erronkak egun hauetan izango dira: urtarrilaren 23an (Izarra) eta 30ean (Laudio); otsailaren 13an (Araia eta Zalduondo), 20an (Kanpezu) eta 27an (Gasteiz); eta martxoaren 5ean (Oion).
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.