Argazkia, artelan eta lekuko

Azken hiru hamarkadetako Mendebaldeko argazkilaririk «garrantzitsuenen» lanak bildu dituzte Bilboko AlondegianOrdoñez Falcon bildumako lanen hautaketa batek osatzen du 'Oroimenaren topografiak'

Beat Streuli argazkilari suitzarraren lanetako batzuk, Bilboko Alondegian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Denborak aurrera egin ahala, oroipenak lausotuz doaz, berreraikitzen ditugu batzuetan, galdu besteetan. Argazkigintzak momentu, aurpegi edo leku bat klik batean izozteko ilusioa zabaldu zigun aspalditik, papereangordeta betirako iraungo zutenaren ilusioa eskaini zigun. Azken finean, gure Oroimenaren topografiak eraikitzeko aukera zabaldu zigun, eta hori da, hain zuzen ere, Bilboko Alondegiko erakusketa aretoan inauguratu berri duten erakusketak egiten duena. Mendebaldeko gizartearen azken hiru hamarkadetako oroimena gorde eta plazaratzen dituzten 28 egileren 71 lan daude ikusgai berton, horietako guztiak argazkiak dira, bideo bat kenduta. Apirilaren 15era arte izango da ikusgai.

Azken hamarkadetako mendebaldeko argazkilaririk esanguratsuenen lanak bildu dituzte. Besteak beste, Xavier Ribas, Allan Sekula, Thomas Ruff, Dan Graham, Dorothea Lange, Brassai, Gabriel Basilicoren lanak daude ikusgai. Horietako batzuk lehen aldiz ikus daitezke Euskal Herrian. Bilboko Alondegiak TEA Tenerife Espacio de las Artes Espainiako museoarekin elkarlanean antolatutako erakusketa da. Apirilean Alondegia utzi eta Tenerifera eramango dute. Ordoñez Falcon argazki bildumaren aukeraketa txikia da hemengoa. Espainiako argazki bildumarik «garrantzitsuenetakoa» da, Carles Guerra erakusketako komisarioaren hitzen arabera.

MACBA Bartzelonako Arte Garaikideko Museoko kontserbatzaile buruak «zentzuzko istorioa» eraiki nahi izan du aukeraketa egitean, horrekin batera, argazkigintzaren azken hamarkadetan sortutako «tentsioak» plazaratu nahi izan ditu. Argazkien alde askotarikoa ikertuz, dokumentuaren eta arte kontzepzioak aurrez aurre jarri eta uztartu ditu.

Erretratuak, paisaiak, natura-hilak eta irudi abstraktuak bildu ditu horretarako. «Bildumak ez du istorio hau bere barruan, aukeraketaren eraginez sortu da. Oso garrantzitsua zen niretzat argazkigintza tentsio gune gisa erakustea, non bere artistikotasuna eta dokumentaltasuna kolokan dagoen, merkatuan duen balioa eta hedabideekin duen harremana zalantzan jartzen duen, bere independentzia erlatibizatzen duen»; hala azaldu du.

30eko urteetako erreferenteak

Aukeratutako argazkilari gehienak 80ko urteetatik honakoak badira ere, Dorothea Lange, August Sandler eta Brassairen argazki bana ere ikus daitezke. 30eko hamarkadako hiru argazki dira, zuri-beltzean, argazkiaren dokumentu eta arte izaera barruan badituzte ere, dokumentu izaera oso agerikoa da lange eta Sanderren lanetan. Elkarrizketan jarri nahi izan dituzte garai bietako argazkilarien lanak: «Azken hamarkadetako argazkilaritzak zeri erantzuten dion gogorarazi nahi genuen».

80eko eta 90eko argazkilariak artistak dira, eta beraien lanak instantea izoztu ez ezik unea eratu ere egingo dute, batzuetan oso era markatuan, Erwin Olaf-en lanetan kasu; besteetan, ez horren forma agerikoan; horren adibide da Allan Sekularen lantegi bateko irteeraren argazki sekuentzia: «Sekula argazkigintzaren ohiko historialari eta argazkilaria da; haren lanetan ikus dezakegu irudiak berak berba egiten duela,idatziko testua balitz bezala». Hitz egiten duen argazkiaren ideia, ideia modernoa da, eta hori irudi fotografikoa arte gisa ikusteko gakoetakoa da.

Guerrak azaldu bezala, argazkilaritza testuari laguntzekoedota etxean oroimen gisa izateko sortu bazen, hasieran; gero leku publikoa hartuko du hitzen beharrik gabe. Hala ere, horretarako argazkia serie baten barnekoa izan behar du, haren ustez: «Argazki bakarra izanez gero, paper zati hutsa baino ez dugu. Argazkiak diskurtso oso bat sortzeko sekuentzia baten beharra du, bere osoko esanahia plazaratu ahal izateko». Hitz horiei jarraituz, erakusketako lan guztiak serieetan antolaturik agertzen dira. Serietik harago, irudiek zentzu berriak hartzen dituzte erakusketako beste lanekin elkar harremanetan. Alde horretatik, oso pozik agertu da Enrique Ordoñez bildumaren sortzailea; haren ustez, Guerrak bildumari eta piezei begiratzeko forma berria ekarri, eta era horretan «aberastu» ditu.

Bere kabuz hitz egiteko ahalmenarekin batera, bestelako ezaugarriek ere bihurtuko dute argazkilaritza arte. Irudi fotografikoek izaera alegorikoa lortuko dute hamarkada horietan; horren adibide dira Richard Princeren Cowboys and Girlfriends serieko argazkiak. Princek aurreko hamarkadetako tabako amerikarraren kanpainetako irudiak ekartzen ditu gogora, ikuspegi berria ekarriz.

Formatu handiko argazkiak nagusitzen dira erakusketan, izan ere, 80ko hamarkadatik argazkigintza tamainaz hazten da, «puztu»egiten da beste arteen begirune bera lortzeko asmoarekin: «Argazkilariek beraien lanei museoetan ikusgai diren margolan handien antzera begiratzea nahi dute, argazkia ez da gehiago dokumentu soila izango, baizik eta arte pieza ere izango dela».

Lan artistiko eta dokumentu

Guerrak argazki dokumentua eta artistikoaren arteko binomioa haustu nahi izan du, eta horretarako argazki abstraktuak eta dokumentalak aurrez aurre jarri ditu. Abstrakziorako bidea hartzen duten Frank Thiel eta Wolfgang Tillmans-en argazkiak, Edward Burtynskyren industria paisaiekin eta Gabriele Basilicoren gerra osteko Beiruteko argazkiekin aurrez aurrez kokatuz: «Argazkilaritzaren gaitasunen artekoa da hori, urruneko errealitateak aurrez-aurre jartzea, pertzepzio berri bat sortuz; gerra paisaia suntsitua industria arrastoekin bateratuz».

Hala ere, gutxitan galtzen du argazkiak dokumentu izaera hori, nahiz eta guztietan sorkuntzarekin guztiz lotua dagoen. Erakusketak azken hiru hamarkaden inguruko diskurtsoak bildu eta industria hirietatik kontsumo hirietarako ibilbidea egiten du Ikusleak pausoz pauso estalgabetzen ditu hiri pasaia eta erretratuak, eta pixkanaka-pixkanaka egiten du salto industriatik kontsumora.

Industria eta kontsumo gizarteen arteko tarte horiek lausotu egiten dira eta Burtynskyren paisaia industrialetik, Beat Streuliren New Yorkeko hiritarren argazkietara salto egiten du ikusleak, eta handik Xavier Ribasen 90ko hamarkadako Bartzelonako aisi leku berrietara: «Industrializazio lekuetatik gertu asteburuetako aisia leku berriak irudikatzen ditu Ribasek, langile klasearekin agertzen den geografia berria; nora eta doazen lekuetara aisia gune berriak sortzen duten, berton mahai bat eta hainbat aulki kokatuz. Ez da kontsumo erdigunerik edo leku turistikorik irudikatzen;hiriaren okupazioaren irudiak baizik».

Guerrak argitu duenez, haren asmoa zen argazkiaren izaeren arteko izaera askotarikoa agerian ustea eta, izan ere, lortu egiten du. Irudien izaera dokumentala zein artistikoa izan, artea aldarrikapenerako arma ere bada. Izaera hori oso indarturik agertzen da Guerrak sortutako hari diskurtsiboan. Ribasen dokumentu artistikoekin batera, Paul Grahamen kaleko erretratu artistikoak, edota Thomas Ruffen nortasun agirietako argazkien antza duten erretratuek, salaketa sozialaren kutsu nabarmena dute. Hala ere, salaketa izaera horrek, argazki dokumentalen kasuan, beste bidegabekeria bat sortzen du: «Argazki dokumentala, bidegabekerien kontrako arma bada ere, bidegabekeria ere bada, egoera bortitza jasaten ari den pertsona betirako testuinguru horretan izozten duelako besteon begietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.