Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kulturaren Euskal Planaren lan ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur Donostian, Tabakaleran, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat eragilek, eta hurrengo urtean Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua sortuko dutela jakinarazi dute. Institutuaren zeregin nagusia "euskal arte eta kultura ekoizpena sustatzea" izango dela esan du Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak.
Zuzenbide pribatuko ente publikoa izango da. "Beraz, bere helburuak betetzeko behar adina autonomia izango du", haren esanetan. Zuzendaritza organoetan kultur arloko ordezkariek hartuko dute parte.
Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua, Jaurlaritzako Kultura Sailaren "beso exekutiboa" izango dela azpimarratu du Azkaratek, eta helburu hauek izango ditu, besteak beste: "Sortzaileak, enpresak eta profesionalak sustatzea, hezkuntzan eta ikerkuntzan, sorkuntzan, produkzioan, banaketan / erakusketan eta kultura hedapenean. Arteetan eta industria kulturaletan sartuta dauden sektoreen jarduera dinamizatzea. Sortzaileei eta kultura enpresei laguntzeko programak ebaluatzea eta hobetzea, jakintzaren gizartean agerpen aktiboa izate aldera. Euskal kultura ekoizpena hedatzea".
"Zehaztasun" fasean
Gaurko agerraldian, Azkaratez gain, Agustin Azkarate (kultur ondarearen arloko ordezkari gisa), Aizpea Goenaga (antzerkia), Laura Etxebarria (idazlea), Dora Salazar (ikusizko arteak), Blanca Gomez de Segura (artisautza), Jose Mari Sors (argitalpengintza, literatura eta itzulpegintza), Jose Mari Goenaga (ikus-entzunezkoa), Arantza Arzamendi (Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultur Ondarearen zuzendaria) eta Iñaki Gomez Sarasola (Kultura Sustatzeko zuzendaria) egon dira.
Kulturaren Euskal Plana "zehaztasun fasean" dagoela adierazi dute. Bederatzi plan operatibo onartu dituzte beste horrenbeste kultur arlotan.
2009rako beste egitasmo bat, Gasteizen, Bilbon eta Donostian Dantza Etxeak sortzea izango da. "Erreferentziazko eta elkarlanerako lekuak izango dira, dantzaren inguruko ekimen publiko zein pribatuak garatzeko eta, aldi berean, hauen ikusgarritasuna eta gizarte presentzia indartzeko".
Kultura
Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua sortuko dute datorren urtean
"Euskal arte eta kultura ekoizpena sustatzea" izango du helburu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kulturaren Euskal Planaren ildo nagusien aurkezpena egin dute gaur Jaurlaritzak eta hainbat eragilek. Hiriburuetan Dantza Etxeak ere sortuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu