Donostiako tabako fabrika zaharra kultura garaikidearen zentro bihurtzeko lanak apirilean hasi eta 2014ko abenduan bukatzea espero dute erakundeek. Lanok egin artean, ordea, Tabakalera izango denaren «bihotza» Arteleku sorkuntza zentroan gauzatzen joatea hitzartu zuten iragan abenduan. Helburu horri atzo jarri zioten abiapuntua, Tabakalerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako elkarlanerako hitzarmenarekin. Artelekun izenpetu zuten akordioa Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Miriam Anitua Tabakalerako zuzendariak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua eta Odon Elorza Donostiako alkatea lekuko zirela.
Ikus-entzunezkoen arloa izango da Tabakaleraren ardatza. Hitzarmenaren ondorioz, beraz, Artelekuk bere gain hartuko ditu Tabakaleraren ikus-entzunezko egitasmoak, egoitza zabaldu artean. Olanoren hitzetan, «sorkuntzaren inguruan Artelekun dagoen ezagutza eta Tabakalerak azken urteetan bildu duen esperientzia, biak uztartu eta elkarrekin lanean jarri» nahi dituzte. Azken batean, «sorkuntza ikus-entzunezkoen inguruan indartzea» eta esperientzia hori ikus-entzunezkoetara «bideratzea» da asmoa, ahaldun nagusiaren arabera. Hori Artelekuren beste jarduerak alde batera utzi gabe egin nahi dute. Bestalde, Tabakalerak ikus-entzunezko industriarekin elkarlana martxan jartzea nahi dute.
AHTaren geltoki berria
Finantzaketari dagokionez, Tabakaleraren Administrazio Kontseiluko erakunde bakoitzak—Jaurlaritzak, aldundiak eta Donostiako Udalak— milioi erdi euro jarriko ditu aurten. Baina, horrez gain, datozen hiru urteotan ia bi milioi euro gehiago jarriko ditu aldundiak: Tabakaleraren jarduerak garatzeko 450.000 euro urtero, eta funtzionamendurako beste 200.000 euro urtero.
Olanoren hitzetan, «Tabakaleraren proiektua urratsak egiten ari da». Harekin bat etorri zen Urgell, eta «bizirik» dagoela gehitu zuen. Artelekun «Tabakaleraren bihotza taupadaka» hasia dela ziurtatu zuen Elorzak.
Adostasun hori ez zen bera izan AHTaren geltoki berria Tabakaleran jartzeko aukerari buruz galdetu zitzaienean. EAJren proposamena asteartean eztabaidatuko dute Espainiako Kongresuan. Orain arteko proposamenek ez dutela proiektu arkitektonikoa aldatzen nabarmendu zuen Olanok, eta «aukerentzako espazio» deituriko 6.000 metro koadroei zein erabilera eman Administrazio Kontseiluak erabakiko duela esan zuen. Ez duela «pertzepzio» bera baina ados jarriko direla espero duela adierazi zuen Elorzak.
Artelekun hasiko dira garatzen Tabakaleraren ikus-entzunezko proiektuak
Hitzarmena sinatu dute horretarako, eta hiru urtetan ia bi milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu