ARTEA. Arkitektura, natura, pintura

Mikel Onandia Garate.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
'Arkitekturatik naturara'. Jesus Mari Lazkano

Non: Arte Eder museoa (Bilbo). Noiz arte: urtarrilaren 16ra arte.

Mikel Onandia

Toscanako argi epelaz blaitutako New Yorkeko etxe orratzak, Gorbeiako baso berdeak, Erroma hiriburu inperialeko hondakinen veduteak, Mies van der Roheren eraikinen orotariko ikuspegiak zein Bilboko Arte Eder Museoko kafetegiko diseinuzko aulkien irudiak. Horiek guztiek -eta beste zenbaitzuek-, itxuraz harremanik barik beren artean, Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) margolariaren unibertso pertsonala osatzen dute; hain justu, udazken honetan Bilboko museoko bisitariek dasta dezaketena.

Larogeitik gora margolan guztira, formatu eta tamaina askotakoak, azken hamar urteetan eginak denak. Lazkanoren estiloa identifikatzen erraza izan ohi da; errealismo handikoa, trebezia eta birtuosismo izugarria erakusten du; haren lanek akabera tekniko oso txukuna izaten baitute. Ez dago mugimendu edo eskola jakin batean kokatzerik; bai, ostera, margogintzaren tradizio errealistan. Haren lanetan, hainbat pintoreren erlantzak identifika ditzake norbaitek: Brueghelen paisaia elurtuak, Estesen beira eta metalen islak, Piero Della Francescaren perspektiba matematikoak, De Chiricoren paisaia urbano mortuak, Piranesiren arkitektura imaginarioak, Hopperren barnealde gozoak, Friedrichen natura sublimeak, agian. Lazkanoren lanetan, marrazketa zehatz eta aberastasun kromatikoaz gain, argiaren erabilerak ere -oro har eszena argitsuak ditugu oso, urtaroen arabera aldagarria zenbaitetan-, funtsean perspektiba klasikoa jarraitzen duen zinez landutako konposaketak determinatzen ditu. Bestalde, materialtasunarekiko kezka-izan onixa, kristala, metalak, marmolak-, eta zeruen trataera ederra ere seinalatzekoak dira.

Neurri batean artistaren ibilbidean errepikatu den natura basati eta paisaia urbanoen arteko joan-etorriaren emaitza lez ulertu behar dugu mostra hau. Lazkanoren lanen errealismo eta estetizismoak segituan seduzitzen du, baina, horrez gain, badute esangura eta inplikazio teoriko eta kontzeptualik. Izan ere, horiek ikusleari sentiaraztea eta pentsaraztea dute helburu. Hainbat konbinaketaren bidez, arkitektura, natura eta pinturak berariaz dituzten tentsio eta dikotomiakagertzen ditu -errealitatea/errepresentazioa, organikoa/ordenatua, isla/gardentasuna, mugimendua/finkotasuna-. Haren koadroetako espazioetan -izan paisaia urbanoak, barnealdeak, naturalak-, ez dago jenderik, hutsik dira. Abiapuntua errealitatea da, baina ez du hura bere hartan islatzen: geografikoki eta tenporalki bereizita dauden elementuak batzen ditu -eraikinak, artelanak, paraje naturalak deskontestualizatu eta horien artean enkontru bereziak ahalbidetuz-, alegiazko errealitate berriak sortzeko.

Artearen eta arkitekturaren historiari eginiko keinuak ugariak eta nabarmenak dira; Manhattango skyline-az gain, zuzenean naturarekin harremanean dauden Frank Lloyd Wright -ez da falta Fallingwater ospetsua- eta batez ere Mies van der Roheren arkitektura modernoko ikonoak aukeratzen ditu. Barnealde, kanpoalde, besaulki huts, kristaldegi, eta irekiuneen -baita toki horretarako aukeraturik artelanekin; Oteiza, Rothko zein Piero della Francescaren lanak, esaterako- konbinaketa jostagarrien bidez, espazioaz eta berau atzemateko dugun moduaz gogoeta egiten du. Horren adibide dugu, Berpizkundeko maisuaren eta arkitekto alemaniarraren artean Lazkanok ahalbidetzen duen elkarrizketa interesgarria. Beste batzuetan arkitektoek altzari eta dekorazio objektuez egiten dituzten diseinuaz hausnarketa ere egiten du.

Azken urteetan eginiko lanek erakustoki diren museoa bera dute protagonista. Omenaldi pertsonal gisa, museoko txoko eta artelanak islatu eta berrasmatu ditu, Durriok Arriagari eskainitako eskultura, eraikin zaharreko eskailera nagusia edo kafetegiak parkearekin duen harremana, adibidez, berau ezagutzen dutenei bestelako begirada bat proposatuz. Hala, egungo eraikina osatzen duten alderdi neoklasiko eta arrazionalistaren arteko harremana bere beste margoetan agertu ohi duen klasizismoaren eta modernotasunaren arteko erlazio konplexua lantzeko beste aitzakia bat da margolariarentzat.

Pintura modu oso pertsonala da Lazkanorena. Oro har, alderdi tekniko eta teorikoagoen arteko oreka bilatze horretan, kasu batzuetan asmatzen du -pertsonalki lan azpimarragarriak badirela esango nuke: Serra di sera (2009), Brueghel versus Mies (2007) eta Gure Uzelai zeruan zarana (2009), bizpahiru baino ez aipatzearren-, eta beste batzuei, ostera, indarra, ikusleari heltzen zaion eta hitzez itzuli ezin daitekeen hori falta zaie, justuan horixe lortu nahian, emaitza edulkoratuan jausteko arriskuarekin. Noski, gustu kontuak gorabehera. Funtsean, erakusketara hurbiltzen denak arkitektura eta natura, baina batez ere, gaur-gaurko pintura aurkituko du bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.