Arabako Bertsozale Elkartearekin zeukan hitzarmena berrezarriko du Gasteizko Udalak

Aurrekontua %20 murriztu arren, pozik daude programa ez delako bertan behera geratu

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Orain hilabete eskas, joan den otsailaren 16an, Arabako Bertsozale Elkarteak jakinarazi zuen Gasteizko Udalak haiekin zeukan hitzarmena etetea erabaki zuela. Duela lau urte bi aldeek sinatutakoa, 50.000 eurokoa. Modu «axolagabean» jokatzea egotzi zioten Javier Maroto alkateari. Atzo, baina, Gasteizko Udalak haiekin zeukan hitzarmena berrezarriko duela jakinarazi zuten elkarteko kideek, ohar baten bidez. Aurrekontua %20 murriztu bada ere, «pozik» daude programa ez delako bertan behar geratu, «eta bertsolaritza ez delako Gasteizko programazio kulturaletik desagertuko».

Aste honetan eman diete berria elkartekoei, eta «ziur» daude, «elkartasuna eta euskalgintzaren ekimen bateratua» izan direla «egoera kezkagarriari» buelta emateko «giltza». 50.000 euro horiekin bertso eskola eta Gasteizko zenbait ikastetxetan ematen dituen eskolak finantzatzen ditu elkarteak, besteak beste.

Elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dituzte: «Gurea bezain larria izanagatik gure alde zalantzarik gabe egin duten Gasteizko eragile guztiei, baita Euskal Herriko txoko guztietatik eta atzerritik oso denbora laburrean haien babesa eman diguten talde eta gizabanakoei ere». Ehundik gora elkarte eta 2.000 lagun baino gehiago zenbatu dituzte.

Gainera, uste dute «oso garrantzitsua» izan dela haiekin lanean ari diren zazpi ikastetxeen konpromisoa eta ekimen propioa: «Ikastetxeetako proiektuari eustearen aldeko borondate argia adierazi dutelako eta horrela jakinarazi diotelako alkateari ere. Eskerrak haiei ere».

Halere, «dena ez da ona». Beste arazo bat plazaratu zuten atzo elkartekoek: «Guk, Euskharan kultur elkarteak eta euskalgintzako beste eragile batzuek Amaia Zentroan dugu egoitza, eta hori kudeatzeko eta dinamizatzeko Euskharanekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du udalak». Horregatik, udaleko lau alderdiei «adostasun politikoa» eskatu die elkarteak, «euskararen normalizazio prozesuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.