Sam Peckinpahen bi filmen remake-ak egingo direla jakinarazi dute orain gutxi. The Osterman Weekend (1983) eta Wild Bunch-ena (1969), hain zuzen. Iaz ere zuzendari mitikoaren beste bat egin zuten: Straw Dogs-ena (1971). Beti egin izan dira remake-ak, beti berregin dira filmak. Azken urteotan, ordea, ugaritu egin dira Hollywooden. Krisi garaiotan industriak ez duela istorio berriekin arriskatu nahi esaten dute adituek. Zuzendariek eta gidoilariek ideia berriak eta onak izanagatik, filmak egiteko dirua jartzen dutenek ez daukatela istorio berrietan sosik xahutzeko gogorik. Badaezpada ere…. Horregatik gertatzen ari dela remake-n ugaritzea.
Iaz, esaterako, 25etik gora remake egin ziren. Eta aurtengo kopurua ez da, ez, txikiagoa izango. The Great Gatsby (1974), Planet of the Apes (1968), Robocop (1987)… Total Recall-ena (1990) ere egingo da, adibidez. Ukitu futurista zuen Arnold Schwarzenegger eta Sharon Stone protagonista zituen filmak. Oraingoan Bryan Cranston eta Jessica Biel izango dira. Azken horri galdetu zioten ea jatorrizko filmarekin zerikusia ote zuen remake-ak, eta esan zuen, esaterako, «nahiko diferentea» zela: «Bai pertsonaiak eta bai istorioa ere berrasmatutakoak dira». Brian de Palmak 1976an zuzendutako Carrie-na ere egingo da. Stephen King-ek idatzitako izen bereko liburuaren egokitzapena izan zen hura. Oraingoa Chloe Moretzek zuzenduko du.
Halere, beti egin dira filmen remake-ak. The Magnificent Seven, esaterako, (1960) besteak beste, Yul Brynner, Steve Mcqueen eta James Coburn bildu zituen western klasiko arrakastatsua, Akira Kurosawa maisu japoniarrak 1954an filmatutako Shichinin no samurai-ren remake-a zen. Eta, bestela ere, oso ohikoa izan da liburuen egokitzapenak egitea. Edo ez soilik filmen remake-ak; baita telesail, antzerki obra edo bideo jokoenak ere.
Azken urteotan, 1980eko hamarkadan estreinatutako filmenak egiten ari dira dezente. Dirua jartzen dutenek badituzte joera hori justifikatzeko arrazoiak. Esaten dute zinemara joaten direnak 15 eta 18 urte bitarteko gazteak direla, eta film horiek egin zirenean artean ez zirela jaio. Ikusle helduei dagokienez, berriz, Hollywoodeko agintariek uste dute remake-a ikusteko gogoa edukiko dutela; kuriositate hutsagatik bada ere, sikiera. Film horietako askok, beharbada, ez zuten arrakastarik eduki estreinatu ziren garaian. Beraz, badirudi erokeria dela film horien bertsio berrituak aurkeztea. Baina dirua jartzen dutenek ondotxo dakite remake bati bidea irekitzea proiektu berri bati irekitzea baino errazagoa dela; eta askotan, gainera, ekoizpen etxe handietako arduradunek badakite ez daukatela dirurik jarri beharrik filmak errepikatzearren. Izan ere, dirurik ez dagoenean kontzeptu berritzaileak, ideia freskoak, ez dira ongietorriak izaten. Remake-k mozkinak ematen dituztela dio teoriak, hortaz.
Baina iaz estreinatutako 1980eko bertsio berrituek ez zuten zinemetan harrera ona eduki. Conan the Barbarian egiteak, adibidez, 65 milioi euroko kostua eduki zuen, eta 15 baino ez zituzten irabazi gero. Fright Night-ek, aldiz, 29ko kostua eta 13ren irabaziak. Izan ere, 1980eko hamarkadako gizartea eta gaur egungoa oso ezberdinak dira. Garai hartako film askok xalotasuna eta baikortasuna zuten oinarrian. Egun, ordea, agian indar handiagoa dute beste balore batzuetan sostengatutako argumentuek.
Jatorrizkoa baino hobeak
Orokorrean, remake-ek ez daukate fama onik zinema zaleen artean. Halere, izan dira jatorrizkoak baino harrera hobea izan dutenak. Orain dela bi urte, adibidez, Coen anaiek, Joelek eta Ethanek, True Grit ondu zuten; 1970ean Henry Hathawayk zuzendutako western-aren remake-a, alegia. Oscarretarako 10 izendapen jaso zituen Coen anaienak. Aurrenekoan John Waynek bete zuen protagonistaren rola, eta bigarrengoan, berriz, Jeff Bridgesek. Orain bost urte, beste western baten remake-a egin zuten; 3:10 to Yuma-rena. 1957koa, Delmer Davisek ondutakoa, klasiko bat da, baina 2007an James Mangoldek zuzendutakoak ere kritika oso onak jaso zituen. Russell Crowe eta Christian Bale aktoreak sasoi betean harrapatu zituen.
Remake-n inguruan badira, gainera, bitxikeriak. Days of Wine and Roses (1962), alkoholaren inguruko drama erromantikoa, 1958ko hamarkadan CBS telebista kateak ematen zuen Playhouse 90 telesailaren izen bereko kapitulu baten egokitzapena da. Scarface zinema beltzeko film bortitza ere remake bat da. Jatorrizkoa Howard Hawks maisuak zuzendu zuen, 1932an; bigarrena, Brian de Palmak, 1983an. Al Pacinok bete zuen Tony Montanaren rola, modu bikainean bete ere. Gaur egun, 30 urte geroago, zaila da zinemarekin lotutako dendaren batera sartzea, eta serigrafiatutako Montanaren kamisetekin topo ez egitea.
Estilo ariketak ahalbidetu ditu, aldi berean, filmak berregiteak. Gus Van Santek, adibidez, planoz plano kopiatu zuen Alfred Hitchcocken Psycho. Michael Haneke alemaniarrak, berriz, Funny Games zuzendu zuen 1997an. Alemanez mintzo ziren aktoreak. Hamar urte geroago, planoz plano berregin zuen film hura zuzendari berak; orduan, ordea, ingelesez. Batzuek esaten dute estilo ariketa bat zela. Beste batzuek, aldiz, AEBetako publikoa erakartzeko egin zela. Edo, agian, besterik gabe, ez zuen arriskatzeko gogorik. Edo dirurik.
Arriskatzeko gogorik gabe
Azken urteotan filmen 'remake'-ak, berregiteak, ugaritu egin dira Hollywooden. Krisiak berebiziko garrantzia dauka joera horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu