PPk Gasteizko Udalean agintea hartu izanak Arakisen aroaren amaiera ekar dezake Montehermoson. Alde Zaharreko muinoan paraturiko arte zentroaren azken lau urteetako egitaraua aztertzen ari direla esan du Encina Serrano Kultura zinegotziak, eta Montehermoso «publiko guztietara» zabaltzeko asmoa agertu du. Urtearekin batera amaitzen zaio kontratua Xabier Arakistain Arakis-i (Madril, 1966). Eta, itxura guztien arabera, 2012a ez du Montehermosoko zuzendari gisa hasiko. BERRIA harekin harremanetan jarri da, baina oporraldia amaitu bitartean ez du adierazpenik egingo.
2006ko abenduaz geroztik zuzendu du Montehermoso, haren proiektua kulturgunea kudeatzeko lehiaketa publikoan gailendu ondoren. Hain zuzen, Serrano bera zen Kultura zinegotzia garai hartan. Nolanahi den, zinegotzi postuan PSE-EEko Maite Berrocal izan dela garatu du jardueraren gehiena, 2007ko maiatzean lortu baitzuen agintea PSE-EEk.
Montehermosoko zuzendari modura egin dituen urteotan, sexuen arteko parekidetasun politikak bultzatu ditu, erakusketa, hitzaldi ziklo, mintegi eta bestelako deialdietan pentsabide feminista ausarki txertatuz. Hots, feminismoa ildo kontzeptualen ardatz nagusi gisa landuz. Euskal Herriko artearen historia berrian toki bat izango duten erakusketa gogoangarri askoren atzean dago Arakis. Esaterako, Montehermoson aurkezturiko Haserrearen begirada zoragarria ekoitzi zuen Maura Reillyrekin batera, baita Bilboko Arte Eder museoan aurkeztutako Kiss Kiss Bang Bang, arte eta feminismoaren 45 urte arrakastatsu bezain interesgarria ere.
Artearen sektorerik aurrerakoienak aspaldiko gosez hartu ditu Arakisen proposamenak, harrera beroa eginez eta haren ildoan sakonduz. Baina bada haren jarduera begi onez ikusi ez duenik ere. Agintarien artean aurkariak izan ditu, jarraitzaileak bainoago. Xabier Agirre Arabako diputatu nagusiaren gobernu taldeko Malentxo Arruabarrena Kultura diputatua gogor mintzatu zen, feminismoak asko daudela eta Arakisenak «emakumeei kalte» egiten diela esanez.
Arakisek bultzatzen dituen genero politikek ezbaian jartzen dituzte artearen historia ofizialak sustatu dituen pentsabide eta praktikak, erakutsiz emakumeak ez direla zertan objektu artistiko huts izan, subjektu ere badirela, artearen munduan sortzaile eta eragile aktibo. Eta agerian uzten dute egungo ustezko berdintasun egoera itxurazkoa eta faltsua dela.
Historikoki ikusezintasunera zigortuak izan diren emakumeen lana balioetsi du Arakisek, eta emetasunari buruzko irudikapen berriak aurkeztu, Pasahitzak deritzon erakusketa zikloaren bitartez besteak beste. Beren ibilbideari ekiten ari diren artista gazteei kulturguneko ateak ireki dizkie, EHUrekin elkarlanean antolaturiko Next deialdiaren bidez. Artea eta ikerketa sustatzeko beka egitasmo bat abian jarri du, halaber. Eta dagoeneko bide bat egin duten artista arabar esanguratsuek bakarkako erakusketak egiteko aukera izan dute.
Azken bi erakusketak
Baina, gauzak zer diren, Montehermoso «herritarren bizkar» kudeatu izana egozten dio Arakisi Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko EAJkozinegotziak. Eta ildo horri segitzen diote, orobat, Serranoren adierazpenek. «Proiektua aldatu egin behar» dela esan du, «eta herritar guztien esku jarri». Aldaketa onartuz gero, Arakisek «ateak irekiak» dauzkala gaineratu du. «Erabakia haren esku dago». Baina jakina da, eta honezkero Serranok ere badaki, Arakisek ez duela bere proiektua aldatuko. Berriro jaio beharko luke hartarako.
Montehermosoko zuzendariak ez du bere erabakia jakinarazi oraino; ez ofizialki bederen. Nolanahi den, urtarriletik aurrera aurreikusita zegoen egitaraua bertan behera geratu da, eta ozta-ozta lortu du urtea amaitu bitartean pentsatuak zeuzkan bi erakusketei eustea: Pasahitzak zikloaren azkena eta performance feministaren inguruko beste bat.
Ondoren Montehermoso nork kudeatuko duen argitzeko dago, baina lehiaketaren deialdirik ez du egin udalak. EAJk proposatu du halakorik ez egitea eta zentroa udalak berak kudeatzea, aholku batzorde baten bidez.
Arakisen aroaren amaiera
Xabier Arakistainek urtarrilean utz dezake Montehermoso zentroko zuzendari postua, PPk ildoa «aldatzeko» asmoa agertu baituIkuspegi feministan oinarrituriko proiektua zuzendu du, eta EAJk gogor kritikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu