Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua poema liburua ahanzturaren atzaparretatik erauzi eta berreskuratu beharra aldarrikatuko du Karmelo Landa literatur irakasle eta ikerlariak bihar, 10:00etatik aurrera, Bilboko La Bolsa aretoan, Literatura Eskolaren 2011-2012ko ikasturteko estreinako saioan. Arestik poesia soziala Harri etaHerri poema liburutik aurrera landu zuela dioen ustea zalantzan jarriko du Landak, uste baitu Arestik «lehenagotik» zuela «barne borroka bat, oso arestianoa», eta borroka horretan ari zela ildo berri hori egosten. «Neurri handi batean Zuzenbide debekatua-ren bertsio behin betikoan gauzatzen da ildo berri hori», Landaren ustez. «Poetika berri bat estreinatu zuen Arestik Zuzenbide debekatua poema liburuan».
Hala ere, liburu hori ez da modu autonomoan argitaratu oraindik. Izan duen argitalpen bakarra Susa argitaletxeak Arestiren obra osoen barruan 1986an egindakoa da. «Obra osoaren barruan, inork ez dio erreparatzen Zuzenbide debekatua-ri». Horregatik, liburuak berrargitalpen autonomo eta eguneratua merezi eta behar du, Landaren iritziz.
Arestik 1960 eta 1961ean idatzi zuen Zuzenbide debekatua. Lizardi sarira aurkeztu zuen lehenik poema liburua, baina epaimahaiak ez zuen saritu. Arestik uste zuen saria merezi zuela, eta bere euskara moldeagatik baztertu zutela, ez merezimendu literarioen eskasiagatik. Haserretu, eta poeta gisa dimisioa ematera eraman zuen haserre horrek, gero dimisio hori gauzatu ez bazuen ere. Zuzenbide debekatua-ren beste bertsio bat ondu zuen, aitzitik, gaur egun obraren behin betiko bertsiotzat jo daitekeena. Bertsio hori da batez ere Landak defenditzen duena.
«Aurretik Maldan behera-rekin saritu egin zuten», ekarri du gogora Landak. «Liburu hartan poesia hermetikoa egin zuen, oso landua, oso kargatua, kritikaren aldetik oso ondo hartua, baina horrek ez zuen asebetetzen. Hitzaldi batzuk eman zituen Donostian, poesiaz eta euskal poesiaz, eta hitzaldi haietan poesiak herriarengandik hurbil egon behar duela esan zuen, poesiak eragin egin behar duela. Horretan zebilen Zuzenbide debekatua idatzi zuen garaian. Moisesi buruzko poesia luze bat prestatzen ere ari zen, baina Maldan behera, Moisesen poema eta ildo hori guztia krisian sartuta zegoen ordurako».
Krisi hori garaiko gertaera batzuen ondorio delakoan dago Landa. «Justu urte horietan, lehenxeago, 1959an Poliziaren sarekada bat gertatu zen, eta gazte batzuk atxilotu zituzten; horien artean, Gabriel del Moral Zabala zegoen, Arestiren lagun handia. Kartzelara sartu, eta torturatu egin zuten. Arestik Zuzenbide debekatua-ri behin betiko forma ematen dionean, eskaintzen arteko bat Del Morali eta harekin egon ziren guztiei egina da. Bestetik —eta hau neuk ondorioztatu dut, berak ez baitu esaten—, poema batzuek erreferentzia egiten diete orduko gertakari tragiko batzuei. Adibidez, bada Gasteiztik Bilbora zihoala kontrol batean geldiarazi eta hildako gazte bati buruzko poema bat».
Nazioarteko gertakariez
Horretaz gain, nazioarteko gertakarien inguruko erreferentziak ere badira liburuan, Patrice Lumumbaren bahiketari eta hilketari buruzkoak, Che Guevarari buruzkoak… «Ikaragarria da, Zuzenbide debekatua zehatz-mehatz aztertuz gero, zenbat erreferentzia agertzen diren garai hartako nazioarteko gertaerenak, eta zenbat erreferentzia dauden nazioarteko literaturakoak ere, Karta jokoa atal oso originalean, adibidez».
«Arestiren poesiaren norabide aldaketa garrantzitsubat ikusten da», beraz, Zuzenbide debekatua-n. «Oso gertakari zehatzek inspiratutako poesia egiten hasten da. Mami handiko liburua da, eta nire jarrera pertsonalarekin lotutako liburua ere bai. Nik uste dut hemen gertatzen ari denaren inguruan sentiberatasun handiagoa lukeen literatura eta poesia ildo baten beharra dagoela, frantsesek engagé deitzen dioten horrena… Nik ez nioke soziala deituko, kontzeptu horrek estali egiten duelako lagundu baino gehiago; baina inguruarekiko, bizitzarekiko eta gatazkekiko sentiberatasun handiagokoa. Eta uste dut Arestik horixe egiten duela Zuzenbide debekatua-n» .
«Arestik poetika berri bat estreinatu zuen 'Zuzenbide debekatua' liburuan»
'Harri eta Herri'-ren aurreko poemategiaz ariko da Karmelo Landa bihar, Bilbon, Literatura Eskolako lehen saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu