ARTEA. Anthony Blunt

Ismael Manterola
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Artearen historiagileok aspergarri izatearen fama daukagu, historiagile guztiek bezalaxe. Unibertsitate irakasleok, liburutegiko apalen artean galduta edo artxiboetako hautsez beteta, interes gutxiko bizitzak izan ohi ditugula pentsatzen du jendeak.

Horregatik harrigarria da Anthony Blunt arte historiagile ingelesak izan zuen bizitza. Haren liburuak ezagunak dira oraindik arte zaleen artean, batez ere Barrokoko artista batzuei eskainitakoak, Poussini eta Borrominiri buruzkoak, hain zuzen. 1927an Bournemouthen, Ingalaterrako hegoaldeko hiri batean jaiotako irakasleak, bere arloan garai hartan lor zezakeen ia guztia lortu zuen: prestigioko irakaslea eta ikerlaria, The Spectator egunkariko arte kritikoa, Warburg institutuko kidea, erreginaren bildumen zaintzailea eta aholkularia...

Baina gizon dotore eta jakintsu hura, Cambridgeko Trinity Collegen eskolak ematez gain, Bloomsburyko taldeko lagun arteko elkarrizketan parte hartzeaz gain, eta etxeko saloiko besaulkian liburuak lasai-lasai irakurtzeaz gain, arriskutsuagoa zen joko batean zebilen.

Bigarren Mundu Gerra ondorengo kultura jendeak ezkerreko eta aberriaren kontrako jarrerak azalduz gozatzen zuen, jarrera horiek esnobagoak egiten zituztelakoan. Horregatik asko Sobiet Batasuneko espioi lanak egiten hasi ziren. Bluntek ezkutuaren eta arriskuaren mugan bizitzea muturreraino eraman zuen. 1939an britainiar zerbitzu sekretuetan sartu zen, nahiz eta urte batzuk lehenago Sobiet Batasunaren iraultzak txundituta, KGBren aurreko erakunderako lanean hasita zegoen.

Bizitza bikoitza edo hiru bizitza paralelorekin jarraitu zuen 30 urtetan, 1979an Margaret Thatcherrek Erresuma Batuko parlamentuan salatu arte. Ordurako zahartzaroan sartuta zegoen, eta ikerketetan murgilduta bizitza lasaia eraman behar zuen erretiroa hartu ondoren. Epaiketaren ondoren britainiar gobernuaren mendekua etorri zen, eta Blunten bizitza pertsonalaren zikinkeria ateratzen hasi ziren.

Arte historiagile itxura lasai eta prestigiodun horren azpian bizitza asko ezkutatzen zirela ondo adierazten dute Blunti egindako salaketek. Espioi lanak egiteaz gain, artelanak faltsifikatu, dirua irabazteko lagunei ziria sartu, xantaia egin, ikasleen lanak bereganatu, umeei gehiegikeriak egin eta abar dira Blunten curriculumean zerrendatutako merituak. Historiak esango du salatutakoak Gobernuaren mendeku gosez egindakoak izan ziren edo noraino iritsi zen bizitza ezberdinak izateko Blunten gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.