Beaumarchais antzezlana aurkeztuko dute gaur Bilboko Arriaga antzokian. Josep Maria Flotatsen zuzendaritzapean, 30 aktore igoko dira oholtza gainera Sacha Guitry aktore eta gidoilari frantsesak 1950ean idatzi zuen lana antzeztera. Otsailaren 13ra arte egongo da antzezlana Bilbon.
Arriaga antzokiaren eta Madrilgo Español antzokiaren arteko koprodukzioa da. Hain zuzen ere, Español antzokian egin zuten antzezlanaren estreinaldi nagusia, joan den azaroan. Madrilen bezala, Bilbon ere Maria Adanez, Carmen Conesa, Ana Goya, Pedro Casablanc, Jonas Alonso, Mario Angulo, Miranda Gas, Crismar Lopez, Raul Arevalo eta Ramon Barea ariko dira, besteak beste, oholtza gainean aktore lanetan.
Zuzendaritzaz eta dramaturgiaz gain, Josep Maria Flotats agertokian rol nagusia antzezteaz ere arduratuko da. Franca Squarciapino Oscar sariduna arduratu da aktoreen jantziez, eta Ezio Frigerio, berriz, eszenografiaz.
Sacha Guitryk Beaumrchais idatzi zuenetik 61 urte pasatu dira. Iazko azaroan bihurtu ziren estreinakoz papereko hitzak aktoreen keinu. 1950ean bizitzako azken urteetan zen Guitry, eta ez zituen lana taularatzeko adina baliabide eskura izan. Sei hamarkada igaro behar izan dira.
Pierre-Augustin de Beaumarchais (1732-1799) antzerkigile frantsesaren bizitzako gorabehera nahasiek osatzen dute antzezlanaren hari nagusia. Korapilo politikoek, amodio katramilek, auzi judizialek zein AEB Ameriketako Estatu Batuen independentzia gerraren alde erakutsi zuen jarrerak antzerkigile frantsesaren inguruko nahas-mahasa eratzen dute.
Sevillako bizargina eta Figaroren ezteiak idazteagatik egin zen batez ere ezaguna Beaumarchais. Lehen lana Mozartek eraman zuen operara, eta bigarrena, Rossinik. Originaltasuna eta ausardia nabarmendu zituzten haren obrek. Baita haren biografiak ere.
Arriaga antzokira ailegatu da 'Beaumarchais'
'Sevillako bizargina' eta 'Figaroren ezteiak' lanen egilearen bizitza korapilatsua azaltzen du Sacha Guitryren obrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu