1989tik urtero egin ohi duen bezala, Argia astekariak Argia Sariak eman ditu gaur, 2009an euskarazko komunikazioaren arlo ezberdinetan nabarmendu direnen artean.Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Txitxardin Beltxa jatetxean egin dute sari emate ekitaldia, 16:00etan. Xabier Letona Argia-ko zuzendariak egin du sarrerako hitzaldia.
Ohi bezala, sei arlo ezberdinetan banatu dituzte sariak. Interneten alorrekoa grebaorokorra.info-ri eman diote. “Elkarlanaren adibide” gisa paratu dute webgunea, eta informazio alternatiboa ematearen alde egindako lana baloratu dute. Iazko maiatzaren 21ean Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba orokorraren jarraipena egiteko sortu zen interneteko atal hori.
Prentsa alorrean, Itxaro Borda saritu dute, egunero BERRIAN idazten dituen artikuluengatik eta gaztetatik prentsan eta literaturan egin dituen ekarpenengatik.
Telebistako saria, berriz, Eriz Zapiain zinegileari eman diote, Zai-Zoi-Bele dokumentalarengatik. Zapiainek Ez dok amairu taldearen ibilbidea bildu du lan horretan.
Irratigintzan Agin Rezola erratariaren lana nabarmendu dute, Info7 irratiko Bostetako diligentzia saioarengatik. Era berean, Rezolak iazko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari egindako jarraipena azpimarratu nahi izan dute.
Publizitatearen saria AEKri eman diote, iazko matrikulazio kanpainarako egin zuen iragarkiarengatik, Euskara ikasteko biderik laburrena lelopean.
Azkenik, merezimenduaren saria Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoei eman diete, orain arteko ibilbide luzea omentzeko.
Argia.com-ek ekitaldia zuzenean eman du.
Komunikabideak
Argia Sariak eman dizkiete 2009an euskarazko komunikazio arloan nabarmendu direnei
Sarituak grebaorokorra.info webgunea, Itxaro Borda idazlea, Eriz Zapiain zinegilea, AEK euskarazko alfabetatze erakundea, Agin Rezola irrati errataria eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu