Arte arloan, berdintasuna ikertu eta zaintzea xede

Mujeres en las Artes Visuales elkarteak egiten duen lanaren berri emateko baliatu dute erakusketa

Virginia Ameztoiren izenbururik gabeko lana, sabaitik zintzilik. J.C. RUIZ / ARP.
J.L.Zabala
Donostia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
MAV Mujeres en las Artes Visuales (Emakumeak Ikusizko Arteetan) elkartearen berri izan orduko egin zen bazkide Cristina de La Fuente, eta elkartearen aurkezpena Donostian egin ahal izateko bere galeriaren laguntza eskatu ziotenean, baiezkoa ematearekin batera bururatu zitzaion Arts Attack erakusketa antolatzeko ideia, hots, emakume artisten erakusketa kolektiboa. Artearen alor guztietan generoen arteko berdintasuna ikertu eta bultzatzea du xede nagusi MAVek, eta erakusketak xede horrekin bat egingo zuela iritzi zion.

«MAVen kezka eta zeregin nagusietako bat emakumeek artearen sistemaren barruan duten egoera ikertzea da, ikusteko ea benetan berdintasun egoera dagoen emakume artista, galerista, kritikari, komisario, gestore eta abarrentzat», De la Fuentek azaldu duenez. «Arte Ederrak eta artearen historia ikasten duten emakume ikasleei eskaintzen zaizkien aukerak ere ikertzen ditu… Arte Ederretako fakultateetako lizentziatuen %70 emakumeak dira, baina gero ehuneko horrek ez du inongo islarik fakultateetatik kanpo».

«Oso elkarte bizia da, ekimen asko eratzen duena eta sarean lan asko egiten duena», De la Fuenteren iritziz. «Galerista eta emakumea izanik, berehala pentsatu nuen interesgarria izango zela elkarteko kide egitea». Arts Attack erakusketa elkartearen berri zabaltzen laguntzen ari da. «Erakusketan parte hartu duten artistetako batzuek ez zuten elkartearen berri, eta, esan didatenez, oso interesgarri iritzi diote».

MAV elkartearen borroka nagusietako bat Espainiako Gobernuak «sormenaren eta ekoizpen artistiko eta intelektualaren arloko berdintasunaz» onartua duena bete dadin eskatzea da, legeak dioena ez baita betetzen, elkarteak egindako ikerketek diotenez.

Espainiako Arartekoari kexa

Espainiako Arartekoari kexa agertu dio MAV elkarteak —emakume idazle eta kazetarien Clasicas y Modernas eta ikus-entzunezkoen arloan lan egiten duten emakumeen CIMA elkarteekin batera—, legeak arautzen duen berdintasun hori benetakoa izan dadin. Horretarako, eskatu diote azter dezala zer presentzia duten emakumeek Espainiako Kultura Ministerioan,Cervantes Institutuan eta ekimen kulturaleko gisako beste sozietate batzuetan, Espainiako Irrati-Telebistan eta estatuaren menpeko jaialdietan.

«Autoritate publikoekzaindu behar dute gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasuna izatea sormenaren produkzioaren eta zabalkundearen arloan», De la Fuenteren ustez. «Elkarteak jasotako datuek legea aplikatu beharra dagoela erakusten dute. Azken batean, borrokan jarraitu beharra dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.