Duela bi hamarkada Sonar jaialdia sortu zutenean, Ricard Robles, Enric Palau eta Sergi Caballerok bete-betean asmatu zuten haurrarentzat abizen bat aukeratzean. Aitzineko Musikaren Nazioarteko Festibala deitu zioten, gehiago zehaztu gabe. Urteak igaro ahala, deituraren bi zatiek esanahi osoa hartu dute. Molde guztietako proposamenak biltzen dituen espazio bilakatu delako Sonar, batetik, emankizun akustiko soiletatik imajina daitekeen muntaketa multimedia harrigarrienetaraino. Eta produktu globala bilakatu delako, bestetik, mundu zabaleko ikusleak erakarriz krisi ekonomikoari errekor guztiak txikituz erantzun diona. Hiru egun irauten duen festak ia ehun mila lagun bildu ditu aurten —%75 Kataluniaz kanpokoak—, aurreko marka baino sei mila gehiago. 2003tik zetorren hura, eta Bjork, Underworld, Aphex Twin, edo LCD Soundsystem behar izan zituzten jendetza erakartzeko. Aurten, entzute gutxiagoko izenak nahikoa izan dira sarrerak guztiz amaitu zitezen.
Sonar Day eta Sonar Night guneetan banatutako jaialdian, ohi bezala, gau parterako gordeta zeuden izenik handienak. New Orderrena baino handiagorik ez zegoen iragarrita, baina haien kontzertua azkar ahazteko modukoa izan zen. Festibalera bildu ohi ez direnen arreta bereganatu nahi zutenen artean askoz ere zapore gozoagoa utzi zuen Hot Chip-en emanaldi jostagarriak. Eta zer esanik ez The Roots Philadephia-ko hip-hop taldearenak; teknika harrigarria eta festarako sena dotorea erakutsiz, hankaz gora ipini zuten izarren gerizpean soul egarriz zegoen entzulegoa.
Bartzelonara asteburuan bildutakoen artean inork ez du, ordea, Lana Del Rey estatubatuarrak adinako eztabaidarik sortu. Artista zaildua izan baino lehen ikono mediatiko bihurtu izanak halako susmo txarra zabaldu du haren inguruan, eta, ziur aski, ikur prefabrikatuaren ospea uxatzerik ez du, ez, sekula lortuko. Hala eta guztiz ere, haren ehunka jarraitzaile histerikoez gain inork ezer gutxi espero zuelako edo Del Reyren emanaldia entzutera joan zirenek txalo zaparrada batekin agurtu zuten diva sortu berria.
Ezusteko alaiak
Sonarraren DNA gailu elektronikoekin landutako dantzarako musikak osatzen du, eta aurten ere moda-modako sandalia garestien zola gastatzeko aukera izan da. Musika eta osagarri bisualak uztartuz show berritzaileak aurkeztu dituztenenen artean Amon Tobin eta Squarepusher nabarmendu dira. Batak ISAM muntaketa erraldoiaz entzundako guztia motz geratzen dela erakutsi zuen. Besteak, jazzarekin esperimentuak laga eta abangoardiako musikara indarrez itzuli dela. Ez zen ezusteko alai bakarra izan. Errutinan murgilduta zegoela zirudien bolada luze bat eta gero, Richie Hawtin techno artista zailduak ere errukirik gabeko beat zaparrada jaurti zion metro gutxitara dantzan zuen jendetzari.
Gupida gutxien azaldu zutenak, hala ere, Diamond Version osatzen duten bi artista alemaniarrak —Alva Noto eta Byetone— eta Atsuhiro Ito japoniarra izan ziren. Perkusio ezin oldarkorragoak baliatu zituzten Raster Noton zigiluko biek giro apokaliptikoa sortu ahal izateko, eta Itok eraldatutako hodi fluoreszentea erabili zuen gitarra bat balitz bezala soinu martetarrekin kontrapuntua jartzeko. Eta begira zeuden gehien-gehienek eskerrak eman besterik ezin izan zuten egin, errepikatuko ez den momentu bat —hiruren arteko kolaborazioak ez du iraungo— bizitzeko aukera izan zutelako.
Argi izpiak etorkizunerantz
Sonar jaialdiak bere markak apurtu ditu, estiloen aukera zabaldu eta inoiz baino ikusle gehiago erakarrita. Hot Chip eta The Rootsek arrakasta ozena lortu dute Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu