ASIAN DUB FOUNDATION
'A HISTORY OF NOW'
Cooking Vinyl
ADF taldeak soinu propioa lortu zuen lehen diskoarekin, eta orduz geroztik hip hop, rock, reggae, drum & bass eta Punjabiko musikaren arteko nahasketaren alde guztiak erakutsi dizkigute 12 diskotan. Ezagutzen duenak badaki zer den, eta A History of Now irekitzen duen A New London Eye entzunda, badaki, londrestarrek ez dutela kantu indartsuak eta testu «bortitzak» uztartzeko ohitura alde batera utzi. Egia da azken urteotan kaleratu duten lanik osatuenetako bat izan daitekeela, baina funtsean ADFren beste lan bat da, horrek dituen onura eta muga guztiekin.
ZA!
'MEGAFLOW'
Acuarela
Ikaragarria. Gehienetan onerako. Halakoa da Megaflow, Bartzelonan finkatutako bikote horren —Spazzfrica Ehd eta Papa duPau— bigarren diskoa. Kaotikoa, esperimentala, tribala, batzuetan ulertzeko zaila, hipnotikoa eta ezuste sortzailea. Lehenengo entzunaldian disonantziek eta free-jazz, world music, abangoardia eta zarata uztarketak atzera bota dezakete norbait —nik bi eta hiru entzunaldi baino gehiago behar izan ditut—, baina bere sarean harrapatuz gero, ez zaitu erraz alde egiten uzten Megaflow-k. Musika askea inondik ere.
ASKOREN ARTEAN
'R&B HIPSHAKERS VOL. 2: SCRATCH THAT ITCH'
Vampisoul
Federal eta King diskoetxeen sotoetatik berreskuraturiko 20 rhythm and blues eta soul kantu jaso ditu Vampisoulek. 1957-1967 bitartean grabaturikoak dira, eta gehienak orain arte berrargitaratu gabeak. Tartean, doinu instrumentalak (Freddy Kingen The Bossa Nova Watusi Twist dantzagarria); gongaren soinuarekin lagunduriko balada bakarra (Mary Johnsonen You have my blessings); eta dantza-pista zartarazteko bi lehergailu: Johnny Watsonen I Say, I Love You eta Otis Reddingen Shout Bamalama. Aldakak astintzeko aukera itzela da.
Musika. Argitaratu berriak
Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu