ARTEA. Edertasunaren iraunkortasuna

Haizea Barcenilla
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Elssie Ansareo

Non: Espacio Marzana (Bilbo). Noiz arte: azaroaren 5era arte.

Haizea Barcenilla

Marzana galeriaren espazio txikian sartzean, presentzia nabaria duten zuri-beltzeko argazkiek ematen digute ongietorria, urruntasunaren dotorezia barreiatuz. Bost besterik ez dira, espazioaren tamainak eta argazkien barrokismo pausatuak ez dutelako gehiagorako lekurik uzten: beste bat ezarriz gero, formatuaren minimalismoa galdua suertatuko zen. Elssie Ansareo artista euskal-mexikarrak eskaintzen digun azkeneko lana da, The Misted Glass izenburuaz aurkezten zaiguna.

Denboralditxo batez ez dugu Elssie Ansareoren argazki lanik begietsi Euskal Herrian, orain pare bat urte ikusgarritasun nabaria izan zuen arren. Hala ere, lana garatzeko denbora ere behar da, eta Ansareok orain ekartzen dizkigunak badira aurreko obretatik pauso bat aurrera doazen horietakoak. Artistaren karakteristika propioak mantentzen dituzte: euskarria zuri-beltzeko argazkia da, teknikoki bikaintasunez gauzatutakoa; balio estetiko aipagarriak ditu; eta ikonografiaren aldetik, vanitas-a eta erretratua elkartzen dira subjektuaren identitatea arakatzeko.

Vanitas-a da, hain zuzen, erakusketaren hasiera eta bukaera markatzen duen sinbologia, atetik sartu eta irtetean aurkitzen dugun lana honen adierazpena baita, Ansareoren aurreko serieetan gertatu zen bezala. Vanitas-a barrokotik zuzenean datorkigun ikonografia da, bizitzaren iheskortasuna adierazteko erabili dena. Marzanako argazki handi honetan usteltzen ari diren loreak, animali baten buru-hezurra eta elementu garaikide bat, komunikazioaren zeinua, hots, telefonoa, agertzen dira. Honekin edertasunaren galkortasuna azpimarratzen da, estetika eta erlazioen izaera aldagarriak nabarmenduz.

Esan bezala, Ansareok erabili izan du gai hau aurretik egindako beste serietan. Lengoaia formala, ordea, ez da orain berdina. Aurreko lanetan argazkiaren bidimentsionaltasunarekin jolasten zuen, objektuak silueta moduan aurkeztuz, hondo zuri baten kontra. Horien ingerada zen nagusi, bolumen eta plastikotasuna galduz, eta argazkiaren itzelen sortzaile izaera gogoraraziz. Oraingoan, berriz, zuri-beltza nagusi bada ere, irudiak sakontasuna hartzen du, ezaugarri hau erakusketaren lan guztietan emango delarik. Ehundurek eta sentsazio plastikoek garrantzi nabarmena hartzen dute, irudikatutako elementuei nortasun are objektualago bat emanez. Espazio magikoan beharrean, lurrean kokatzen ditu Ansareok bere errepresentagaiak.

Identitatearen bilaketa da, bestetik, erakusketaren gaia. Ikusgarria eta ederra denaren iragankortasuna inposatu eta gero, horren atzetik zer dagoen bilatzera bultzatzen du Ansareok bere modeloa. Ispilu batean begiratzean espero ez zen irudi desberdina erakutsiko balute legez -kristal horri egiten baitio erakusketaren izenak keinu-, argazkiek posizio arraroetan, narratiboetan kokatzen dute pertsonaia, ezkutuagoa den aldarte horren errepresentazio metaforiko baten antzera.

Esan bezala, ehundurek presentzia berezia dute lanetan, plastikotasun handia emanez agertzen diren figurei. Artistaren beste lan batzuk baino sinpleagoak dira horiek konposizioan: detaile dekoratibo mordoa alde batera utziz, irudi bakoitzean hondo bakuna, pertsonaia eta objektu bakarra agertzen dira. Honela, irudietako batean pertsonaia soineko bat kentzen agertzen da, gorputz erdia ehunaren azpian ezkutatuta, bere burua gordez, edo bere buruaren irudia galdu balu legez. Bi lanetan agertzen dira gorputzen irudi zatituak, hain zuzen, izaeraren osotasunaren aurkikuntza xedea bezala zehaztuz. Modeloaren hankak lore-koroa batetik (berriz ere vanitas-a) ateratzen dituen argazkiaren kasuan, gorputzaren goiko aldea galdu egiten dela dirudi. Ezegonkortasuna igortzen dute irudi hauek, ezkututakoa ona edo txarra izango ote den galdetuko baligute bezala.

Beste bi irudietan gorputza osorik ikusten bada ere, haien aurkezpena ez da lasaigarriagoa. Ansareok gustura jolasten du narratibotasunari uko egin gabe eraikitzen diren misterioekin, aurreko lanetan ere bere modeloen pertsonalitatea atrezzo astun baten azpian ezkutatzen zituenean modura. Oraingoan, gorputz erori bat, agian hilda, agian konortea galduta, irudi minimalista eta txikian agertzen da, grisaren tonu distiratsuak konbinatuz. Ondoan, azken argazkian, modeloak behingoz aurrez aurre agertzen zaigu; hala ere, bere aurpegia -eta, ondorioz, izaera- ezkutatuta jarraitzen du guretzako, maskara batez -sinbologia eta magiaren errepresentazioa- estaltzen baitu bere musua.

Elssie Ansareoren lanak badu, noski, Eduardo Sourrouille bezalako artisten eragina bere izaera estetiko eta psikologikoan: gizabanakoan zentratzen da, honek barnean dituen grinak eta pasioak metafora bihurtzeko. Bere burua eta besteena bilatzen du irudien bidez, betiere dotoretasun eta edertasunaren esku. Azkeneko lan horien sinplifikazioak kontzeptuari bultzada ematen diote, bere ezaugarria den indar estetikoa baztertu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.