THE REVERENDOS
'PREACHIN''
Gaztelupeko Hotsak
Hirugarren diskoa kaleratu berri du Bilboko rhythm & blues eta swing talde beteranoak (1997an sortu zuten Igor Garcia abeslariak eta Alvaro Martinez gitarristak). Javi Caballero bateria jotzaile berriarekin (Juke Box Racket) grabatu dituzte hamar kantu hauek, estudioan denak batera joz. Taldeak lau pieza sortu ditu, eta horien artean Bilbao, LA nabarmentzen da, Professor Longhair eta New Orleansi egindako omenaldia. Gainerakoen artean, kantu ezagunen bertsioak daude (Got my Mojo Workin', Route 66, Boppin' the Blues, Don't you be Angry), The Reverendosen soinura egokiturik.
WILD BEASTS
'SMOTHER'
Domino Records
Hayden Thorpe abesten hasi eta Antonyren eta Jimmy Sommervilleren espirituak agertzea, dena da bat. Falseto bereziarekin abesten baitu askotan Wild Beastsen kantariak. Baina Smother ez da molde neoklasikoetara edota synth-popera lerratzen, Ingalaterrako talde honek ikuspegi zabalagoa erakusten du. Beti pop kantuaren formatuari atxikita, misterioa baino gehiago, sentsualtasuna transmititzen du, egitura eta instrumentazio bihurriko kantuak erabilita. Twin Shadow eta Radiohead ausartenen artean, oso disko interesgarria da Smother.
LüGER
'CONCRETE LIGHT'
Giradiscos
Madrilgoen bigarren lana iazko disko homonimoaren jarraipena da. Boskoteak galaxia psikodelikoetan barrena dabilen espaziontzia pilotatzen segitzen du temati. Intentsitate handiko une instrumentalek bultzatuta aireratzen dira sei doinuak, ahotsa lantzean behin agertzen den arren, sintetizadore obsesiboak gidaturiko Monkeys Everywhere-n kasu. Shirokovsky pallasite I eta II-n rock progresiboa eta space-rock obsesiboa lotzen dituzte. Esperimentaziorako tartea ere bada, Zwischenspiel / Quidquid latet apparebit doinuko sitarra tarteko. Hazi egiten da.
Musika. Argitaratu berriak
Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu