Argi berezia du Mediterraneoak. Kostaldeko herrixketako etxe zuriek are zuriago dirudite eguzkiaren argitan, begiei min emateraino sarri. Argitasun horrek artista ugari erakarri izan ditu inguru horietara. Eta argazkilaritzan argiak duen garrantzia kontuan hartuta, ez da harritzekoa Pedro Gimenez Jareño argazkilariak Eivissa (Balearrak, Herrialde Katalanak) hautatu izana bere proiekturako. Argitasuna jaso du bere irudietan, zuri-beltzean jaso ere, eta, harekin batera, hormek osatzen dituzten irudi geometrikoak, eta haietan argi-itzalek egiten dituzten jolasak erretratatu nahi izan ditu. Irlan ateratako argazkietatik 34 Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen ikusgai jarri dituzte, urtarrilaren 16ra bitarte.
Almerian (Espainia) jaioa da, eta Madrilen bizi da Gimenez, baina hiru hamarkadako harremana du Eivissarekin. Ostalaritza negozio bat zuelako joaten zen lehen, baina argazkiak ateratzera baino ez doa aspaldian. Duela hamabost urte hasi zen irlako hainbat txokotan lehen argazkiak egiten, zerbait iradokitzen zioten lekuak erretratatzen. «Eivissako nekazaritza eremuko arkitektura deitzen diot nik proiektu honi». Bertako etxeen hormak eta argi-itzalak sormen iturri agortezin bilakatu zaizkio, uhartean zehar gora eta behera jarraitzen baitu ordutik, txoko berrien bila.
«Geometriak, testurak, bolumenak eta itzalak bilatuz konposatzen ditut nire argazkiak». Elementu horiek ageri dira Hormak argitan erakusketako irudi guztietan. Zenbaitetan naturari lotutako elementuren bat ere agertzen da, adar edo landare txikiren bat gehienetan, baina «modu sinbolikoan» ekarri nahi izan ditu horiek argazkietara, presentzia handirik eskaini gabe. «Adarrak, esaterako, nahiko biluziak egoten dira, zuhaitzak loretan ez dauden garaiak bilatzen ditudalako hartarako. Baina guztietan zer edo zer ikusten dut nik. Agian zuek ez duzue ikusiko, baina nik argazki honetan txinatar baten aurpegia ikusten dut, eta bi dantzari beste honetan», dio, horma batean landareak ageri dituzten bi argazki erakutsiz.
Erakusketa osatzeko azken hamar urteotako argazkiak aukeratu ditu Gimenezek, eta horietatik heren bat inguru aurten ateratakoak dira. Kamera analogikoa baliatu du irudi guztietan, eta argazki bakoitza konposatzeko txokoa hautatu ostean, argi egokiaren zain egon da. «Hainbat argazkik ordu asko dituzte. Argia asko aztertzen dut, argia dena baita argazkiarentzat, eta erretratatu nahi dudan lekuari nola eragiten dion begiratzen dut; konposatu, eta nahi dudan argiaren zain egoten naiz, ehiztari bat banintz bezala». Badira momentuan ateratakoak ere, leku egokitik une egokian igarotzearen fruitu direnak.
Zenbaitetan kamera etxean utzita eta koaderno baten laguntzaz atera izan da «argazki bila»; koadernoan marrazkiak egin, lekua bilatu eta kamerarekin itzuli izan da bertara lanera. Irla alde batetik bestera zeharkatu du zeregin horretan, baina inguru berean argazki bat baino gehiago ere topatu izan ditu. «Ez ditut argazki asko egiten; aurretik asko pentsatzen ditut, ez baitut gustuko lekua tiroz jostea».
Inguru ezagunean
Halako argazkiak beste hainbat lekutan egiten saiatu da Gimenez, Almeria edo Cadizeko herri zurietan kasu, baina emaitza ez dela bera dio. «Zergatik? Inguratzen nauen espazioa, argia edo mugimendua kontrolatu beharra dudalako, niretzat ezaguna izatea behar dudalako». Bertako argia maite du, horrek erakartzen du, batzuetan mingarria ere badela onartuta ere. «Hormak karez zurituta daude, eta eguzki argiak bertan jotzean itsutu egiten zaitu. Begiak itxi eta deskantsatu beharra izaten dut tarteka, negarrez hasten baitzaizkit bestela, hainbeste orduren ostean».
Eivissako hormei argazkiak ateratzeko proiektuarekin hainbeste urte daramatzala ikusita, besterik ez ote duen egin behar galdetzen omen diote ingurukoek. «Ez dakit, baina zergatik ez? Ongi pasatzen dudan bitartean, horretan jarraituko dut, hori baita nire helburua. Zorionez, ostalaritzaz bizi naiz, ez argazkilaritzaz eta, hortaz, nahi dudana egiteko aukera badut». Enkarguzko lanak ere egiten ditu tarteka, baina bestela, zaletasun hutsa da beretzat argazkilaritza. Horregatik, bere argazkiek ez dutela «saldu behar horren presioa» dio. «Jatekoa izateko egingo banu, edozein lan hartu beharko nuke, baina modu honetan, ez nau ezerk baldintzatzen nahi dudana egiteko». Eivissara kamera eskutan itzuliko dela zalantzarik ez du.
Argi-itzalen jolas geometrikoak
Azken hamarkadan Pedro Gimenez Jareñok Eivissan zuri-beltzean hartutako 34 argazki daude ikusgai Zarauzko PhotomuseumenKarez zuritutako etxeen hormak eta haietan osatzen diren argi-ilunak erretratatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu