ARTEA. Aitzindari berria (eta II)

Haizea Barcenilla
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
'Jaten ematen dizun eskuari hozka'. Jaime Davidovich.

Non: Artium (Gasteiz). Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 9ra arte.

Haizea Barcenilla

Beti da zinemara berandu iritsi eta pelikulako pertsonaia hura beste horren anaia ez ote den galdetzen aritzen den baten bat. Oraingoan, ordea, pelikula da aurreratu zaiguna, hurrengo astean beharrean, gaur emango baitiot jarraipena Jaime Davidovichi buruz egindako lehen kritikari. Gogoari ezin heldu, eta Gasteizerako bidea hartu nuen, Vanguardia galerian zeuden Davidovichen lanak ikusi eta gero, inpresio sakonago bat sortuko zidan praktika baten bila.

Izan ere, Vanguardiak erakusten dituen lanak ez dira kokatzen iragartzen zaigun aitzindari esperimentaletik esperoko genukeen maila altuan. Dirudienez, Davidovichen ekarpena telebistaren esparruan eman zen batez ere, eta alderdi hori Artiumen dago ikusgai.

Mostra biek lehen inpresio txit desberdina igortzen dute. Vanguardiakoa minimalista, sinplea, estatikoa zen bitartean, Artiumekoa nahiko betea da, mugimenduan dauden irudiez gainezka dago, horrelako euskarriek barreiatzen duten dinamismo sentipenaz blai. Oso musika berezia du: denboran koordinatu gabe mugitzen ari diren diapositiba proiektoreek girotzen dituzte gelak. Atetik harrapatu eta barneratzen zaituen proposamena da instalazio mailan Davidovichen erakusketa hau. Badu honek egokitasunaren hotza alde batera utzi eta interbentzio bihurtzearen xarma polemikoa.

Hasteko, garai hartan buru-belarri sartzeko atal bat dago, ikusiko diren lanen markoa osatzeko nahitaezkoa: New Yorkeko SoHon 70eko eta 80ko hamarkadetan garatu zen kultura munduaren inguruko bideoak eta dokumentalak, espazio berezi honen izaera erakusteaz gain, kable bidezko telebistaren lekua argiago uzten digutenak. Izan ere, SoHo praktika alternatiboentzako une garrantzitsu bihurtu zen 60ko hamarkadatik aurrera, eta telebista sistema berria sortu zenean, komunitate honek espresiorako zein komunikaziorako espazio pribilegiatuaren aukera ikusi zuen honengan azkar. Garrantzitsua da formatu berri honen inguruan artistek sentitu zuten grina eta itxaropena ulertzea, publikoarekin beste era guztiz desberdin batean -etxeko saloietara iritsiz zuzenean- konektatzeko eskaintzen zien posibilitatearengatik.

Hala ere, Davidovichek zein haren kideek ez zuten soilik komunikazioaren aukera ikustatzen telebistan: harago zihoan euren kuriositatea, artea egiteko formatu berri bat eskaintzen baitzien. XX. mendeko historian oso barneratuta dago beste zeregin baterako sortuak ziren euskarriak artearentzako bereganatzearen printzipioa, objektuekin gertatzen den bezala: dena bihur daiteke artea. Bideoa, esaterako, produktu komertzial gisa zabaldu zen, edozeinek bere familiaren pelikulak egin zitzan, baina artearen munduak berehala heldu zion aukera berri honi.

Bideoarekin hasi zen, hain zuzen, Davidovich bera, SoHoko inguruneen irudi esperimentalak hartzen. Lan hauetatik erakusten du artistak bere inguruarekiko begirada zehatza eta kritikoa, hala nola formalki esperimentala. Esanguratsuak dira batez ere tape projects deritzonak, hots, zinta itsasgarriarekin burututako proiektuak. Horiek, lehen aldi batean, espazioan bertan espezifikoki gauzatuak izango dira. Horien adibide gisa Akron galerian 1972an egindako zinta instalazioa berregin da Artiumen, pareta oso bat zinta gardenez estaliz. Momentu batean, ordea, bideoa eta zintak bateratzen hasten dira beste maila batera doan lana aurkeztuz. Espazioen irudiak agertuko dira telebistetan, eta Davidovich, grabazio barneko grabazioan, zintaz estaliz joango da, espazioaren gaineko interbentzioa digitalki eginik, bi espazioen inguruan -bai hiria, bai telebistaren euskarria- gogoeta eginez aldi berean.

Erakusketaren hurrengo pausoa zuzenean telebistan zentratzen da, Davidovichek ekoiztutako zein landutako programak erakutsiz. Aipagarria da telebistak bultzatutako itxaropenak duen presentzia. The Live! Show-en, Davidovichek 80ko hamarkadan ekoiztutako programan, telebistaren formatu hainbat -elkarrizketa, eskola praktikoak, erreportajeak- ikuspegi guztiz desberdin eta oso ironikoaz birbideratzen dira. Artistak masa kulturaren formatu hutsa eta artearen izaera esperimental eta kontzeptualaren arteko bide bat aurkitzea lortzen du, dibertigarria den bidea gainera. Saiakera hori ikusteagatik soilik -eguneko programazioan aztarnarik ere utzi ez duen saiakera, tamalez- merezi du Artiumerako bisitak.

Jaten ematen dizun eskuari hozka mostrak, bere izenak esaten digunez, eskaintzen zaizkigun medioak berreskuratu eta buelta ematera bultzatzen gaitu, egun nahiko galdua dirudien espiritu artistiko esperimental eta idealista baten bidez. Artxibategi erakargarria da, instalazio mailan poesia eta arriskuz beteriko xehetasun zoragarriekin -justu sabaipean kokatzen diren diapositiba proiekzio zintadunak, esaterako- , eta zilegi, SoHoko giro artistiko zertxobait burugabe eta guztiz kontzientean sarrarazteko kapazitate arraroa duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.