Arloko eragileen onarpena

Juan Luis Zabala
2003ko irailaren 25a
00:00
Entzun
uskara zinema aretoetako pantaila handira ahalik eta sarrien heltzeko ahaleginetan ari diren profesionalen ikuspegian, aintzat hartzeko moduko lan txalogarria da Tinkok azken hamar urteotan egin duena. Juan Bautista Berasategiren, Joxean Muñozen eta Eneko Olasagastiren adierazpenok dira horren adibide. Gerora begira egin beharreko pausoei buruzko iritziak ere eman dituzte.

Juan Bautista Berasategi

(Zinema zuzendaria)

«Ekimen interesgarri eta positiboa iruditu zait hasieratik, txalogarria»

Sortu zenetik, beti iruditu zaio «ekimen interesgarri eta positiboa, txalogarria» Juan Bautista Berasategiri Tinkok duela hamar urte abian jarritakoa. «Gainera, kontuan hartu behar da kultur elkartea dela Tinko, irabazi-asmorik gabekoa», dio. «Euskarazko zinemak oso leku gutxi izan du orain artean. Haur eta gazteentzat animaziozko lanak baino ez dira egin, eta Tinko bestelako aukerak eskaintzen ari da, oso interesgarriak. Txirri, Mirri eta Txiribitonengan oinarritutako film bat zuzentzeko asmoa dut, eta badugu banaketari begira Tinkorekin akordio bat sinatzeko asmoa».

«Orain artean haur eta gaztetxoei begira egin izan da lan batez ere bikoizketetan», eta beste adin batzuk aintzat hartzeko garaia dela uste du Berasategik: hamasei urtekoak, hamazortzikoak, hogeikoak... «Horretarako betikoa beharko da: laguntzak, erakundeen bultzada... Areto komertzialetan sartzea gero eta zailagoa baitago, izan ere».

Zailtasun horiei aurre egin ahal izateko, «banatzaile indartsu baten bultzada» aurrerapauso funtsezkoa litzateke. «Eta ez dago. Horregatik, aretoko arduradunek, exibidoreek eskuak lotuta dituzte. Nik uste dut, argi jokatuz gero, badagoela bide bat irekitzerik. Jendea prest baldin badago behintzat; eta Tinko prest dago, eta bultzada merezi du. Beste egitura batzuk sortzea baino eraginkorragoa izaten da esperientzia nork duen ikusi eta hari laguntza ematea».>

JOXEAN MUÑOZ

(Gidoilaria)

«Haurren artean publikoa sortzen lan handia egin du Tinkok»

«Haurren artean publiko bat sortzen lan handia egin du Tinkok», Joxean Muñozen ustez. «Gainera, bikoizketen kalitatea telebistan ikusi izan ditugun filmetakoa baino handiagoa da, ezagun du denbora gehiago hartzen dutela horretarako».

«Helduentzako filmen kasuan, hala ere, argi dago», Muñozen iritziz, «egin diren ahaleginek ez dutela emaitza onik izan, baina, jakina, hori ez da Tinkok konpon dezakeen arazoa, arazo konplexuagoa baizik».

Gerora begira, ahal izango balitz, beste pauso bat ematea komeniko litzateke haurrentzako filmekin, Muñozek dioenez: «Eskoletako emanaldiak oso ondo daude, baina leku batzuetan eta film batzuekin behintzat badago filmak eskoletan eskaini beharrean areto komertzialetan eskaintzen ahalegintzerik». Aretoetara film estandarragoak bideratu eta eskoletara, «hangoa publiko gatibua denez», bestelako batzuk eramatea iruditzen zaio aukera egokia Muñozi. «Baina ez dut datu zehatzik horrelako planteamenduak gauzatzerik badagoen jakiteko», ñabartu du hala ere.

«Helduetan, nik uste dut beste publiko bat bilatu behar dela», adierazi du Muñozek. «Nire susmoa da ez dela erraza produktu komertzialen euskarazko bertsioek ondo funtzionatzea. Beste arlo batzuk zabaldu behar dira, eta erdarazkotik aparteko eskaintza egin».

Film alternatiboen eskaintza horretan, egokia iruditzen zaio euskarazko azpitituluak dituzten filmen kopiak ematea, baina bikoizketa erabat baztertu gabe, «bikoizketa lantzeko eta zaintzeko aukera ematen baitu horrek, besteak beste».>

ENEKO OLASAGASTi

(Aktorea eta zinema zuzendaria)

«Arlo honetan zaila da arriskuak hartuz lan egitea, eta Tinkok hori egiten du»

Umeen harrobia landuz, gerorako ikusleak biltzea bide egokia iruditzen zaio Eneko Olasagastiri. «Enpresa txikia da, eta badakigu arlo honetan lan egitea zein zaila den, batez ere arriskuak hartzen direnean, eta Tinkok arriskuak hartzen ditu».

Egiten dena «murritza» iruditzen zaio hala ere, «beste arlo batzuetan egiten diren ahaleginekin konparatuz gero». Hori ez da, baina, enpresari eginiko kritika: «Jaurlaritzak erabiltzen dituen aurrekontuak ikusita, politika kosmetikoa iruditzen zait. Gainera, nire ustez, askoz lotuagoa joan behar luke beste ekimen batzuekin, haurrei begira egindako ekimena bakarrik izan gabe».

Helduentzako filmetan, jatorrizko bertsioari azpitituluak jartzearen aldeko den arren, «jendea zinemara erakarriko duen edozein sistema» du ontzat Olasagastik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.