Zubi batean erakutsi dute artista hedabideek, espaloiko harlauzez arduratzen, harlauzei artearen indar adierazkorra eransten. Manu Muniategiandikoetxea da artista, Donostiako Amara auzoko Agirre Lehendakariaren zubi inauguratu berrian. Baina izan zitekeen Koldobika Jauregi Donostiako Elgoibar kaleko Borobil etxearen aurrealdeari forma ematen, edo Oier VillarMadrilen, Banco Santander de Negociosen eraikinaren barnealdeko espazioan interbentzioa egiten. Erakusketak izaten dira jendeak artistaren lana ezagutzeko ohiko bidea, erabiliena, zabalduena, klasikoena; baina askotan ikusten ditugu artistak eta haien obrak erakusketa aretoetatik kanpo, artea beste inguru batera eraman eta han txertatzen.
Muniategiandikoetxearentzat ez dago funtsezko bereizketarik, erakusketak ere, azken finean, «galeriek egindako enkarguak» baitira. Badaki badirela beste modu batez jokatzen duten artistak, baina, bere kasuan behintzat, ideiak «hor» egoten dira, «saltsan», «erdi lotan», harik eta enkargu bat heltzen zaion arte, dela galeria batean erakusketa bat egiteko, dela bestelako proposamen bat. Berdin dio. «Galeria batean erakusketa egiteko lan egin edo galeriatik kanpoko enkargu baterako lan egin, hizkuntza eta mekanismo berberak erabiltzen ditut, ni artista gisa nagoen uneari dagozkionak».
Muniategiandikoetxearen obra guztiek «erlazio bat dute espazioarekin», eta galeria batean erakusketa egiteko lan egiten duenean galeriaren espaziora egokitu beharra du. Ezin du obra gauzatu, beraz, norako izango den jakin arte. Villarrek ere ez du eskultura «monolito gisa» ulertzen, «edozein lekutan funtziona dezakeen zerbait balitz bezala»; Muniategiandikoetxeak bezala, leku jakin baterako pentsatu eta gauzatzen du beti eskultura.
Tailerretik mundura
Behobia-Bilbo autobiderako eskultura lehiaketa irabazi eta obra saritua Aritzetako (Usurbil, Gipuzkoa) atseden gunean kokatu zuenean jabetu zen horretaz Villar, 1992an. «Tailer handi bateanegindako lana izan arren, oso jokabide ezberdina zuen eskulturak estudiotik atera eta autobidearen ondoan kokatutakoan. Horretazohartu eta gero, «leku jakin batera egokitutako eskulturak» egiten hasi zen, eta horretan jarraitzen du. Erakusketak ere egiten ditu, eskaintzen zaion lekura egokitutako obrarekin kasu guztietan, baina eraikinen barnealderako enkarguetara bideratu du batik bat bere eskultore lana.
Koldobika Jauregik, aldiz, ez du obra norako den jakin arte itxoiten hura egiten hasteko. «Nik, normalean, nahi dudana egiten dut, eta, gero, egindako hori galerien bidez erakutsi eta saldu», dio. Baina enkargu asko jasotzen ditu galerietatik aparte. «Udaletxeen, enpresa handien eta horrelakoen enkarguak iristen dira, eta horiei erantzuteko ez baldin badaukat ezer, neurri jakin bateko lana eskatzen dutelako edo, orduan ex profeso horretarako lana egiten dut». Ez du, ordea, edozein enkargu onartzen. «Enkarguak soilik onartzen ditut erabateko askatasuna ematen didatenean. Horretan ez dut kontzesiorik egiten. Kontzesioak egiten hasiz gero, sekula amaitzen ez den bide batean sartzen zara. Baina normalean niregana datorrenak badaki zer egiten dudan, eta ez da arazorik izaten».
Interakzioa publikoarekin
Estudioan bere kabuz eta inoren enkarguari erantzun gabe egiten dituen lanak «ikerketa eta esperimentazio gunea» baino ez dira izaten Villarrentzat, gero sor daitezkeen proiektuei begira. «Niri benetan gustatzen zaidan lana proiektuak dira, enkarguak. Eskala handian lan egiteko aukera ematen didatelako, aurrekontu batekin eta jendearekin. Publikoaren aurreko aktuazioa edo interakzioa sortzen delako, galeria batean ez bezala, galeria batera joaten den ikuslea ikusle hutsa baita. Obra publikoan, ikuslea ez da ikusle soila. Parte hartzen du eta bizi egiten du obra. Jokabide bat hartu behar du haren aurrean».
Arkitekturan egindako interbentzioak dira Villarren lanetako asko: sabaiak, ateak, bi espazioren arteko bereizketa egiteko hormak, aterpeak… Banco Santander de Negociosen Madrilgo eraikinaren eta Santanderko (Espainia) Hotel Real hoteleko talasoterapia gunearen barnealdeetako interbentzioak dira haren lanen artean oihartzun handiena izan dutenetakoak. Villarri ez lioke minik emango inork bere lana, artea dela esan ordez dekorazioa dela esango balio, ez baitzaio hitz gutxiesgarria iruditzen, baina bera eskultore sentitzen da. «Nire lanak jendeari zerbait eragitea ere bilatzen du, intentzionalitate bat badago, sentipen bat sortzeko asmoa».
Jauregik ere ez du zalantzan jartzen Borobil etxearen aurrealdea, sarreretako ateak eta eskaileretako eskulekuak bere eskultore lanak direla, galerietan erakutsitako edo leku publikoetan ezarritako edozein eskultura bezala. Edo antzerki lanen eszenatokietarako egin dituen lanak bezala.
Artista etiketa baten azpian sailkatu eta artistak beti gauza bat eta bera egiten duela uste izateko joera okerra dago zabaldua, Muniategiandikoetxearen ustez. «Jendeak pentsatzen du zuk gauza bakarra egiten dakizula, eta hori normalean ez da horrela izaten».Horretarako aukera dutenek ausartago jokatu eta enkargu gehiago egin behar lizkiekete artistei, Muniategiandikoetxearen ustez, eta seguru dago artisten aldetik erantzun ona jasoko luketela.«Artistak lan egiteko modu bat du, tresna batzuk, hizkuntza bat, eta une jakin batean dago; ez dago orain dela zazpi urte zegoen leku berean. Jasotzen duen eskaerari, eskaera hori edozein delarik ere, une horri dagokion erantzuna ematen saiatuko da. Bertsolaria bezala, baina luzera».
Artea. Erakusketa aretoetatik kanpoko obrak
Artea noranahikoa da
Erakusketak izaten dira artisten lanak ezagutzeko ohiko bidea. Baina artistak prest egoten dira beren lana beste leku askorekin ere harremanetan jartzeko, eta batzuetan arte aretoak baino erakargarriago zaizkie horiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu