Artea. Kontzeptua eta materia

Artetik arterako tartea

David Hockney eta Damien Hirst artista ingelesen arteko ika-mikak arte kontzeptualaren inguruko eztabaida betierekoa berpiztu du.

Damien Hirsten Spot Paintings serieko lan bat, New Yorkeko Gagosian Gallery museoan. David Hockney artista ingelesak Hirst erkidearen lan egiteko modua bortizki kritikatu du oraintsu, eta lanak egiteko laguntzaile talde handiak erabiltzen dituela esan. Mary Altaffer / AP MARY ALTAFFER / AP.
gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Marcel Duchampek Lehen Mundu Gerra baino lehen gernutoki hura (LaFontaine) arte sorkuntzatzat aurkeztu zuenean arte garaikideko obra garrantzitsuena egin zuenik ez zuen askorik uste izango. 2004an mundu osoko hainbat arte adituk esandakoaren arabera, artista probokatzaile frantses estatubatuartu hark New Yorkeko Artista Independenteen Elkartearen Saloian1917an aurkezturiko artelan hura da arte garaikidearen bilakaeran gehien eragin duen lana. Txizalekuak atzean utzi zituen Picassoren Avignongo andereñoak eta Gernika, eta Warholen Marilyn. Ia mende bat geroago, arte kontzeptualaren inguruan zenbait polemika eta eztabaida pizten eta berpizten direla ikusteak pixa egiterainoko barrea eragingo dio Duchampi, dagoen lekuan dagoelarik ere.

Baina hala gertatzen da. Azkena David Hockney eta Damien Hirst artista ingelesen arteko tirabirak eragin du. Duchamp izan zen aurrenekoetakoa, lehena ez bazen izan, artea edozer gauza izan litekeela aldarrikatzen. «Artea da arte deitzen duguna, eta, horrenbestez, edozer izan liteke artea». Hockney ez dago ados, nonbait, Duchampen punk kutsuko aldarriarekin. Royal Academy of Arts Londresko museoan erakusketa zabaldu zuen iragan asteartean Hockneyk. Erakusketaren harreran zera irakur liteke: «Lan hauek guztiak artista berak pertsonalki egindakoak dira».

Urtea hastearekin batera, Hockneyk hitzezko eraso bortitza jaurti zion Damien Hirst artista polemiko dirudunari. Hark bere obrak gauzatzeko laguntzaile talde handiak erabiltzen dituela egotzi zion. «Artisauei, artisau trebeei egindako iraina da». Egun tira handienetakoa duen margolaria da Hirst, 46 urteko artista ingelesa. Ezagun da mundu guztian animalia disekatuekin egindako eskulturengatik, eta diamantez osaturiko buru hezur garestiarengatik (78 miloi dolarretan saldu zuen). Zenbaitek espektakuluaren artistatzat dauka, eta beste zenbaitek artista kontzeptualtzat. Young British Artists mugimenduko kide izan zen, Londresko Golsmisth eskolan hezia 90eko hamarkadan, zeinetan kontzeptualtasunak eta artisten promozioak duten garrantzia bizia.

Hockneyk Hirsten lan egiteko moduaz esandakoa —laguntzaileak erabiltzearena—«lelokeria» bat iruditzen zaio Alain Urrutia margolariari (Bilbo, 1981). «Are gehiago, jakinez gero hori esateak artearen historiaren parte handi bat ukatzea esan nahi duela. Michelangelok bakarrik pintatu al zituen ba bere lan guztiak? Edo Duchampen lanak ez dauka baliorik berak ez zuelako egin La fontaine lanaren modukorik?».

Artea ala poesia?

Horretan ados daude hango eta hemengo teoriko nahiz artista gehientsuenak. Ismael Manterola BERRIAko arte kritikariak ez du inolako arazorik ikusten objektuak beste norbaitek egite horretan: «Ideiak eta zuzendaritza artistarena izatea, eta egitea bera beste norbaitena. Arkitekturan horixe gertatzen da, eta inork ez du esaten Guggenheim ez dela Gerhyrena».

Baina Hockneyren hitzen atzean beste eztabaida sakonago bat ere badago. Hirsten lan egiteko moduarekin eta artearen kontzeptuarekin desadostasunean soilik ez, mindua ere agertu da David Hockney. «Arte eskolan nintzela behin eta berriro esan ohi nuen nik teknika erakuts zenezakeela, baina poesia ezin dela erakutsi. Baina orain poesia erakusten dute, eta ez teknika». Ez da eztabaida berria, ezta soilik artearen mundukoa, edukiaren eta edukiontziaren arteko harremanarena.

Alain Urrutiak egunerokotasunaren irudiak lantzen ditu margoaren bidez, une horiei beraiei balio artistikoa erantsiz eta berrazterketa estetiko bat proposatuz. Urrutiaren ustetan, «izan daiteke gaur egun kontzeptuari ematea garrantzi handiagoa» artea ikasteko orduan, baina orain dela gutxi arte «alderantzizkoa ere» gertatzen dela dio, «teknikari baino ez zitzaiola garrantzia ematen; garaiaren arabera aldatuz joan da, eta ez dut uste horrek gerora artean eta artistek egingo duten lanetan eraginik duenik».

Duchampek Lehen Mundu Gerraren bezperatan artearen mundua asaldatu zuen, objektu bat sortu beharrean edota materia bat landu beharrean, eguneroko objektu bat bere horretan artelan modura aurkeztean. Baina artea ulertzeko modu tradizionalak Bigarren Mundu Gerarren ostean izan zuen haustura, pixkanaka eskultura eta pintura egiteko ohiko moldeak baztertu eta ideia edo kontzeptuak beste modu batera, objektuari eta materialari hainbesteko garrantzirik eman gabe, lantzen hasi zirenean artistak. Geroztik aldian-aldian errepikatzen den eztabaida da arte kontzeptualaren ingurukoa.

Artistari berak ere barruan sortu zaio, lehenago edo geroago, eztabaida hori. «Gatazka horretatik ia denok igaro gara», dio Koldobika Jauregi eskultoreak (Alkiza, Gipuzkoa, 1956). Zura eta harria erabili izan ditu batez ere Jauregik, eta materiaren izaeran edo adierazkortasunean du oinarri haren langintzak. «Materiak ofizioa ekartzen du. Behin ofizioa menderatuta, buru prozesua hasten duzu. Zer kontatu nahi duzun eta nola kontatu nahi duzun. Trebetasun bat behar da sagar bat marrazteko, baina denborarekin hasten zara pentsatzen zertarako margotu nahi duzun sagar hori. Zer kontatu nahi duzun sagar horrekin, edo marra batekin edo mantxa batekin...».

Zer kontatu hori «hitzontzikeria» bihurtzen denean sortzen da arazoa, Jauregiren aburuz. Gazte jendearekin harremana sarri izan du eskultoreak, eta «harritua» geratu izan da zenbaitetan. «Normalean, etorri izan dira oso gaizki prestatuta, eta arte historia bera ia ezagutzen ez dutela». Horren ondorioa izaten da «kontzeptuaren atzean ezjakintasuna eta inpotentzia ezkutatzea». «Gaur egungo artista askok eta askok ez du batere ofiziorik, eta horrekin gauza asko tapatzen dira. 'Jendeak ez du ulertzen', esaten dute sarri, aitzakia modura. Artea gutxi esplikatu behar da. Artea sortzen da hizkuntza ez erabili behar izateko. Artista asko bihurtzen dira teoriko eta maisu, eta, artean, materia menperatzeko gaitasun faltak bultzatzen du hitzontzikeria».

Aldaketak artearen historian

Artearen historian batetik besterako aldaketak izan dira etengabe. Momentu batzuetan, esaten denari begiratzen zaio; besteetan, ordea, esateko moduari. Erromantizismoa, errealismoa, espresionismoa, arte abstraktua, supramatismoa, dadaismoa, arte kontzeptuala, espresionismo abstraktua, kontzeptuala eta hiperrealismoa diraazken 100 urteetan artean izan diren mugimendu eta aldaketak, gutxi-asko. Horietako batzuek ideiari eman diote garrantzia, beste batzuek emaitzari, eta zenbaitek bien arteko orekari ere bai. «Nire aburuz, oreka da beharrezkoa artea egiteko orduan, zeresan eta emaitza jakin baten bila aritzea eta formak ideiak azaltzeko balio izatea, nahiz eta historikoki bestelako muturreko ariketak ere egin diren... eta gaur egun ere horrelakoak egon behar diren, aurrera begira aldaketak eragiteko baino ez bada», irizten dio Urrutiak.

Arte kontzeptualean muturreko ariketak eta mugimenduak ugariak izan dira: Robert Rauschenberg eta Jasper Johns artista estatubatuarrek pintura eraldatu zuten, eguneroko objektuak erabiliz eta ustekabeko ekintza moduan aurkeztuz. Fluxus mugimenduak 60ko eta 70eko hamarkadetan izan zuen arrakasta handiena AEBetan, Europan eta Japonian. Ohiko artelana merkantzia izatearen aurka azaldu zen eta antiarte gisa definitu zuen bere helburua. Actiong painting-a, mail art-a eta bideolangintza nahiz performance-etan oinarrituriko beste hamaika mugimendu izan dira abangoardiako.

Arte kontzeptualaren muturreko ariketatzat hartu zuen zenbaitek Jon Mantzisidor artista eta musikariak (Zumaia, Gipuzkoa, 1973) 1999an aurkezturiko Zapatilak lana ere. Azafata bati zapatila urdin parea jartzea zen lanaren funtsa, ideiaren muina. Artista Gazteen Lehiaketako hirugarren saria irabazi zuen.

Arte kontzeptualaren eta objektualaren, edo materiaren adierazkortasunari garrantzi handiagoa ematen dionaren artean gatazkarik ez du ikusten Mantzisidorrek. «Nire ustez, hitzak ere materia dira, eta ideiak ere bai». Horrenbestez, «banandu ezin» diren arlotzat ditu kontzeptua eta materia. «Itxuraz ideietan oinarritzen den» lan batek sortzen dituen «jarrera bortitzak» harrigarri zaizkio: «Jendea erasoa sentitzen da paper zimurtu baten aurrean, eta ez bi tonako ume baten buruaren aurrean, Martin Creed eta Antonio Lopezen kasuak konparatuz. Badirudi egindako lana, alegia, eskulana, erabilitako denbora, balio ekonomikoa eta horrelako gauzak direla kontuan hartzen direnak». Azken boladan, musikari emanago ibili izan da Mantzisidor (Karidadeko Bentan aurrena eta Gora Japonen hurrena), baina, berriro ere, arte sorkuntzan bete-betean sartzeko asmotan dabil. «Oraintxe izozkailuan jelaz egindako eskultura bat daukat, eta ez nuke jakingo kontzeptuala ala objektuala den!».

Arte kontzeptualaren eta objektualaren arteko aurkakotasuna «ez da batere egokia», Ismael Manterolaren iritzian: «Normalean, arte gehiena objektua izaten da eta egiteko kontzeptua erabili da, definizioaz arteak bi osagaiak izan behar dituelako. Baina artisten artean ez dago gatazka handirik, tarteka eztabaida jakin batzuk izan daitezke».

Bidea eta emaitza

Jose Ramon Anda eskultoreak (Bakaikua, Nafarroa, 1949) Manterolarenaz bestelako ikuspegia dauka. «Ez luke egon behar, baina gatazka badago. Nik uste dut ez dagoela arterik ideiarik gabe. Obra batzuetan ideia egon liteke presenteago edo kontzeptualizatuago». Baina, egun, «artista diskurtsibo hitzontziaren garaian» bizi garela uste du, Koldobika Jauregiren ideiarekin bat eginez: «Ikusi izan ditut obra kontzeptualak asko interesatu zaizkidanak, baina aitortu behar dut kasurik urrienak izan direla. Zenbaitetan, astunkeria hutsak iruditzen zaizkit. Hori esanez gero, karkatzat hartzen zaituzte. Baina niri berdin zait zer pentsatzen duten nitaz. Ez dudana egingo da edozer gauza ustez maila gorenekotzat hartzea. Eskulan artisanala, materiaren ezagutza, lanbidearena, erabat gutxietsia dago egun artean», Andaren iritzian.

Artea ulertzeko moduak zedarritzen du eztabaidaren muga. Batzuentzat, bidea ezinbestekoa da; besteentzat, emaitzak du azken hitza. Batzuek gernutoki hutsa ikusten duten lekuan, besteek ideiasaldoa ikusiko dute. Donostiako Arteleku Zentroan zaildutako belaunaldi sarriaren ordezkarietako bat da Maider Lopez (Donostia, 1975). Besteak beste, ezagun da 2005ean Zumaiako hondartzara joandako guztiei toalla gorri bat emanez sorturiko lan kontzeptuala. Hirsten arte ikuskera espektakularrarekin ez du bat egiten, baina bai kontzeptuaren garrantziarekin: «Badira proiektuak zeinetan eskulana oso inportantea den, eta badira beste batzuk zeinetan ez den. Gauza da zer lortu nahi den jakitea. Obraren balioa ez dago hura egiteko zailtasunean, ezta teknikaren zailtasunean ere. Gauza bera lortzen badugu, berdin dio oso teknika errazarekin edo konplexuarekin. Lortzen dena da kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.