Artea bizibide

Krisiak ere eragin die arte galeriei, baina aspalditik pairatzen dute Euskal Herriko merkatuaren mugimendurik ezaGaleristek erakundeen babes eta onarpen falta azpimarratu dute

Beren lana herritarrei ezagutarazteko zailtasunak dituztela diote galerietako arduradunek. Irudian, Bilboko La Brotxa. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Arteari dioten maitasunak eraman zituen arte galeria bat zabaltzera, bokazio kontua izan zen ordukoa, eta horri eutsi diote beren lanean aurrera egiteko. Euskal Herrian ez dago arte merkaturik, eta hala edo hola moldatu behar dira negozioa aurrera ateratzeko. Galeria bigarren lana edo negozioa da gehienentzat, eta horri esker lortu dute irautea; bokazioak eta ideologiak lagundu die bide horretan. Euskal Herriko zenbait arte galeriatako arduradunek azaldu dutenez, arte merkatuak krisia izan du beti herri honetan, baina, azken urteotan, krisi ekonomikoaren eraginez, galerien salmentek behera egin dute, eta egoerari aurre egiteko bide berriak asmatu behar izan dituzte. Erakusketen iraupena luzatu, artistei lanen formatu eta prezioak egoerara egokitzeko eskatu eta erakusketak beste galeria batzuekin partekatzea izan dira hartutako bideetako batzuk.

Krisi ekonomikoak egoera larriagotu badu ere, hori ez da Euskal Herriko galeriek duten egoeraren erantzule nagusia, Moises Perez Albeniz Iruñeko izen bereko arte galeriaren zuzendariaren ustez. Galeriek eredu krisia dute aspalditik, eta, egoerari aurre egiteko, eredu berriak asmatu beharko dituzte, haren iritziz: «Galeriek 50eko hamarkadako ereduei eusten diete oraindik, eta birziklatze prozesua egin beharko dute XXI. mendera egokitzeko; gaur egungo bezeroei erreparatuta aldatu behar ditugu».

Petra Perez Bilboko Vanguardia galeriako zuzendaria iritzi berekoa da krisiaren jatorriari dagokionez: «Galerien krisia Euskal Herrian krisi ekonomikotik haratago doa. Sektoreak duen onarpen eskasa da horren arrazoi nagusia». Onarpenik eza ezjakintasunari lotua dagoela argi du Perezek. Haren iritziz, hiritar gehienek ez dakite galeriaren eginbeharrekoak zeintzuk diren, ezta galeria mota ezberdinak existitzen direla ere. Hiritar horien artekoak dira politikariak.Azaldu duenez, krisiaren eragina era desberdinean pairatzen ari dira galeriak, jarraitzen duten ereduaren arabera. Alde horretatik, galeria mota bi bereizten ditu: salerosketan interesik baino ez dutenak, eta artea bizi filosofia moduan ulertzen dutenak. «Batzuek galeria merkatu soil bat legez ulertzen dute, berdin die zer erosten eta saltzen duten, eta krisi ekonomikoak asko kezkatu eta nahasten ditu, beren merkatua nahasten duelako. Baina xede handiagoa duten galeriek, helburu handiagoak dituzten artisten antzera, beti sufritu dute krisi ekonomikoa; personanon grata dira, beti zauria ukitzen dabiltza eta molestatu egiten dute», argitu du.

Fernando Iliana Gasteizko Trayecto galeriako zuzendariak antzeko bereizketa egiten du arte garaikideko galerien artean: batetik, balorearen sorkuntzan aritzen direnak daude, eta, bestetik, besteek sortutako baloreekin lan egiten dutenak. Haren ustez, bigarrenak era nabarmenagoan pairatzen ari dira egoera ekonomikoa beren jardunean; lehenengoek, aldiz, beren egitekoari eusten diote, artista gazteen sustapenean adibidez: «Balorea sortzen aritzen diren galerietan, horrek ez du eragiten. Bakoitzak ideologikoki kokatzen du bere galeria. Trayecto oso era zehatzean dago kokatuta, eta inguru hurbilarekin konpromiso handia du; tokian tokiko artistak dituzten galeria gutxi dago, eta horrek merkatuan eragina izaten du».

Galerietako arduradun gehienek etxeko artistei leku eman beharra aldarrikatzen dute. Horien artekoa da Rita Unzurrunzaga Donostiako Ekain Arte Lanak galeriako zuzendaria, eta, azaltzen duenez, krisiak ez du aldatu artistekin duten harremana: «Hemengo artistekin lan egiten saiatzen gara; guk betiko harrobia daukagu, eta orain ere artistekin betiko harremana izaten dugu. Beste produktuekin egiten den bezala, artelanekin ere garrantzitsua da hemengo artistekin lan egitea. Hori bai, esaten diegu ahal den neurrian garaietara egokitzeko, formatu eta prezioei dagokienez». Azken urteotan, salmentek behera egin dute, eta lan garestiak saltzekozailtasun handiagoa igarri dute batzuek. Hala ere, elkarrizketatutako galerista gehienek ez dute bildumagileen eskaeretan, artelanen formatuari eta estiloari dagokienez, aldaketarik sumatu. Bildumagintza pribatua lotuago dago ezagutzari, eta bildumagileak, batez ere, gustuen eta bulkaden arabera mugitzen dira.

Galerien adina eta krisia

Bilboko Vanguardia galeriako jabearen ustez, galerien ibilbideak eta adinak ere garrantzi handia dute galeristek krisi ekonomikoaren eraginez duten ikuspegian. Azken hamar urteetan zabaldu dituztenek «krisi izugarria» sumatuko dutelakoan dago, baina urte askoko ibilbidea dutenek, berriz, «denbora okerragoak» gogoratuko dituzte. Guggenheim museoa zabaldu zutenean, sinergia berriak sortu ziren, eta, horri esker, bisitariek eta erosleek gora egin zuten, argitu duenez, «Urte horietan mailakako hazkundea eman zen. Bazirudien zerbait ereitea lortu izan genuela: sentipen hori zegoen, eta, nolanahi ere, Guggenheimek ekarritako turismoari lotuta zegoen».

Guggenheim museoak ekarritako turistek ez ezik, Txillida Lekuk eta turismo gastronomikoak ekarritakoak ere Euskal Herriko arte merkatuan parte hartzen dute. Unzurragak argitu duenez, Txillida Lekuren itxierak kalte egin die inguruko galeriei: «Txillida Leku zegoenean, handik etortzen ziren, baina orain hori bukatu egin da. Hona etortzen ziren Eduardo Txillidaren lan grafikoa eskatzen, baina, bide batez, hemen ditugun egileak ezagutzeko aukera izaten zuten». Izan ere, turistek, batez ere, nazioartean ospetsu diren artisten lanak bilatzen dituzte, baina askotan horiek erosi beharrean, beste artista batzuenak eramaten dituzte.

Erakundeen babesik eza

Erakundeen babesaren falta sumatzen dute galerietako arduradun gehienek; azpimarratu dute artisten eta erakusketen babesa oso txikia dela, baita egiturak eratzeko eta bestelako egitasmoentzako laguntza ere, diru laguntzetatik haratago: «Oso gutxi kontatzen duen sektorea gara, nahiz eta sektore artistikoaren oinarrietako bat izan. Argi dago erakundeen babesa izatea gustatuko litzaigukeela erakusketen aurkezpenetan, kanpora irtetean edo egitasmo garrantzitsuak antolatzerakoan... Alde horretatik, egiten zituzten erosketa gutxi haiek baino ez genituen, eta orain hori galdu egin da, euren erosketetarako diru sailak desagertu dira ia», iritzi dio Roberto Saenz de Gorbeak, Bilboko Windsor Kulturgintza galeriako zuzendariak.

Ignacio Velilla Donostiako Altxerri galeriako zuzendariak ere erakundeen onarpen falta ekarri du gogora, «Ez dugu diru laguntzarik eskatzen, onarpena baizik. Galeriok zerbitzu kulturala eskaintzen dugu, eta gurea bezalako herri txiki batean ulertezina da galeriak erakundeek sustatzen dituzten kultura bideetan ez agertzea. Museoak eta erakusketa gelak baino ez dira agertzen, nahiz eta hemen eskaintza publiko txikia egon. Galeriok osatzen dugu eskaintza hori». Haren iritziz, galerien eskaintza gida kultural batean biltzea izan liteke horiek antolatutako erakusketak sustatzeko modu bat. Bildumagileei ere ulergaitz gertatzen zaie erakundeek eskaintza horren berri ez ematea: «Nazioarteko azoka batean egin genuen topo Baionako bildumagile handi batekin. Ez genuen aurretik elkar ezagutzen, eta berak esaten zidan ez zuela ulertzen zelan erakundeek ez zuten eskaintza kultural horren berri ematen», azaldu du.

Bildumagintza pribatu eskasari erakundeek gero eta artelan gutxiago erosten dituztela gehitu zaio. Kulturarako diru sailak murriztu egin dira, eta museo publikoek eta erakundeek aurreko urteotan baino artelan gutxiago erosten ari dira. Galerien erosleen artean daude horiek, eta horren eragina pairatzen ari dira. Orain arte, erakundeak eta enpresak ziren galerietako erosleen artekoak, baina azken horien erosketak behera egin du nabarmen: «Euskal Herrian bildumagintza publikoa oso txikia da, ez da existitzen kasik, eta, azken urteetan, gainera, behera egin du nabarmen. Erakundeen bildumetatik haratago, enpresen bildumak ere existitzen dira, eta hori izan da guztiz behera etorri dena. Bildumatze mota hori zergak arintzeko asmoari lotuago zegoen. Bildumatze pertsonalak, bestetik, eragin gutxiago izan du; lehen beste erosten ez badu ere, jendeak ez dio erosteari utzi», argitu du Ilianak.

Velillaren ustez ere, enpresei ez zaie askorik axola arte bildumarik eratzea, eta egiten dutenean ez dute irizpide handirik: «Enpresako bildumatze kulturarik ere ez dago, ez dizu prestigiorik ematen bilduma garrantzitsu bat osatzeak, eta enpresariek ez dute horretarako beharrik, eta, are gutxiago, izen ezezaguneko artisten lana sustatzeko: ez zaie interesatzen».

Arte garaikidearen krisia

Galerien krisiaz gain, arte garaikideko praktikak krisi larrian daude azken urteotan, eta horrek eragin nabarmena du galerien jardunean. Gasteizko Trayecto galeriako zuzendariak azaldu duenez, «arte garaikideko praktika guztiak atzeraka ari dira, eta galeriak, inguru horretako bitartekari den heinean, era berean pairatzen du hori. Oinarri kritikoko arte garaikideko proiektu gehienak bertan behera utzi dira Europa osoan». Haren iritziz, krisi horrek 80ko hamarkadan hasitako iraultza kontserbadorean du jatorria; azken urteotan mailarik gorena jo du, eta, krisi ekonomikoaren aitzakia baliatuz, gizarte ordenari eragiten ari zaio nabarmen. Ordena berri horretan, arterako eta kulturarako tarte gutxi dago, erabilpen propagandistikorako ez bada, eta horrek gizabanakoen hezkuntzan eraginik baduela iritzi dio.

Hiritarrek jasotzen duten arte hezkuntzan gabezia handiak daude, galeristen iritziz, beste herrialde batzuetan ez bezala txikitatik lantzen ez delako sentsibilitate hori. Erakundeen eta politikarien babes faltak eragiten du hori era nabarmenean. Gizartearen ohituretan ematen ari diren aldaketek ere eragina dute horretan: «Teknologia berriek aisia ulertzeko era berriak planteatu eta denbora librearen okupazioa ulertzeko era berriak ekarri dituzte. Ikusten dugu belaunaldi berriek ez dutela erakusketak bisitatzeko beharrik; baliteke Interneteko erreminta berriek jakintzara leiho hori zabaltzea», iritzi dio Saenz de Gorbeak.

Kulturaren egoera kaxkarraz mintzatu da baita Iñaki Urtaran Gasteizko Ikusi Arte galeriako zuzendaria ere. Martxoaren azken egunean itxi zuten, lau urteko ibilbidearen ostean. Arteari maitasunez zabaldu zuen, 2008an, baina galeriak hasieratik izan ditu diru galerak, eta azken urtean salmentak oso txikiak ziren. Hori guztia dela eta, galeria ixteko erabakia hartu behar izan zuen Urtaranek, min handiz, baina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.