Aitor Lajarin. 'From Here to Everywhere. Profiling Postcity'
Non: Artium museoa (Gasteiz). Noiz arte: 2011ko otsailaren 7ra arte.
Mikel Onandia
Chicago, Kairo, Tokio, New Delhi. Hiri handiak dira, herrialde eta kultura ezberdinetan mendeetan zehar garatuz joan diren estruktura urbano erraldoiak, oso ezberdinak beraien artean. Bakoitza eta hiri horietako auzuneak mundu bat dira bere baitan. Alabaina, beren artean gero eta berdintsuagoak ere badira, funtsean oinarri bera agertzen baitute. Hiri garaikideen zerizanak eta esangurak dira Aitor Lajarinek (Gasteiz, 1977) berariaz Artiumerako gauzaturiko ikerketaren objektua.
Artista arabarra museoko beka batekin Los Angelesera (AEB) joan zen duela bi urte, eta bertan ikusi eta ikasitakoekin hirien gaineko hausnarketa mamitsua ekarri du gurera. Erakusketa aretora sartzen dena eskultura, bideo zein margolanez osaturiko instalazio handi batean murgiltzen da -bat-batean bisitariari estetikoki erakargarria suertatzen zaio, baina minutu batzuen ostean, atmosfera koloretsu eta bisualaren baitan eduki eta inplikazio nabarmeneko proiektuaren bestelako dimentsioaz ohartuko da-.
Postcity dugu mostrako ardatza -alegiazko hiria dugu, hau da, ez-hiria eta mundu garaikideko hiri erreal guztiak, aldi berean-. Lajarinek sinkronizaturiko bi pantailatan antolatutako animazio bideo bat egin du: batean publizitatearen lengoaia darabilen ikus-entzunezkoak hiri honen alderdi miragarrienak azpimarratzen ditu, eta bestean -dokumentalen formatuari jarraituta- eguneroko errealitate konplexu eta nahasia, dena kutsu ironikoko lengoaia sinple eta erakargarriaz gauzatua. Bideo-lana da gune zentrala, baina aretoaren erdiko hiri-maketa erraldoiak ere badu garrantzirik. Lajarinek bideoa egiteko erabilitako elementuekin fikziozko hiriari formatu fisikoa eman dio -pertsonaiak, garraiobideak, etxebizitzak, auzoak, industria gune eta aisialdirako aldeak, etxe-orratz ikonikoak, eta abar-. Gainera, argi proiekzioen bidez fikziozko hirigunearen soslaia errepresentatzen da atzeko horman, benetako errealitatearen eta honen proiekzioaren arteko ezberdintasuna agerian utziz. Bai filma eta bai maketa modu bikainean landutako ideia bakar baten bi simulazio dira. Haatik, horien inguruan hiriaren errepresentazio formal eta sinbolikoetan sakontzen duten eskultura, pintura eta beste bideo-lanak aurki daitezke.
Hirigintzaren gaineko teoriaren ekarpenetan oinarrituta, Lajarinek bereziki Los Angelesek azken hamarkadetan ezaguturiko fenomenoa -berregituratze ekonomikoa, ohituren globalizazioa, politika neoliberalak eta ongizate instituzioen ahultasuna, besteak beste- munduan hiri handiek jasandako eraldaketen abiapuntu gisa hartu du: aurreko mendeetan zutabe indartsuen gainean ondo antolatutako hirien eredu sendoa apurtuta, deszentralizaturiko hiri modua garatu da, horrek dauzkan inplikazio positibo eta negatiboekin. Lajarinen lana ikusita konturatzen gara XXI. mendean hiriak mundu globalizatuaren muina, alegia, posmoderniaren sinboloak direla konplexutasun formal, sinboliko eta sozial handikoak, eta hala agertu nahi izan du artistak. Izan ere, gure gaurko munduaren isla dugu Postcity.
Neoliberalismoa, globalizazioa, poskolonialismoa, lokala-globala gatazka, kultur aniztasuna gure garaia ulertzeko funtsezko nozioak ditugu, eta hauek ezin ditugu ulertu hirien arabera ez bada. Postcity delakoan aisialdi guneak, kontsumo bizimoduak, askatasun eta zoriontasun ideal inposatzaileak, gatazka sozialak, etnia anitzeko gizartea aurkituko ditugu, dena teknologikoki interkonektaturiko gizartean, sistemaren ahultasuna ezkutatzeko beldurraren politika eta indibiduoen kriminalizatzeko joera darabilena, baina baita kontrol politiken aurka borrokatzen diren erreakzio-mugimenduak ere, dena etengabeko elkarreraginean. From here to everywhere. Non-nahi izan daiteke Postcity; Kuala Lumpur, Toronto, Mosku, edo Eukal Hiria delakoa, zergatik ez.
Hirigintzaren bilakaeraren fenomenoa alderdi askotatik aztertu izan da -ikuspegi politiko, soziologiko, filosofiko, arkitektonikotik- baina baita fikzioaren begiradatik ere. Fikzioa -izan literarioa, filmikoa, plastikoa- errealitatea interpretatu eta ulertzeko modua dugu, baita hiriena ere. Pentsa, hiru adibide baino ez aipatzearren, Paul Stranden Manhatta (1921) film mutuan, Italo Calvinoren Le cittá invisibili (1972) eleberrian, Antonio Lopezen Gran Vía (1975-1980) margolanean zein The Wire (2002-2008) telesailean, besteak beste; arras ezberdinak dira beren artean, baina hirien inguruko bestelako ikuspegi aberatsak ahalbidetzen dizkigute. Kasu honetan hitz, irudi, soinu eta objektuekin moldatutako instalazioarekin, eta derrigorrean ideia jakin bakar bat agertu barik, hiri espazioaren gaineko hausnarketa kritiko eta irekia ere ahalbidetzea lortzen du Lajarinek.
ARTEA. Gaurko hiriak, posmoderniaren sinbolo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu