ARTEA. Koadroen istorioak

Ismael Manterola
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Frankfurteko Stadel Museoko lanekin osatutako erakusketa zabaldu dute Bilboko Guggenheim museoan. Arte Garaikideko museo bati ez badagokio ere, bilduma bikaina da Herbehereetan eta Flandrian XVII. mendean pintatutakoa ezagutzeko. Hala ere, ez zait gustatzen Guggenheimen artista «jenioak» bereizteko duten ohitura. Oraingo honetan Jan Vermeer pintorearen Geografoa koadroak egiten du erakusketaren publizitate ikur lana.

Areto bakar batean eta segurtasun neurri gogorren artean bakartuta, bitxi moduan dago aurkeztuta, nahiz eta bildumako gainontzeko koadroekin bat etorri. Horrela aurkeztuta, Vermeer pintore herbeheretarren artean onena izan zela eta Geografoa-k beste koadroekin nahasteko kalitate handiegia duela ematen du.

Niri koadroaren kontenplazioak Hector Felicianoren The Lost Museum liburuan kontatutako istorioa ekarri dit burura. Naziek II. Mundu Gerran Frantzian ostutako artelanen arrastoa jarraitzen du liburuak. Batez ere juduen eskuetan egon ziren hainbat artelan Europako eta AEBetako museoetara nola iritsi diren aztertu nahi du. Itxuraz, Geografoa-k Astronomoa izeneko anaia ia bikia zuen eta Rostchild familiaren adar frantsesaren esku zegoen. Naziek Frantzia okupatu zutenean Rostchildarren jauregia eta ondasun guztiak konfiskatu zituzten juduak zirelako, baina batez ere Astronomoa nahi zutelako Stadel museoko Geografoa-rekin batera erakusteko.

Vermeerrek bi koadroak batera pintatu zituela uste dugu, eta horretarako pertsona bera erabili zuen, geografoaren eta astronomoaren rolak betetzeko. Ia bi mende elkarrekin egon ondoren XIX. mende bukaeran Londresen saldu ziren, eta batek Frankfurterako bidea egin zuen, eta besteak Frantziakoa. Naziek bikotea elkartzea pentsatu zuten Hitlerrek Linz hirian sortu nahi zuen arte europarraren museoan erakusteko -betiere arte klasikoaren lanekin, arte degeneratuarekin alderatzeko-, nahiz eta koadroa Hitlerren bilduma pertsonalean egon zen gerra bukatu arte. Orduan Vermeerren Astronomoa jabeei bueltatu zitzaien, eta haiek Parisko Louvre museoari eman, herentzia zergak ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.