MUSIKA
Argitaratu berriak
DANYEL WARO
'AOU AMWIN'
COBALT
Reunion irlako maloya musika ezagutarazteaz gain, Waro bada bertako kultura kriolloaren defendatzaile sutsua, baita aktibista kultural eta politiko eraginkorra ere. Beraz, ez da harritzekoa gizon honen disko bakoitzak hautsak harrotzea eta hein handi batean gogoangarria gertatzea. Aou Amwin mardul honetan (bikoitza da), artistak Afrika beltz eta Ozeano Barean zubian eraikitako maloyaren beste lezio gaurkotua ematen digu. Ahotsak eta perkusioak dira honetan ere ezaugarri nagusiak, nahiz eta aipamen berezia egin behar A Filetta talde korsikarrarekin zein Tumi hego afrikar raperrarekin burututako elkarlanari. Topikoetatik urruti dabilen disko ederra da.ANDONI TOLOSA
MERCEDES PEON
'SóS'
FOL / BOA
Laugarren diskoan Coruñako artista urrutiago abiatu da, world music estiloa gainditzeko asmoz. Metalezko kaxa batean hamar kantu aurkezten dizkigu. Etxeko sustraiak ahaztu gabe, beste munduetara garamatza, askotan elektronikaren laguntzaz: Elas-en Magrebeko giroak islatzen dira, emakumearen aldeko Derorán-en Mercedes borrokalaria topatzen dugu, Sao Paulo-n Brasilgo milaka aurpegik elkar egiten dute, Anacos-en ska mestizoan murgiltzen zaigu kantaria, Babel-en munduan barrena abiatzen gara hainbat hizkuntzatan... Lehen entzunaldian pieza gehiegi dira, baina gero beren espazioetan kokatzen dira, SOS mezu hori ulertarazi arte. JOSEBA MARTIN
TWIN SHADOW
'FORGET'
4AD-TERRIBLE
Birziklapen garai hauetan, gustura hartzen dira Twin Shadowren estreinako lanaren trazak dituzten diskoak. Ez erreferentzia faltagatik. Alderantziz. George Lewis Jr newyorktarrak ez du ezkutatzen new wave-arekiko eta 80ko hamarkadako pop sofistikatuarekiko zaletasuna, baina ez dago hemen pastitxearen usainik, eta bai Lewis ikasle txukuna izan dela dioten kantu dotore eta zenbaitetan zirraragarriak, hala une euforikoetan (At My Heels) nola tristeagoetan (Tyrant Destroyed). Norabide bakarreko diskoa egin beharrean, funka (baxu horiek!), soft-popa, The Smiths eskolako popa (Slow) eta Depeche Modetik gertu dagoen synth-popa uztartu baitu. MIKEL LIZARRALDE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu