Dominique A (1968, Provins, Frantzia), emazte edo gizon izena izan daiteke, eta horrekin jolastu du betidanik artistak. Hori baino gehiago ere, aldarrikapen puntu garrantzitsu bat izan du bere ibilbidean. Hark azaldua duenez, telefonoz deitzen duelarik oraino, ezezagun bat badu beste puntan, ezezagun hori usu nahasten da, eta emaztea dela uste. Kantatzerakoan indartu duen nahasmena izan da, hastapenetan bereziki, ahotsa gaineko notetan dantzan zintzilikatuz.
Irria ezpainetan, «kantu transgeneroa» egiten duela errana izan du. Bere izena eta izana markatzeko garaian, bide hori zuen hautatu. 80ko hamarkada bukaerako garaietan zen, Ingalaterrako shoegazer mugimendua zuen erreferentzia nagusi, erran nahi baita, literalki, «zapatei begira daudenak».
Hau da, «gizontasunik ez hori asumitu nahi nuen. Gustukoa nuen maskulinitatea eta gizontasuna falta izatea nire kantuetan. Maskulinitatearen eta feminitatearen arteko mugak nahastea. Diskurtso handietan sartu gabe». Kantu «asexuatua» nahi zuen: «Kantuak errealitatetik at izatea. Lurretik at. Horren guztiaren gibelean ez dadin gorputzik izan». Bide batez, orduko Frantziako rocka zuen ukatu nahi, eta, horrekin batera, rock horrek «goraki adierazten zuen matxismoa».
Maskulinitatearen balioetan ez zuen bere burua ezagutzen, «ez nuen neure burua arras gizon sentitzen». Bere kantu ezagunetako bat du Le courage des oiseaux(Txorien kuraia), eta horixe izan daiteke horren adierazle. Un disque sourd (1991) bere lehen diskotik jalgi kantua da. Aurtengo urtarrilean kantariak bere 20 urteko ibilbide artistikoa ospatzeko berrargitaratu duena, hain zuzen, beste zazpi lanekin batera. Gizontasunak eta kuraiak «desgustatzen» zuten, eta haurtzaroa «usteldu» zioten. Horiek kontatzen ditu, preseski,argitara eman duen Y revenir (Stock) liburuan. Hori ere, aurten argitaratua du.
Dominique Ane bere egiazko izenarekin izenpetu duen liburu horretan Paris ondoko Provins hiri ertainean bizi haurtzaroa kontatzen du. 15 urterekin joan zen handik. Hiriak nerabe garaiko zailtasun eta umiliazio zenbait islatzen ditu; hain zuzen, «kuraia eskas» horri lotuak. Hortaz, hark esplikatua duenez, ez da arras kasualitatea kuraia kontu batekin lortzea bere izena ezagutaraztea.
Orduz geroztik, aldarrikapena beti hor nonbait atxikitzen badu ere, «heldutasun bat» jaso duela deritzo. Eta kantatzeko orduan ere, ahotsa nota apalagoetara pasatu du. Baina, halere, segitzen du pentsatzen «artista baten baitan, interesgarriena bere alde femeninoa» dela.
Irudiak soinuen bidez
Garai hartan, zein orain, «soinuen bidez irudiak sortzeko» nahia beti atxiki du. Vers les lueurs diskoan, adibidez, Miarritzeko Atabalenbihar 21:00etan aurkeztuko duenean, haize instrumentuak sartu ditu soinu elektrikoen ondoan, kontrasteekin jolastuz: «Eta noizbehinka kantuen zentzua bera kontrajarriz». Diskoa, bederatzigarrena duena, haren lan hoberenetako baten gisa aurkeztu du kritikaren munduak. Artistaren betiko lirismoak dimentsio berri bat hartzen du. Horrekin jolasten da, noiztenka hantzen du, bestetan hausten.
Hark azaldu duenez, lan egiteko era «aski intuitiboa du. Ping-pong joko bat da musikari eta soinu ingeniariarekin. Truke bat». Eta, beraz, konkretuki nola lan egiten duen esplikatzea zaila egin zaio. Baina, bai, lan anitz da: «Egia da hurbiletik segitzen ditudala musika egokitzapenak. Egia da, halaber, hasi nintzen garaian, La chanson française deitzen den horretan egokitzapenei ez zitzaiela kasu handirik egiten. Usu gertatzen zitzaidan kantu bat gustukoa izatea, baina egokitzapenen aldetik gaizki moldatua zela pentsatzea, nire eragin ingelesei begira. Eskas bat bazegoela iruditzen zitzaidan». Horretaz oharturik, hark betidanik garatu du kantuen alde musikala: «Bai, testua garrantzitsua da, anitz lantzen dut, baina nire helburua da, idealki, nire kantuak bereganatzen dituen entzuleak ez ulertzea zer diodan. Soinuak berak zentzua dakar, ene ustez. Testuaren zentzua baino haratago».
Zuzenekoaren plazera
Bihar ez da haize instrumentuek osatu orkestrarekin etorriko Miarritzera. Biraren lehen zati hori bururatua du. Orain, diskoa berriz moldatua du. Eta bide batez, kantu zaharrak ere gehituak dizkio bere zuzenekoari. Hori bai, ahal duen guztia emateko prest dator. Azkenaldiko kontzertuek, bi oren, bi oren eta laurden iraun dutela azaldu du. Izan ere, taula gainari dagokionez, aspaldian urrundua da zapatei begira kantatzen dutenetatik. Kantuak bere txokoan lantzea izan badu gustuko luzaz, publikoarekiko harremana «opari» baten gisa du orain. Emeki-emeki «plazera» eskuratzea lortu du. «Ohartu nintzen diskoari begira kantuek intentsitatea irabazten zutela taula gainean».
Beste artistengandik itxaroten duena eskaintzen ahalegintzen dela dio: «Ikusle gisa gustukoa dut taula gainean musikariak inplikaturik ikustea. Indar handi bat sentitzea. Gorroto dut musikariek publikoa behartzea esku zartekin jolastera. Eta ondorioz, bada, musikari gisa, nihaur saiatzen naiz gauza hori ematen». Jakinez, halere, luzaz jotzen duela. «Publikoak hori nahi badu», dio, beti irriz.
Dominique A. Konpositore, musikari eta kantaria
«Artista baten baitan, bere alde femeninoa da interesgarriena»
'Vers les lueurs' diskoa aurkeztera dator Miarritzera bihar; haize instrumentuen eta elektrikoen arteko lirismoak josten duen honekin 20 urteko ibilbidea biribildu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu