Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

ANDONI TOLOSA, MIKEL LIZARRALDE, JULEN AZPITARTE
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
SOPHIA CHARAI

'PICHU PICHU'

Emarcy

Kabaret, chanson, rock eta Magrebeko musika… zenbat osagarri gehiago beharko genituzke Parisen bizi den Casablancako musikariaren lana definitzen saiatzeko? Ez dakit bada. Baina kantari eta aktoreak zentzu eszeniko zabala eta, kasik, mugagabea duela erakusten du bigarren disko honekin. Ahots indartsua eta aberastasun musikala. Azala bezain koloretsua da barrukoa, eta estimatzekoa da grisak hain agerian ditugun garai hauetan. Ez kezkatu, ez da beste fusio disko bat, piezaz pieza entzulea irabaztea lortzen duen lan batzuetan kurioso, besteetan alaia baizik...

THE FEELIES

'HERE BEFORE'

Bar/None Records

Time for a Witness grabatu eta hogei urtera itzuli egin da 80ko hamarkadan AEBetan sortutako talde interesgarrienetakoa. Glenn Mercer eta Bill Million ez dira dagoeneko Crazy Rhythms (1980) anfetaminiko, minimalista eta klasiko hura grabatu zuten nerabeak, baina denboraz gaindiko rock-and-rolla egiteko trebezia mantentzen dute. Batzuetan lasaitu egiten dute tempoa (Morning Comes), besteetan bizitu (When You Know, Time Is Right), baina ezeren gainetik, melodia soil baina ederrak eta gitarren arteko jokoak eskaintzen ditu Here Before-k.

THE EXCITEMENTS

'THE EXCITEMENTS'

Penniman Records

Bartzelonako bandak 60ko hamarkadako rhythm&soul doinuak jorratzen ditu kementsu. Emaitza dotorea eta dantzagarria da, batez ere Koko-Jean Davis abeslari beltzak erakusten duen dohainarengatik eta Pere Puertas gitarristaren abilidadeagatik. Atzean beste bost musikari dituztela aintzat hartuta, ahotsaren eta gitarraren arteko konbinazio ahaltsuak Ike & Tina Turner gogorarazten ditu. Hala ere, senar-emazte iskanbilatsuaren bertsiorik ez dute bildu, bai ordea Little Richarden Never Gonna Let You Go eta Barbara Stephensen Wait a Minute mundiala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.